30 MAR. 2015 Surfa XXL olatu handietako izendapenak azken txanpan Haritz Larrañaga Los Angeles 2014/2015 WSL Big Wave Awards hautapenetarako hautagaiak izendatu dituzte. Beraz, urtebeteko tartean mundu osoko urautsietan bildutako olatu handien irudi finalistak hautatuak dira dagoeneko. Puerto Escondido (Mexiko), Nazare (Portugal), Jaws (Hawaii), Maverick's (AEB) eta gisako urautsietan hartutako olatu erraldoiak izan dira aurtengoan ere protagonistak. Munduko olatu handietako irudien txapelketako zuzendari Bill Sharp estatubatuarraren esanetan, «aurtengoa, mundu osoan sekulako urtea izan da olatu handiei dagokienez». Balitekeela azken urteetan izan den sasoi onena ere izatea esan zuen txapelketa ospetsu honetako arduradunak: «Ziur aski, mundu osoko urautsi eta surflari gehien bildu dituen lehiaketa izan da aurtengoa. Ez dut halako parte hartze zabalik ikusi azken hamabost urteetan». Olatu handietako irudien txapelketa, ordea, oraindik ez da amaitu. Lehen bi faseak amaitu dira, orain finalean diren lehiakideen irudiak hautatu dituzte, baina Sharpen esanetan, irabazleak zeintzuk diren maiatzaren 1ean Kalifornian egingo duten urteroko ekitaldian emango dute aditzera: «Aurtengoa, surfarentzat urte eroa izan da. Lehen aldiz WSL erakundearen babesa jaso du txapelketak eta orain maiatzaren 1erako prestatzen ari gara». Axi Muniain arraun eginda hartutako olatu handienaren kategorian hautatuta zegoen, baina ez du finalera pasatzeko izendapena lortu. Bere kategorian izendapenak lortzeko bost postu zeuden eta horietatik bi Grant Baker iazko olatu handien itzuliko txapeldunak eskuratu ditu. Berarekin batera, finalean dira Damien Hobgood, Jamie Mitchell eta Nic Vaughan. Kategoria berean bi izendapen lortu dituen beste lehiakidea Sahne Dorian da, urteko olatu handietako surflariaren kategorian bi bider izendatu baitute.