GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Ikuskizun itzela Rio de Janeiron:Toledo eta Conlogue txapeldun

Lehen mailako munduko itzulia Brasilen izan da pasa diren egunotan. Hondartzan izan diren milaka eta milaka ikusleak Brasilen surfa hartzen ari den indarraren erakusle izan dira. Filipe Toledo eta Courtney Conlogue izan dira txapeldunak Rio de Janeiroko olatuetan.


Lehen mailako munduko itzuliak laugarren geldialdia egin berri du Brasilen, eta, azken txapelketa honen ostean, aldaketa nabarmenak izan dira nesken zein mutilen ranking orokorretan. Horrez gain, kontuan hartzeko beste osagai bat ere izan da Rio de Janeiron, surfak gero eta gehiago erakartzen duen ikusleria anitza.

Lehen ez zegoen beste dimentsio batean kokatzen da egun kirol hau. Brasildarrek beren kirolariak babestu eta maitatzeko daudela erakutsi dute, eta Huntingtonen (AEB) garai onenetan izaten zen jende kopuruen parekoa gerturatu da txapelketa ikustera. Brasilen surfak masak mugitzen ditu.

Courtney Conlogue

Uretan sekulako maila izan da Rio de Janeiron. Nesken kasuan, zenbait lehiakidek sekulako maila eta teknika erakutsi zuten. Olatu bihurrietan ere ariketa indartsuak egin zituzten. Batez ere, bizkarkako bira bikainak eskaini zituzten nesken zirkuituko lehiakideek. Malia Manuel, Tyler Wright eta Lakey Peterson esaterako, ez ziren finalera iritsi, baina itzelezko olatuak egin zituzten, benetan kontuan hartzekoak.

Carissa Moore hawaiiarra ere bikain aritu zen, baina oraingo honetan ez zen finalera iritsi. Finalerdietan Bianca Buitendag hegoafrikarrak kaleratu zuen. Hala ere, ranking orokorrean lehen postuan jarraitzen du hawaiiarrak, eta oraingoz, aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukera gehien dituen lehiakidea da.

Bianca Buitendag eta Courtney Conlogue izan ziren nesken finalean Brasilen. Olatu aukeraketan larri ibili ziren bi lehiakideak, ez zuten ganorazko olaturik hartzea lortzen, baina bi olatu on hartu ahal izan zituzten eta ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatu ziren. Azkenean, Conlogue gailendu zen eta estatubatuarrak irabazi zuen Oi Rio Women's Pro txapelketa.

Gauzak horrela, Carissa Mooren atzetik bigarren postuan kokatu da Conlogue ranking orokorrean. Stephanie Gilmore laugarren postura jaitsi da, eta bere ordez Tyler Wright australiarra dago egun rankingeko hirugarren postuan.

Filipe Toledo

Mutilen kasuan azken txapelketak bi zati izan zituela esan daiteke. Lehen zatian itsaski sendoa izan zen eta lehiakideek tuboak egin ahal izan zituzten. Olatu zailak eta borobilak izan ziren lehen txandetan eta horregatik geratu ziren Gabriel Medina eta Kelly Slater bezalako lehiakideak bidean, halako baldintzetan edozer posible delako.

Txapelketak aurrera egin ahala, ordea, tuboak desagertzen joan ziren eta airekoak gailendu ziren. Aspaldian ikusi ez bezalako ariketak egin zituzten lehiakideek, batez ere belaunaldi berrietako kideek.

Finalean brasildar bat eta australiar bat izan ziren buruz buru. Filipe Toledo etxean zen, eta aurten lortzen ari den emaitzak ikusita, inor ez zen harritu lehiakide hau finalean ikustean. Bede Durbidge azken txandara iristea, ordea, zinez bitxia izan zen; izan ere, Durbidge gizon garaia da, mota guztietako olatuetan moldatzen da, baina inor gutxik espero zuen Brasilgoak bezalako olatu narrasetan bigarren postua lortzera irits zitekeenik.

Metro bateko olatuetan bikain aritu ziren bi surflariak. Kanpoan 30.000 ikuslek sortzen duten zarata entzun zitekeen; sekulako presioa zuten lehiakideek, beraz. Durbidge oso ongi hasi zen, aireko eder bat egin zuen, baina txandak aurrera egin ahala, tximista baten moduan zebilen Toledok galtzeko batere asmorik ez zuela erakutsi zuen.

Airean itzuli osoa egin zuen olatu batean hamarrekoa eman zioten epaileek Toledori, eta horren ostean nahikoa garbi zegoen irabazlea nor izango zen. Klaxonak txandaren amaiera iragarri zuenean hondartzan zegoen jendea pozarren saltoka eta garrasika hasi zen. Ez zen batere samurra izan Toledok itsasotik aldageletara bidean zeharkatu behar izan zuen jendetza, baina, hala ere, pozarren kasu egiten zien brasildarrak bere aberkideei.

Horrela mintzatu zen Toledo uretatik atera ostean: «Inoiz ez dut antzeko ezer ikusi. Hainbeste jende hondartzan. Brasildar guztiek hasiera ona izan zuten aurtengo denboraldian eta horrek segurtasuna eman zidan. Oso motibatuta nengoen eta denentzako ikuskizun eder bat ematen saiatu naiz».

Gazte brasildarra zer nolako indarrarekin lehian ari den ikusita, aurtengo munduko titulua eskuratzeko faboritoetako bat izan daiteke. Toledok, baina, ez du iparra galdu nahi. Badaki oraindik bide luzea dagoela egiteko eta hau adierazi zuen oholtzatik jaitsi ostean egin zioten elkarrizketan: «Oraindik oso goiz da munduko titulua eskuratuko dudan esateko, baina dudarik gabe urte amaieran lehen bost postuetako batean egoteko borrokatuko naiz».

Orain bi brasildar daude CT ranking orokorreko lehen postuetan. Adriano de Souzak ez zuen emaitza on bat lortu etxean, begiak malkotan zituela atera zen uretatik, baina egun lehen postuan da oraindik.

Toledok postu bat gora egin du eta Mick Fanning australiarrari bigarren postua ebatsi dio. Fanning hirugarren postuan da egun, beraz, eta bere atzetik beste australiar bat, Josh Kerr, azken txapelketa honen ostean rankingean hiru postu gora egin dituen lehiakidea.

Brasilgo txapelketa amaituta, itzuliko bosgarren lehiaketari begira daude surflariak orain. Fijin izango da, baina neskak zein mutilak data desberdinetan lehiatuko dira. Neskei dagokienez, maiatzaren 30 eta ekainaren 5 artean izango da munduko txapelketa, eta mutilen kasuan berriz, ekainaren 7 eta 19 artean.