GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Gorputz eskakizuna


EHUn elikadura-asalduren gainean eginiko azterketa baten ondorioak plazaratu dira berriki. Nerabeak aztergai, irakurtzen hasterako ziur nintzen berandu barik laster irakurriko nuenaz: neskek jasaten dituzte arazo mota horiek neurri handiagoan, gazteagorik, luzaroagoan, bortitzago. Zelan ez, logika hutsa da, emakumearen perfektutasun fisikoa goragaleraino goresten duen munduan; ereduak eredu, lehen bezala orain ere emakumearen gorputzarekiko epai zorrotzak txikitatik eta nonahi barneratzen direnean.

Ezer berririk ez ostertzean, esan genezake. Denok ez ditugu modu berean kudeatzen barne zein kanpo presioak, jakina, eta neskato askok, beste hainbeste emakumezkok bezala, harreman gatazkatsua garatzen dute beren gorputzarekin, beren buruaren etxearekin. Hauskorra delako nork bere burua ez suntsitzeko eta daukana ahalik eta ondoen kudeatzen eta zaintzen ikasteko eskoletan eta familiartean egiten den lan eskerga, kanpoaldetik datorkigun irudi-iritzi-eredu bonbardaketak gero eta sarbide gehiago eta gero eta iragazki gutxiago dituenean. Gero eta zabalagoa da, gainera; izan ere, aipatu azterketaren emaitzen arabera, mutikoak gero eta kopuru handiagoan garatzen ari dira euren gorputzarekiko pertzepzio arazoak, frustrazioak eta, ondorioz, elikadura-asaldurak eta beste, bigorexia, kasu.

Gizontasun-eredu tradizionalari, lehen ez bezala, emakumeoi esleituriko edertasun-eskakizuna –horrela, arrakastarako eta zoriontasunerako ezinbesteko baldintza gisa– txertatzen ari zaio. Beharbada, helduta daudenak libratuko dira presio hori jasatetik; areago, txorakeria hutsa irudituko zaie, eta dezenteko lanak izango dituzte semea halako arazoren batekin azalduta hari behar bezala ulertzea eta laguntzea. Beldurra ematen du aita askoren erreakzioa irudikatze soilak.

Samingarria da ohartzea emakumeon gorputz perfektuaren tiraniaren kontra sutsuki borrokatzen ari garenean, bestetik tirania horixe bera ezartzen ari zaiela gero eta gehiago, nabarmenago, gizonezkoei ere. Mundu eskizofrenikoan bizi garelako, irudiaren erresuman, etengabe irudikatuz badakigula besteek gugandik desiratzen dutena, generoaren arabera bereizita, burmuin bi eta desira-mota bi besterik ez balego bezala. Horixe da besteren gainetik jendartean nabarmenen hautematen duguna, horixe delako betidanik eta, zenbaitek nahi bai, betiko ezarritako ildo «ofiziala».