27 AVR. 2015 KIROL ESKALADA Euskal ordezkariek hiru garaipenlortu dituzte Espainiako Kopan Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioak maila bikaina eman du amaitu berri den Fedme-ren erregulatasunaren zirkuituan. Andoni ARABAOLAZA Amaitu berri da Fedme-ek antolatutako Espainiako Eskalada Kopa. Erregulartasunaren zirkuituak hiru proba izan ditu; azkena, hilaren 18 eta 19an Madrilen. Eta euskal ordezkarien emaitzei dagokienez, azpimarratu behar dugu, inolako zalantzarik gabe, Euskal Mendizale Federazioak atondutako euskal selekzioko ordezkariek emaitza bikaina erdietsi dutela. Askoz ere emaitza apalagoak lortu dituztenak nafar federazioko lehiakideak izan dira. Aipatu bezala, Espainiako Kopak hiru proba izan ditu: Zaragozan, Tortosan eta Madrilen. Eta hiruretan ala hiruretan euskal eskalatzaileek protagonismo berezia izan dute. Izan ere, puntu guztiak batu ondoren, euskal selekzioak hiru urre sinatu ditu. Honakoak dira horien jabeak: Irati Anda seniorretan, Muriel Ruiz de Larramendi 18 urtez azpikoetan eta Mikel Linazisoro 16 urtez azpikoetan. Hiru urre, beraz, etxera ekarri dituztenak, eta katalanek soilik berdindu gaituzte urre kopuru horretan, beste hiru poltsikoratuta. Atzetik geratu dira madrildarrak eta valentziarrak, banarekin. Aurreko batean Zaragozako hitzorduaren berri eman genizuen. Bigarrenean, Tortosakoan, gauzak ez ziren asko aldatu. Andak, adibidez, seniorreneko lehen proban hirugarren postua eskuratu ondoren, bigarrenean lehen postua eraman zuen. Eta postu bera sinatu zuten Ruiz de Larramendik 18 urtez azpikoen mailan eta Linazisorok 16 urtez azpikoetan. Horiez guztiez gain, euskal selekzioko zein nafarren taldeko lehiakide asko ikusi genituen finalisten artean. Aipatzekoak dira Zuriñe Arruek seniorretan erdietsitako laugarren postua, Iraitz Murugarrenen hirugarren postua 20 urtez azpikoetan, Bittor Espartaren garaipen handia 18 urtez azpikoetan, Andrea de Goñiren hirugarren postua 18 urtez azpikoetan eta Andoni Espartaren hirugarren postua 16 urtez azpikoetan. Gauzak horrela, lehiakideak azken probaren zain geratu ziren; hilaren 18an eta 19an Madrilen jokatu zena. Eta, oro har, esan daiteke faborito nagusiek ez zutela hutsik egin. Hilaren 18an, seniorren txanda izan zen. Guztira, 46 eskalatzaile lehiatu ziren: 19 neska eta 27 mutil. Ekipatzaile lanetan, berriz, Patxi Usobiagak, Jose Luis Palaok eta Carlos Padillak jardun zuten. Hiruko horren arabera honakoak izan ziren sortu zituzten bideen ezaugarriak: «Ez dugu batere erraza izan sailkapenetako zein finaletako bideak ekipatzeko orduan. Saiatu gara mugimendua behartzen, eta horretarako ere bolumenak jarri ditugu, oreka eskatzen zuten mugimenduak, erabakitasunez jardutekoak...». Emakumezkoen lanari dagokionez, goizeko sailkapenetan 7a eta 7b+ zailtasuneko bi bide eskalatu behar izan zituzten; biak ala biak flash eran. Finalerdi horietan Andak argi asko erakutsi zuen sasoiko zegoela, eta finalera lehen postuan sailkatu zen Julia Duranekin berdinduta. Arruek ere finalerako txartela lortu zuen. Aipatutako bi euskal ordezkariek lehia erabakigarri horretan bikain jardun zuten. Gasteiztarrak «poltsikotik» lehien munduan duen eskarmentuari tira egin zion, eta garaipena lortu zuen. Azpimarratzekoa da donostiarraren jarduna ere; izan ere, hirugarren postua poltsikoratu zuen. Mutiletan, berriz, euskal ordezkari batek soilik izan zuen finalera pasatzeko aukera: Gorka Karapetok. Azpeitiko beteranoak lan oso txukuna egin zuen, eta azkenean bosgarren postuan sailkatu zen. Jubenilen txanda 19an izan zen, igandean. Harrigarria bada ere, Espainiako Estatuko hainbat txokotatik azken hitzordu horretara 80 neska-mutil bertaratu ziren. Eta horiek guztiak 16, 18 eta 20 urtez azpikoen mailetan lehiatu ziren. 16 urtez azpikoetan, beste behin Linazisorok ez zuen arazorik izan garaile ateratzeko. Finalerako ere hiru euskal ordezkari sailkatu ziren: Eneko Carretero laugarrena izan zen, Aitor Cilveti zazpigarrena eta Andoni Esparta zortzigarrena. 18 urtez azpikoetan, Ruiz de Larramendik eginiko lehia bikaina baino bikainagoa izan zen; izan ere, bi top egiten (sailkapenekoa zein finalekoa) finalista bakarra izan zen. Seigarren postuan Andrea de Goñi (nafarren taldekoa) geratu zen. Iker Ortiz, berriz, azpimarratzekoa den hirugarren postuan kokatu zen, Martin Urrutia zazpigarrenean, Beñat Aspe zortzigarrenean eta Iker Cilveti hamaikagarrenean. Guztiak ala guztiak finalean sartu ziren. Eta 20 urtez azpikoetan, Iraitz Murugarren (nafarren taldekoa) hirugarrena izan zen, eta Gorka Ruiz, seigarrena. Etorkizun oparoa Aipatu ditugun hiru proba horietan lortu diren puntuak batu eta gero, sailkapen nagusiari begiratzen badiogu, azpimarratzekoak dira euskal selekzioko kideek lortutako emaitzak. Seniorretan, adibidez, Andaren garaipenak ez gaitu ezustean harrapatu. Jakin badakigu nor den 32 urteko gasteiztarra, lehiakide modura nola jarduten duen, bere ibilbidean ze emaitzak erdietsi dituen... Baina ezin dugu ahaztu gorabehera batzuk izan dituela. Aldiz, horiek guztiak gainditu ostean, berriro lehen mailan dago. Eta hori txalotu egin behar zaio, baita Espainiako Kopa hirugarren aldiz irabaztea ere. Arruek, berriz, laugarren postua erdietsi du. Gogora dezagun iazko ekitaldian donostiarra bigarrena izan zela. Mutiletan, lehen hamar sailkatuen artean euskal ordezkari sasoikoena Karapeto izan da, bosgarren postua lortuta. 16 urtez azpiko lehian, berriz, Linazisoro geratu da lehenengo; Esparta, laugarrena; Cilveti, seigarrena; eta Carretero, zortzigarrena. Ruiz de Larramendik 18 urtez azpikoetan irabazi du hiru probetan gailendu ostean; de Goñi laugarrena izan da; Esparta, bigarrena; Aspe, zazpigarrena; eta Urrutia, zortzigarrena. Eta 20 urtez azpikoetan: Murugarren hirugarrena, Ruiz seigarrena, Inoriza zortzigarrena eta Berrueko bederatzigarrena. IRATI ANDA 32 urteko gasteiztarrak hirugarren aldiz lortu du Espainiako Kopa. Zuriñe Arrue laugarren postuan sailkatu da, eta Gorka Karapeto, berriz, bosgarrenean. ESPAINIAKO KOPA Fedme-k antolatutako erregulartasunaren zirkuituak hiru proba izan ditu: Zaragoza, Tortosa eta Madril. Hitzordu guztietan Euskal Mendizale Federazioko zein Nafarroako Federazioko lehiakideak izan dira. JUBENILAK Azpimarratzekoak dira Muriel Ruiz de Larramendiren eta Mikel Linazisororen garaipenak 18 eta 16 urtez azpikoetan, hurrenez hurren. JOSEAN MULAS Euskal selekzioko burua pozik dago lortutako emaitzekin: «Seniorretan talde egonkorra eta oso indartsua dugu. Jubeniletan, berriz, oso etorkizun oparoa ikusten dut».