18 MAI 2015 Eskalada Ruben Diazoso eraginkorrablokean eta landutako bideetan Eskalatzaile bilbotarrak, oso tarte laburrean, Fontainebleaun «Misti» blokea (8c) eta Atzeko Koba sektorean «4x4» bidea (9a, proposamena) sinatu ditu. Andoni ARABAOLAZA Ruben Diaz blokeko espezialista handia dela inork ez du zalantzan jartzen. Harri txiki horietan estutzen hasi zenetik, argi ikusi dugu bilakaera ederra izan duela. Muturreko zailtasunean sartzeko aukera izan du; hain zuzen ere, gai izan da 8c zailtasuneko blokeak egiteko. Baina batzuk harritzen badira ere, eskalatzaile bilbotarra soka hartzera «ausartzen» da, eta bide landuetan ondo baino hobeto jarduten dela erakutsi digu. Gogoratuko dugu, adibidez, iaz Ilarduian “Celedon” bidea (9a) kateatu zuela. Beraz, irakurtzen den legez, Diazek ondo baino hobeto uztartzen ditu blokea eta kirol eskalada. Eta horren guztiaren beste adibide bat dugu azken asteotan jaso duen uzta. Fontainebleaura eginiko bisita batean, “Misti” blokea (8c) egin zuen. Etxera itzuli, soka hartu eta Araban dagoen Atzeko Koba sektorean proiektu bat erdietsi du: “4x4” bidea. Eta lehen igoera izan denez, marra horrentzat 9a proposatu du. 8c blokean eta 9a landutako bideetan erdiestea, eta gainera, oso tarte laburrean, uste dugu azpimarratzekoa dela. Oso sasoiko Inolako zalantzarik gabe, zailtasun horretan blokean zein kirol eskaladan gogor jarduteko oso motibatuta egon behar da. Eta protagonista honek, eskuarki, ez du aitzakia ñimiñoa ere motibazio gai horretan bere gaindosia aurkezteko. Esan dugunez, Fontainebleaun “Misti” (8c) egin zuen; hain zuzen ere, bloke horren laugarren igoera lortu zuen. Lehena, Arnaud Ceintre-rena izan zen 2009. urtean. Ondoren, beste bi errepikapen iritsi ziren: Nalle Hukkataival-ena (2003) eta Jeremy Bonder-ena (iaz). Hirugarren errepikapena, beraz, Diazena izan da, eta hori apirilaren 19an lortu zuen. Bilbotarrak hainbat bidaia egin ditu Fontainebleaura, baina “Misti” blokea ez zuen ezagutzen: «Gogo handiz bidaiatu nuen munduan dagoen blokearen mekara, eta onena izan da itzultzeko gogo askoz handiagoarekin etorri nintzela etxera. “Misti” blokea bitxia da. Ikusten duzunean, iruditzen zaizu fisikoa izango dela eta helduleku handiak izango dituela. Baina aurkako izaera du: hatzekin ondo estutu behar da eta oinak adherentzian dituzu». Apirilaren erdialdea zen, Diaz “Misti”-rekin borrokatzen ari zenean. Muturreko blokeetarako ez da garairik egokiena, baina protagonistak esan duenez, Iker Arroitajauregik bloke hori probatzera bultzatu zuen: «Ikerrek esan zidan bloke hori nire estilorako oso ona zela. Aurkeztu ninduen, probatu eta poltsikoratu nuen. Saiatzen ari nintzenean, bero egiten zuen. Pazientzia izan nuen, eta azkenean une egokiena iritsi zen: baldintza onak eta gogoa. Eta, beraz, nahiko azkar sinatu nuen». Fontainebleauko “Misti” poltsikora sartu, etxera itzuli, txipa aldatu, soka hartu eta Atzeko Kobara hurbildu zen. Sektore horretan iaz probatu zuen xede batean berriro buru-belarri jarri zen: “4x4” bidea. Eta di-da batean, marra horri puntu gorria jarri dio. Hori pasa den 8an izan zen. Kateatu berri duen marrari buruz, honakoa dio Diazek: «20 metro luze da, arroka zurian, konpaktua, naturala eta erori pixka bat duena. Norberaren ezaugarrien arabera, era batekoa edo bestekoa izan daiteke. Horrekin esan nahi dut blokean ondo bazabiltzala bide hori erresistentziazko korapiloa bihurtzen dela. Baina erresistentzia baduzu, blokeko test baten aurrean borrokatu behar duzu. Ni ekinaldi ahalik eta gutxien egiten saiatu naiz, eta helburu hori lortu dut». RUBEN DIAZ Ia hilabeteko epean, eskalatzaile bilbotarrak Fontainebleaun «Misti» blokea (8c) eta Atzeko Koban «4x4» bidea (9a) egin ditu.