09 MAI 2015 poesía Mugak Iker ZALDUA Ez da atzokoa Mikel Antza idazlea, ez da berria Mikel Antza poeta, baina hau du bere lehen poesia-liburua. “Ametsak ere zain” izenburuarekin ikusiko dugu apaletan eta, barruan, sei poema zorrotz, zuzen, sei gezi suminkor, amorratu. “Atzerri” aurkeztu zutenean Harkaitz Canok «idazle hau izateko Mikel Antzak bizi behar izan du bizi izan duen bizitza, eta ez beste bat» adierazi zuen. itz horiek liburu honetara ere ekar daitezke. Oso poema narratiboak, luzeak dira. Kartzela barnetik idatziak dira eta, besteak beste, kartzela bera dute hizpide. Alde batetik, kartzela fisikoa. Beste alde batetik, kartzela sikologikoa. Bera aske sentitzen da barroteen artean izan arren, eta errieta egiten die, bere ustez, hesi zaratatsuez harago mugaturik bizi direnei. Bere burua eta besteak kokatzen ditu aurrez aurre, eta haiei mintzo da. Amorruz hitz egiten die, bere ustez, etsaiaren aurrean amore eman dutenei: «zuek zarete gure kondenaren zigilua», «eta horrela nahi zintuzketegu zuek ere zuen bizitza hitsa mozorrotzeko egiten dituzuen imintziorik gabe». Halako esaldiak bilatzeko ez da lupa hartuta ibili behar lerroartean. Poesia askotan izaten da norberak izandako esperientziaren isla, norberak dituen burutazioen emaitza. Kasu hau ez da salbuespena; aitzitik, adibide argia da. Luzeak izan arren, erritmo handikoak dira poesiak, sakonak dira eta anbiguotasunik gabeak, aldarri usain gordinaz tindatuak. Keinuak asko dira, zenbaitetan ezkutukoak «maite zaituztet esan behar nuke txistu jo diguzuen arren» edo «zoriontsuak al zareten mugez inguratutako biztanleak». Beste kasu batzuetan kurtsibaz jartzen ditu kantuan, adibidez, Pantxoa eta Peio. Batzuek ez dute irakurriko Mikel Antzarena delako, beste batzuek horregatik irakurriko dute. Nik irakurtzea gomendatzen dut, idazle trebea ikusten dudalako, sinaduratik harago.