11 AVR. 2015 HAUR LITERATURA Ezetz esatea Asun AGIRIANO Fragatina argitaletxea Fraga hirian dago eta Lo Mullarero bilduman ausardia handiz kaleratzen ditu album ilustratuak. Hitz bitxia «mullarero», melokotoia izendatzeko erabiltzen dutena. Melokotoi on bat jaten dugunean bezala, liburu honek ere konpartitzeko gogoa ematen du. Margarita del Mazo ipuin kontalaria da, antzematen zaio errekurtso ludikoak bikain menperatzen dituela, hitzen jostalaria dela. Sevillan jaiotako Guridi ilustratzailea indarrez dator, marrazkiek trazu sinpleak dirudite, baina adierazkortasun handikoak. Ipuinak hizpide du loak hartzeko ardiak kontatzea ona dela dioen esaera. «Erraza da ardia izatea», dio lehenengo esaldiak; artaldearen kidea izanez gero, bizimodu lasaiagoa eraman daiteke, gainerakoek egiten dutena besterik ez da egin behar. Baina zer gertatzen da ardi batek ezetz dioskunean? Alegia, artaldeko ardi beltzak lo egiten laguntzeko gogorik ez badu, “Lau” izeneko ardiak hesi gainetik jauzi egiteko aginduari uko egiten badio? Hor hasten dira arazoak… Joko handia ematen du testuak, haurrak ardi beltzaren esanahi bikoitza ulertzen du, baina baita ahuntz bat baino burugogorragoa zer den ere. Irakurlea zer gertatuko den asmatzen saiatzen da, artaldean –eta, oro har, gizartean– arauaren kontra jotzea ez baita erraza. Amaieran, irteera samur eta atsegin bat aurkituko du “Lau” ardi egoskorrak, Mikelek, lokartu ezinik dabilen haurrak, iradokitzen diona, eta gu marrazkien bidez jabetuko gara zein egokia den konponbidea. Errealitateak inposatzen duenaren kontra joatea erakargarria da haurraren egunerokotasunean. Hor dago ipuinaren indarra, haurrari berez sortzen zaizkion amorrua eta erresistentzia metafora umoretsuan islatu direlako. Goxotasuna izango da txertoa. Lau zenbakidun ardiak lagunduko dio Mikeli lasaitasuna hartzen. Marrazkiek adierazten dute bi egileek bukaera arte jolasten dutela irakurlearekin, bere interpretazioari uzten baitzaio arazoa askatzea. Marrazkilariak grafikoki protagonista nagusiaren gatazka nola adierazten duen da interesgarria, haurraren irudimenean gaua eta eguna talka egiten duten bi mundu ezberdin direlako. Haurrei ilaratik ateratzea erakargarria egiten zaien legez, atsegin handia da helduontzat argitaletxe txiki honek eskaintzen digunaz gozatzea. Tandem bikain honi erne egoteko aginduari kasu eginda, geuri ere ardi galduak ez izateko aukera ederra eman digute.