18 MAI 2015 sokatira Goiherri A taldeak zuen abantailari eutsi eta aurreneko txapela eraman du J.L. Goiherri A taldeak pasa den astean zuen abantailari eutsi eta 680ko txapela eramatea lortu zuen, herenegun, Bilbon jokatu zen azkeneko jardunaldian. Gaztedi A sailkatu zen bigarren postuan, eta Gaztedi B taldeak osatu zuen podiuma. Azkeneko jardunaldian ere emozioa izan zen. Gaztediko eta Goiherriko bi taldeen artean sekulako berdintasuna dago, eta lehen jardunaldian bezalaxe, azkenekoan ere berdinduta geratu ziren. Gainerako tiraldi guztietan mendean hartu zituzten gainerako talde guztiak; euren artean berdindu egin zuten, eta horrekin, Erandioko taldeak txapela lortu zuen. Gaztedi B eta Goiherri B izan ziren aurrez aurre hirugarren postu horretarako eta Gaztediren bigarren taldeak lortu zuen podiumean sartzea, hirugarren postua eskuratuz. Hortik atzera, Mutrikuk Gaztedi C taldeari bakarrik irabazi zion, eta bosgarren postua beretzat izan zen. Gaztedi C taldeak ere ez du meritu makala, taldea sei neskaz eta bi mutilez osatu baitute. Ez dute tiraldi bakar bat ere irabazi, baina oso lan polita egin dute. Behin 680koa amaituta, honek aurrera egingo du, eta datorren astetik aurrera 640koa jarriko da martxan. Hori irabazteko faboritoak ere talde berak izango dira.