11 MAI 2015 Surfa Alemaniar bat saritu dute iazko olatu handienagatik Haritz LARRAÑAGA 2014/2015 XXL Big Wave Awards izendapenak amaitu dira eta kategoria bakoitzeko irabazleak zeintzuk izan diren eman dute aditzera WSL erakundeko antolatzaileek. XXL Bigest Wave saria, alegia, olatu handienaren saria Sebastian Steudtner alemaniarrak irabazi du, Tow-in bidez Nazaren (Portugal) hartutako olatu erraldoi bati esker. Honela mintzo zen txapelduna: «Mila esker nire babesleei, eta eskerrak Tom Butler kideari ere, olatu handienera garraiatzeagatik. Harro nago Europan inoiz hartu den olaturik handiena hartu izateagatik. Munduko errekorra izatea itzelezkoa litzateke, baina egia esan, ez diot buelta handirik ematen kontu horri». Shane Dorian hawaiiarrak bi sari eskuratu ditu aurtengoan, batetik, urteko surflariaren saria eta bestetik, Best Overall Performance saria. Arraun eginda hartutako olatu handienaren saria, berriz, Jamie Mitchel australiarrak eraman du. 2014ko abenduaren 24an Mavericksen (AEB) izan zen itsaski indartsuan hartu ahal izan zuen Mitchelek garaipena eman dion olatu ikaragarria. Urteko tuboaren saria Matahi Drollet tahitiarrak irabazi du, etxean bertan, alegia Teahupooko ezker olatuan egindako tubo bikain bati esker. Nesken kategorian, sari bakarra izaten da Women’s Best Overall Performance delakoa, eta Paige Alms hawaiiarrak eskuratu du. Txapelketako epaileen esanetan, urteko erorketa beldurgarriena Benjamin Sanchiz frantsesak Nazareko olatuan jasandakoa izan da. Hossegorrekoak gorriak ikusi zituen Tow-in bidez hartutako olatu erraldoi batean erori ostean. Bestalde, sasoi berria abian da eta jada irudi berriak igortzen hasi dira olatu handietako surflariak. Berriki, esaterako, sona handia izan dute Mexikon hartutako irudi ikusgarriek.