11 AVR. 2015 Aizkora Onenak arituko dira Urrezko lehiaketan Txapelketa gaur abiatuko da Zegaman, eta bihar Bilboko Casilda parkean izango du jarraipena. Jon LEUNDA Buruz Buruko Urrezko Aizkora hastera doa. Gaur bertan abiatuko da Zegamako pilotalekuan, hantxe jokatuko baita 19.00etatik aurrera txapelketaren aurreneko jardunaldia. Aizkolari asko izango dira lehian, urteroko moduan, eta Euskal Herrikoez gain, Segoviakoak eta Asturiaskoak ere izango dira. Betiko moduan, egungo aizkolaririk onenak lanean arituko dira, eta hasiera batean bi izen handi bakarrik faltako dira, ez Floren Nazabal, ez Unai Otaño ez baititugu aurtengo Urrezko Aizkora honetan lanean ikusiko. Biek euren lesioekin jarraitzen dute, eta oraindik ez daude lehiatzeko moduan, eta ondorioz ez dira arituko. Gainerako izar guztiak lanean ikusi ahal izango ditugu, eta berrikuntzen artean Arria V.a agertzen da. Errezildarrak baiezkoa eman du, Gipuzkoako Txapelketan eman duen bezalaxe, eta hori dudarik gabe berri oso pozgarria izango da. Euskal Herriko Lehen Mailako txapelduna, Aitzol Atutxa, Bigarren Mailakoa, Mikel Larrañaga, eta Azurmendi, Otaegi, Rekondo, Larretxea edo Olasagasti bezalako aizkolariak ere arituko dira, eta zaleek orain hasi eta ekainera arte, lehiaketa honetaz gozatzeko modua izango dute. Arriaz gain, berrikuntza gutxi izango ditu lehiaketa honek. Finala, betiko moduan, Azpeitian jokatuko dute, eta hori ekainaren aurreneko asteburuan izango da. Txapelketa onenekin hasiko da, baina gazte mailakoa eta gaztetxoen mailakoek ere izango dute lehiatzeko aukera, eta egun aizkolaritzan ari diren gehienek izango dute txapelketa honetan aritzeko aukera. Tartean, gainera, gazte asko lehiatuko dira, eta hori da zaleek ikusi nahi dutena. Lehen jardunaldia Hasiera gaur izango da Zegamako pilotalekuan, eta 19.00etan jokatuko da aurreneko jardunaldia hango pilotalekuan. Bertan, Eneko Otaño, Xabier Zaldua, Javier Elorriaga, Julen Alberdi, Aitor Urteaga, Iban Resano, Asier Pellejero eta Angel Eraso izango dira lanean arituko diren zortzi aizkolariak. Eneko Otaño da garaipena lortzeko faboritoa. Beizamakoa da arituko direnen artean gazteena, baina azkeneko denboraldiko lanak erreferentziatzat hartuta, bera da garaipena lortzeko faboritoa, eta berarekin batera Zaldua eta Alberdi ere agertzen dira. Lanak, ordea, laburrak izaten dira eta edozein deskuidu nahikoa izaten da dena galtzeko, edo egur txar bat ateratzea ere bai. Horrek honelako lanetan ate asko zabaltzen ditu, eta lan luzeetan baino ezusterako tarte handiagoa izaten da honelako saioetan. Bihar, Bilbon, Casilda parkean, 12.30ean jokatuko da bigarren kanporaketa, eta han ere zortzi aizkolari lehiatuko dira. Aritz Irazabal, Julen Larrea, Xabier Garcia, Done Intxausti, Igor Duñabeitia, Joxemari Telletxea, Iñaki Kintana eta David Naredo izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Aritz Irazabal da saio hau irabazteko faborito bakarra. Gauzak normaltasunez egiten baditu, berak eraman beharko luke. LESIOAKFloren Nazabal eta Unai Otaño izango dira lehiaketa honetako hutsunerik handienak. Biak min hartuta daude, eta osatu ez direnez, ezingo dute parte hartu. Berrikuntzen artean, Arria V.a agertzen da, errezildarra berriro ere txapelketetan arituko baita aurten.