GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
ALDA FACIO
GENERO GAIETAN ADITUA

«Lortutako eskubideak ez galtzeko beti erne egon behar dugu emakumeok»

Costa Rican jaioa, genero gaietan eta giza eskubideen alorrean egin duen lanagatik egin da ezagun. Legelari eta idazlea Nazio Batuetako Cedaw batzordeko (Emakumeen aurkako Diskriminazio Era guztiak Ezabatzeko Batzordea) hizlari berezia da egun eta NBko Idazkari Nagusiaren emakumeen kontrako indarkeriari buruzko aholkularia izan da. Emakundek gonbidatuta Euskal Herrian izan da egunotan.


Lorpenak ikusteko gai da, baina horrek ez dio lortzeko daudenak errekonozitzeko begirada lausotzen. Eskubideak eskuratu egiten direla dio, baina «une oro defendatu» behar direla. Horregatik deia egiten die emakume gazteei, «gainerakoan, lortutakoak nola gal daitezkeen» ikusi beharko dute-eta.

Emakumeen eskubideei lotuta, horiek irabazteaz eta galtzeaz mintzo zara, atzerakada nabari duzu?

Nik nahiago dut emakumeen giza eskubideez mintzatu emakumeen eskubideez baino. Asko kostatu zitzaigun adjektibo hori lortzea. Lehenik emakumeen eskubideak eskuratu genituen eta 1993 arte ez ginen iritsi gure eskubideak giza eskubide gisa aitortuak izatera. Nola lortu zen hori? Antolaketa eta mugimenduei esker. Nik sekula aurretik, eta ondoren ere, ikusi ez dudan antolaketa bati esker lortu zen hori. Mundu guztiko emakumeak batu ziren emakumeen eskubideak giza eskubideak direla eskatzeko. NBEri eskaera egiteko prozesu horretan, maila lokalean eskubide asko lortu ziren. Emakumeak boteretu egin ziren eta hori da, hain zuzen ere, garrantzitsua. Izan ere, alferrikakoak dira besterik gabe emanak diren eskubideak. Beharrezkoa da emakumeak boteretzea eta sinestea eskubideak dituztela eta bere duintasun eta balioak gizonen berdinak direla, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak dioen moduan.

Une honetan atzerakada bat dagoela nabarmentzen dugu mundu mailako hainbat feministek. Egia da aurrerapausoen aurrean beti erantzun bat ematen dela, baina ez da hori bakarrik. Kapitalismoa ere erantzuten ari da. Gero eta diru gehiago gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan dago, eta hori lortzeko pertsonen eskubideak murriztu behar dira halabeharrez: lan eskubideak, erretirorako eskubidea, zaintzako baliabideak izateko eskubidea... Horrek guztiak emakumeengan zuzenean eragiten du. Paperean eskubide berak ditugu, baina ezin ditugu modu berean gozatu, gehiegizko lan karga dugulako gure bizkar. Maiz emakumeon lanaldi bikoitzaz hitz egiten da, baina hirukoitza dela esatera atrebituko nintzateke. Izan ere, lan merkatuan eta etxean egiten den lanaz gain, eskubide gehiago ez galtzeko borroka egin behar dugu emakumeok.

Eskubideak mantentzeko behar adina lanik ez dela egiten uste duzu?

Ezjakintasun handia dago politikaren eta eskubideen funtzionamenduaren inguruan. Eskubideak konkistatu egiten dira, baina une oro defendatzen egon beharra dago, beti erne. Beti daude, izan ere, interes ekonomiko eta politikoak horiek kentzeko prest daudenak. Munduan barrena dauden estatuek ez dituzte herritarrak defendatzen, batez ere, statu quo-a eta botere ekonomiko gehien duten pertsonen pribilegioak defendatzen dituzte. Estatuek beren bizilagunen eskubideak defendatzea galdu da eta pertsona horiek baimendu egiten dute. Nolabait kapitalismo neoliberala naturalizatu egin da, antolatzeko modu bakarra dela sinetsarazi zaigu. Horrek ez duela funtzionatzen ikusten dugu, baina ikusita ere horretan jarraitzen dugu.

Estatuak obligazioa du herritarren eskubideak errekonozitzeko, errespetatzeko, babesteko eta bermatzeko, hori da estatu demokratiko bat. Giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak estatuei aginduak ematen dizkie. Estatu espainolak uztailean aurkeztuko dio Cedaw batzordeari txostena. Batzordeak gauza asko esango dizkio Espainiari, baina posible du ezer ez egitea. Herritarrak gara aholku horiek hartu eta estatuari horiek betetzeko exijitu behar diona.

Emakume gazte asko berdintasun faltsuaren itzalean jaio dira, nola batu haiek aipatzen duzun borrokara?

Bai, emakume gazte askok uste dute berdintasunean bizi direla, baina ez da lortu, borrokan urteak daramatzagunok behin eta berriz esan dugu hori. Gauza batzuk lortu ditugu, baina ez dugu patriarkatua garaitzea lortu, ezta gutxiagorik ere. Patriarkatua mantentzen da, berdintasunean bizi garela sinetsarazteari esker. Entzun izan dut gure belaunaldian desberdintasunak ageriagoak zirela eta horrek borroka erraztu zuela. Gogora ekarri behar da egoera zaila zela eskubide asko ez genituelako. Zaila zen, eta halere, emakume askok borroka egin zuten. Nik dei egingo nieke egungo emakume gazteei, beren eskubideen alde borroka egiteko antola daitezen eskatuz; gainerakoan, atzera nola egin daitekeen ikusiko dute-eta. Gal daiteke eta ikusten ari gara. Hemen aborturako eskubidea ia galdu da eta Latinoamerikako herrialde askotan galdu da. Indarkeria ere naturalizatu egin da eta feminista hainbatek onartzen dute –oker, nire ustez– emakumeak harreman sadomasokista bat hautatzea edota estetika operazioak egitea. Arriskutsuak dira eta emakumeei sinetsarazten diete aukera librea egiten dutela, nahiz eta eurentzat kaltegarriak izan.

Hautatu ahal izateko aukerak asko izan behar dira.

Horixe. Emakume askok uste dute amatasunaren alde egiten dutenean, lan arloan aurrera egiteko aukera galdu dutela. Ez dira ohartzen ez dela horrela, ez dela bata edo bestea aukeratzea. Gizarte batek bermatu behar die emakumeei ibilbide profesionala eta amatasuna, gizonei beti bermatu izan dien moduan. Gizartea ez da antolatu amek lan egin dezaten inolako gainkosturik ordaindu gabe. Zenbait herrialdetan haurrak zaintzeko erretiratzen diren emakumeei abantailak ematen zaizkie berriz ere lan mundura itzultzen direnean. Horiek ere galtzen ari dira, kexatu direlako emakumeei pribilegioak ematen zaizkiela. Gizonei ezin zaizkie eman, egia da, lehen ere badituzte-eta. Lan ordainduan araua jartzeko erabiltzen den oinarria gizonezkoa da, alegia, ama izan behar ez duen pertsona.

Azkenaldian amatasunaren inguruko diskurtsoa indartzen ari dela ohartarazten ari dira.

Kanadan eta AEBetan aspaldian gertatu zen... Krisi ekonomikoetan gertatzen da hori. Guztientzat adina lanik ez dagoenean emakumeei agintzen zaie lan merkatutik ateratzeko, modu horretan gizonek lan egiteko aukera gehiago dutelako. Kontua da gero emakumeek prezio handia ordaintzen dutela, eta asko pobretuta ikusten direla ondoren.

Horretan gizonek ere badute zeresana, ezta?

Arlo publikoan aurrerapen handiak egin dira, baina ez arlo pribatuan, ez baitugu gizonen modu berean parte hartzea lortu etxeko eta zaintza lanetan.

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea da beste lehentasuna.

Bai noski. Emakumeen aurkako indarkeria larrialdi mundial gisa aitortu da. Oso indartsua da munduko herrialde guztietan. Lorpena ikusgarri egin izan da; izan ere, lehen emakume bakoitzak bere baitan bizi eta onartzen zuen. Horretan aurrerapen handia egin dugu, baina, aldi berean, teknologiaren bidez indarkeria modu berriak sortzen ari dira. Indarkeria oinarrian diskriminazioa da, eta hori jada NBEn onartu zen 1993an. Pertsona bat bestearen gainetik jartzeak dakar indarkeria hau. Emakume bat bortxatzen duen gizonak ez du kontu sexualagatik egiten, botere kontuagatik baizik. Gauza bera etxean edota lan munduan. Lotura hori jendeak gogoan hartzea asko kostatzen da oraindik.

Pentsamoldeetan eragin behar da.

Bai. Cedaw-ko bosgarren artikuluak dio estatuek kultura aldatzeko beharra dutela, emakume eta gizonen rol tradizionalak aldatu behar dituztela eta horretan ez da lan handirik egin. Uste izan dugu lege mailan lortutako aldaketekin nahikoa zela, baina ez da hala. Uste dugu borroka eskubideak idatziz jasotzean amaitzen dela, baina hurrengo pausoa eta garrantzitsuena pertsonen buruetan txertatzean datza.