06 AVR. 2015 Surfa Australian surf egin zuen bertako lehena emakume bat izan zen Egunotan Australia surfaren hiriburu da, bertan ari baitira egiten lehen mailako munduko itzuliko surf txapelketak. Australia aitzindariaizan da kirol honen garapenean, baina nola izan ziren hastapenak? Nor izan zen Australian surf egiten lehena? Hona zenbait datu. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Sydney Australiara surfa 1914an heldu zen. Duke Kahanamoku hawaiiarrak eraman zuen kirol hau uharte erraldoira eta ordutik hazi baino ez da egin Australia osoko kostaldean. Duke Kahanamoku 1914an Duke Kahanamoku munduko igerilari ezagunenetakoa zen eta maiz gonbidatzen zuten munduko leku desberdinetan igeriketa erakustaldiak egitera. Dukek Hawaii eta bertako ur epelak maite zituen, baina munduko beste herrialdeak ezagutzeko zaletasuna ere bazuen, eta, hala, Australiara ontziz joateko gonbidapena onartu zuen. Sydney inguruko igerileku eta hondartzetara joateko gonbita Cecil Healy igerilariak igorri zion. Healyk bigarren postua eskuratu zuen Dukek ehun metroko igeri lehiaketan urrezko domina eskuratu zuenean, eta, beraz, elkar ezagutzen zuten. Hala ere, ofizialki, gonbidapena Australiako Igeriketa Elkarteak egin omen zion. 1914ko azaroaren 30ean ontziratu zen Duke Australiara bidean, 19 urteko George Cunha igerilari ezaguna eta Francis Evans talde zuzendaria lagun zituela. Duke bi aste geroago iritsi zen Sydneyra. Prentsak igerilari hawaiiarraren bidaiaren jarraipen zabala egin zuen eta sekulako ikusmina sortu zen australiarren artean. Mundu osoak zekien Duke igerilari aparta zela, baina australiarrek Dukek olatu gainean egiten zuen kirol bitxi baten berri ere bazuten, eta, surf taula ekarri ote zuen galdetu ziotenean, honela erantzun zuen: «Niri Australian surf taulak ez zeudela baimenduta esan zidaten». Bere erantzunak jendearengan eragindako etsipen aurpegiak ikusita, ordea, zera gaineratu zuen hawaiiarrak: «Baina, tira, taula bat hemen bertan ere egin dezaket!». Esan eta egin. Freshwater hondartzako sorosleen elkarteko kideekin elkarlanean, abenduaren 20an taula bat nola egiten zen irakasten hasi zen Duke. George Hudson izan zen Dukek taula egin ahal izateko zurezko ohol bat lortzeaz arduratu zen morroia. Bederatzi oineko luzera, bi oineko zabalera eta hiru hazbeteko lodiera zuen azukre-pinu ohol bat ekarri zuen Hudsonek, eta horrekin hasi ziren lanean. “The Sun” egunkariak 1914eko abenduaren 24ean argitaratu zuen artikuluan honela deskribatzen zituen Dukek Australian egin zuen taularen berezitasunak: «Kahanamokuk erabilitako taulak 78 libra pisatzen zituen (35 kilo). Sekuoia zura nahiago zuen Dukek, baina berak nahi zuen luzera izango zuen taula egiteko sekuoia ohol handi bat lortzea erabat ezinezkoa da Australian». Lehen surf elkartea Freshwater Life Saving elkarteak uretako salbamendu eta sorosle ekimenak bultzatzen zituen, baina ur kirolak sustatzen hasi zen eta zenbait txapelketa egin zituzten modalitate desberdinetan. Elkarte hau beraz, Australiako lehen surf elkarte bilakatu zen, izan ere, elkarte honetako kideak izan ziren Dukerekin surf egiten hasi eta kirol hau sustatzen hasi zirenak. Antza, bi egun baino ez zituen behar izan Dukek taula egiteko. Izan ere, abenduaren 22ko prentsak hurrengo egunerako surf erakustaldi bat iragarri zuen Freshwater hondartzan. Horrela, 1914ko abenduaren 23an, asteazkena, goizeko hamaiketan egin zen hainbeste ikusmin piztu zuen Dukeren erakustaldia. Nick Carroll surf kronikari ezagunaren esanetan. «Dukek bi erakustaldi egin zituen. Bata abenduaren 24an izan zen, eta Freshie igerilari elkarteko kideak eta zenbait kazetari bildu ziren. Bigarren saioak oihartzun askoz ere handiagoa izan zuen, 2015eko urtarrilaren 10ean izan zen eta Lethmanek surf egin zuen. Surf erakustaldi gehiago ere egin zituen Cronulla eta Dee Why hondartzetan». Isabella Lethman Ikusleen gozamenerako abileziaz menderatzen zuen zurezko taula astuna hawaiiarrak, eta mugimendu zailak egiten zituen, inongo eragozpenik gabe. Momentu batean, Isabella Lethman 16 urteko bertako neskatoa gonbidatu zuen berarekin surf egitera igerilari ezagunak. Horrenbestez, elkarrekin olatuak hartu eta tandemean surf egiten aritu ziren biak. Gauzak horrela, Australian surf egin zuen bertako lehen surflaria neska bat izan zela esan daiteke. Gero, Lethmanen atzetik, gizonezko lehen surflari ofiziala Claud West izan zen. Geroago, Freshwater elkarteak, Australiako lehen surf txapelketa antolatu zuen: Australian Board Riding Champion of the Freshwater Surf Club. Hain zuzen ere, Claud West bera nagusitu zen. Historialari batzuen arabera, Duke Australiara iritsi aitzin baziren surf egiten saiatu ziren australiarrak. Edonola ere, Dukek Sydneyko hondartzetan egin zituen erakustaldien ostean hasi zen jendea Australian surf egiten, eta, ordutik aurrera, zaletasunak sekulako indarra hartu zuen. Hurrengo hamarkadetan taulen diseinuak ez zuen aldaketa handirik jasan eta Dukek irekitako bidea jarraitu zuten australiarrek, baina, 40eko hamarkadan, taula arinagoak agertu ziren eta horrek surflari kopurua asko igo zuen. Historialariek diotenez, munduko lehendabiziko txapelketa ofiziala 1964an izan zen, Australian, Manlyko hondartzan eta 65.000 pertsona bildu ziren. Irabazleak bi australiar izan ziren; mutiletan Bernard Farrelly Midget, eta, nesketan, Phyllis O’Donell. Egun surflari profesional gehien dituen herrialdea da Australia eta lehen mailako zirkuitua osatzen duten 11 txapelketetatik hiru bertan egiten dira. Egunotan Bell’s Beachen egiten ari diren txapelketa da horietako bat. DUKE AUSTRALIAN Dukek bi erakustaldi egin zituen Australian. Bata 1914ko abenduaren 24an egin zen. Bigarren saioa 2015eko urtarrilaren 10ean egin zen eta sekulako oihartzuna izan zuen.