GARA Euskal Herriko egunkaria
Zesta

Jarrerak hurbiltzeko denbora emango du Federazioak

Patxi Jauregik printzipioak argi dituztela eta erne jarraituko dutela esan zuen


Bidaiarik luzeenak pauso txiki batekin hasten dira eta, badirudi, astelehenean Gasteizko Parlamentuan agerraldia egin ostean, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren (EEPF) eta Munduko Pilota Batzarraren (MPB) arteko harremanean nolabaiteko hurbiltze bat izan dela. Gutxienez, klubek eta EEPF-k atzo Markinan ematekoa zuten prentsaurreko jendetsua bertan behera utzi zuten, zenbait eragilek eskatu bezala.

Patxi Jauregi EEPF-ko lehendakariak Markinako jaialdian irakurritako oharrak hau zioen: «Badirudi aste honetan hausnarketan aritu direla batzuk, eta denbora tarte bat eskatu digute, egoera konponduko dela, eta gure eskaerak kontuan hartuko dituztela. Denbora hori ematea erabaki dugu, baina ez gaude luzaroan itxaroteko. Gure oinarriak, printzipioak, argi ditugu. Eta beraz, itxaroten egongo gara, baina erne. Ematen dituzten pausoei adi».

Bidelagunei eskerrak

Jauregik nabarmendu zuen argi geratu dela ez dagoela bateratzea baino indar handiagorik, eta EEPF-k eta klubek elkarrekin egindako lana goraipatu zuen. Mahaian kolpe bat ematera behartuta sentitu direla azaldu zuen, baina dena «zesta puntaren etorkizun garbi eta zuzenaren alde» egina izan dela azpimarratuz.

Itxaropenerako une hauetan, azken bi urte hauetan alboan izan dituzten guztiak gogoan izan zituen EEPF-ko lehendakariak: zesta punta talde gehienak, «pare bat kenduta», Pro-Am txapelketa jokatzeari uko egin zioten punta-puntako pilotari afizionatuak eta, dohainik izanda ere, Federazioa eta kluben proiektuarekin bat egin duten profesionalei. Gainerakoei, «guk aukeratutako bidea egokiena» dela gogorarazi nahi izan zien alegiarrak Markinako Unian bildutako zale eta pilotariei.