29 AVR. 2015 Aizkora Iker Vicente eta Eneko Saralegi aurrera doaz Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan, eta Iker Vicentek eta Eneko Saralegik lortu zuten atzo Gasteizen Urrezko Aizkorako 23 urtez azpikoen Txapelketan aurrera egitea. Bi aizkolari nafarrak, lehengusuak biak, faborito garbiak ziren eta ez zuten hutsik egin. Iker Vicentek 17 urte besterik ez ditu, baina bai maila honetan, baita 18 urtez azpikoetan ere, txapela lortzeko faborito nagusia da. Atzo itxura bikaina eman zuen, eta oso kontuan hartzekoa dela erakutsi zuen. Eneko Saralegik ere bere lana ongi egin eta helburua bete zuen. Urrezko Aizkorako Txapelketak ez du geldialdirik izango, eta datozen egunetan maila ezberdinetako saio asko izango dira. Maila nagusian, etzi, 13.00etan, Lazkaoko plazan oso ekinaldi ederra eta erakargarria dago iragarrita. Bertan, Mikel Larrañaga, Joseba Otaegi, Ruben Saralegi, Jon Irazu, Jexuxmari Mujika eta Arkaitz Jauregi aizkolariak arituko dira norgehiagoka. Denak ere gazteak dira, eta zaleek ikusi nahi dituztenak dira, jadanik izena ere hartuta baitaude. Saralegirentzat eta Irazurentzat bigarren saioa izango da etzikoa, baina besteentzat aurrenekoa, eta horrek beti ekartzen ditu arriskuak. Lan labur hauetan ez da faborito garbirik izaten, eta huts gutxien egiten dituen aizkolariak eramango du garaipena. Baina ez da hor amaituko etziko jarduna; izan ere, Gasteizen, Estibalizen, gazteen mailako aurreneko kanporaketa jokatuko da. Aitor Jauregi, Joxean Etxeberria eta Oier Kañamares lehiatuko dira finalerdietan izateko txartelaren bila. Kanporaketa 12.30ean hasiko da.