04 MAI 2015 «NAFARREN ETXE» BIHURTU NAHI DUTE BAIGORRIN ETXAUTZ GAZTELUA Baigorriko herria eta harana tontorretik zaintzen dituen Etxautz gaztelua erosteko asmoa aitortu dio bere buruari Etxauzia elkarte sortu berriak. Eragile kultural eta ekonomiko bat izatea nahi dute «Nafarren Etxea», Euskal Herri osoarentzat erabilgarri. G. M. ZUBIARRAIN Urteak eta urteak dira Nafarroaren historian letra larriz idatzita dagoen gaztelu baigorriarra, Etxauztar leinuaren jaiotetxe dena, esku pribatuetan dela. Egoera hori aldatzeko xede irmoak bultzatuta, Etxauzia izeneko elkarte bat sortu dute baigorriarrek. Iparra argi dute: Etxautz gaztelua erosi eta herriari, baina oro har Euskal Herriari, begirako egitasmo bat bertan ezarri: Nafarren Etxea. Martxoan sortu zen egun hogei bat kide dituen elkartea. Jean Arregi lehendakariak eta Antton Currutcharry idazkariak eman dizkiote GARA egunkariari asmoaren xehetasunak. «Lehen zertzeladak» besterik ez direla argitu nahi izan dute, hemendik aurrera «biribilduko» baitute proposamena. «Lan oso bat dago bururatzeko», esan dute. Ez diote gaztelua salgai jarri izanaren aukerari muzin egin nahi. Asmoa lau-orri batean jaso, eta apirileko azken asteburuan Baigorrin ospatu zen Nafarren Eguna baliatu zuten beren gogoa lau haizetara zabaltzeko. Egungo jabeak, euskal jatorrikoak, Ameriketako Estatu Batuetan bizi dira eta salgai jarri dute Etxautz. Lehen hartu-emanak hasi dituzte elkartekoek jabeekin, salneurria zehazte aldera. «Neurri handiko» proiektua da», aitortu digu Arregik. Ia dena zehazteko dago, baina «sinesgarritasuna» izateko lehen funts bat eratu beharra dute. Diru bilketa kanpaina bati ekin diote horretarako. Herriko Etxeak «begi onez» ikusten du asmoa, hautetsi ere baden Currutcharryk aitortu digunez. Hala ere, «argi» du ezin duela Baigorri «urtetarako hipotekatu» erosketarekin. Hilabete barru batzarra deituko du Etxauziak Nafarren Etxearen asmoa finkatzeko. Erabilera anitza Lau gune antolatu nahi dituzte Etxauziako kideek gaztelu barrenean: historia eta kultura lantzeko gune bat, eskualdearen garapen ekonomikoari bultzada emango dion eremu bat, diasporarekiko zubi izango den harremanetarako elkartearentzako egoitza, eta azkenik, «elkarbizitzarako tokia», erabilera anitzeko eremua. Batetik, «erakusketa iraunkor interaktibo» bat ezarri nahi dute, tokiaren beraren historia ezagutarazteko eta haratago, Nafarroaren eta Euskal Herriaren «ondare kultural, politiko eta soziala» zabaltzeko. «Nafarroan garenez –dio Arregik– izen hori eman diogu, baina ez da Nafarroari mugatua, Euskal Herriari zuzendua baizik». Horretaz gain, mediateka bat eta eskualdean zehar banaturik diren artxiboak batuz, artxibategi berri bat sortu nahi lukete. Horren guztiaren inguruan, bisita gidatu eleaniztunak, konferentziak eta ikerketak sustatu nahi dituzte. Historia zabaltzeaz eta ikertzeaz gain, eskualdearen «garapen ekonomikoan laguntzaile» izatea nahi dute gazteluak ezinbestean berarekin dakarren itzala. Azken urteotan indar handia hartu dute Baigorri aldeko hainbat proiektuk, esaterako, Irulegiko ardoak edota Euskal Txerriak, eta horientzat guztientzat «erakusleiho» izan daitekeela iritzita dago Currutcharry bezala Arregi. Proiektu berria euskal diasporarekiko «zubi» izatea ere nahi dute Etxauziako kideek. Ikerketa genealogikoetan laguntzeko gunea, atzerrian bizi diren euskal herritarrentzat aterpetxea eta hartu-emanak errazteko elkartea aurreikusten dituzte bertan. Diasporari begira bakarrik ez, Baigorri aldean «elkargune» izateko nahia ere badute. Horretarako, ostatu bat, ardogintza eta sukaldaritza ikastaroak, eztei eta biltzarretarako aretoak... erabilera bakoitzerako gela egokituak antolatuko lituzkete gazteluan, baldin eta asmoa gauzatuko balitz. Nafarroako historian garrantzia berezia izandako leinuaren jaiotetxea Antso Handiaren garaian sortua da Etxautz. Egun dakigunaren arabera, XI.-XII. mendeetakoak dira gazteluaren aztarnarik zaharrenak. Baigorriko ibar estrategikoa zaintzeko zeregina eman zien Nafarroako erregeak bertako aitoren sendi bati: etxauztarrei. Baigorriko Jaunaren sorrera da. Auñamendi entziklopediak dioenez, gerrari finak izan ziren Koroaren zerbitzuan. XIII. mende bukaeran Baigorriko Bizkondeen titulua jaso zuten. Aitoren sendi honen adarrak erresuma osora zabaldu ziren. Gorteetan ordezkari, eskualde ezberdinetako funtzionario, gazteluzain esaterako Amaiurren eta Luzaiden... arras boteretsua izana da leinua. Ez zeregin militarretan bakarrik, sotanaz ere jantzi dira Etxautzekoak. Ilustreena, inondik inora ere, Bertrand Etxautzekoa, 1599an Baionako artzapezpiku egina eta ondotik Toursekora joana; erregearen kapilau ere izan zen. Azken etxauztar kondea, titulua zeramana, 1785ean zendu zen. Bi alaba utzi zituen, baina oinordekorik gabe joan ziren hauek ere beste mundura. Hortxe amaitu zen Bizkonderria. Etxautz Euskal Herriko gaztelurik zaharrenetarikoa da, ingurumari paregabea duena haitz zaharrak zaindari. 1848an Abbadie-Arrast sendi ezagunak erosi zuen eta haien eskutik bisitari entzutetsu bat ere etorri zen: Charles Chaplin bera. Gazteluko hormek hitz egiterik balute, izango lukete zer kontatu, bere garaian hautsak ondo harrotu zituen Baigorriko prozesuaren (1783-1784) ebazpen galdua, esaterako. Izango ahal da Nafarroaren Etxe bat horretarako eta gehiagorako!G. M. Z.