GARA Euskal Herriko egunkaria
HELDUEN LITERATURA

Borrokarako aldarria bizi


Saridunetako askok proiektuaren behin-behineko izenburua bazter utzi eta beste bat aukeratzen duten arren, Igartza Beka emana ziotela jakinarazteko prentsaurrekoan Mikel Ayllonek nahiko seguru esan zuen berak bai eutsiko ziola «Ez tiro egin anbulantziei» esaldiari, eta lagina zena eleberri bilakatu den honetan, aise ulertzen da zergatik. Une latzenean ere itxaropena ez galtzeko deia, are, agindua da anbulantziei beren bidea egiten uztearena.

Ez etsitzea ezinbestekoa da borrokan jarraitu nahi duenarentzat, gero eta isilago, gero eta bakartuago nahi zaituen sistema baten kontrako borrokan. Hori da eleberri honetako ildo nagusietako bat, dagoena iraultzeko grina: beren iraultza-saiakerak eraman zituen Sylvie eta Gerard hasieran topatzen ditugun tokietara, aspaldiko beste iraultza-saiakera batek (Greba Handia) eraman zituen ber geurearen oso antzekoa izan litekeen errealitate batetik geurea baino koska bat ilunagoa dirudien beste batera. Alegia, kontakizun distopiko bat eraiki duela Ayllonek, besteak beste, honako ezaugarriekin: iturriek ez dute urik ematen, debekatuta dago argazkiak ateratzea, lanetik etxera eta bueltan ahalik eta azkarren joatearen poderioz lausotu egin da jendea.

Eleberrian “Fahrenheit 451” aipatzen den arren, telesail bat etorri zait akordura, “Black Mirror” ikusten dudanean susmatzen baitut planteatzen dituzten arazoetako asko akaso etzi bertan ebatzi beharko ditudala, eta antzera sentiarazi nau Ayllonen lanak: kalera ateratzen naizenean agerikoa da oinezkoen abiadura gero eta azkarragoa; eta bertan kieto geratzea oraindik zeharo debekatua ez badago ere, aipatzekoa da jesarleku publikoak bakantzen doazela.

Edonola ere, langileen egunarekin hasten den hil honetan, honako galdera ezin itzurizkoa dakar liburuak: zer egin orain arte baliatutako erresistentzia-tresnek huts egitean? Lanuzte jendetsuenak ere ez duenean lortzen guztia hankaz gora ipintzea? Langileriaren panorama eta estetika tradizionala marrazten da liburuan: fabrikak, grebak, gorbatadun ugazaba eta mahoizko beharginen arteko tentsioa. Zentzu horretan, apur bat mugatua iruditu zait, sistema-krisia zerk ekarri duen eta horren iraultzean zer eragilek parte har dezaketen pentsatzen hasita, uste dut beste ardatz batzuk kontuan hartzekoak liratekeela, zeresana izango baitute emakumeen mugimenduak eta Afrikatik Europarako iheslariek. Bestalde, Sylviek nahiko modu lañoan dakusa mundu berriaren sorrera: iraultzak ez du ezer aldatzen automatikoki, iraultza-eguna bera baino askoz funtsezkoagoa da biharamuna.

Betiko tresnen huts egitearekiko kezka estilora ere badator. Ayllonek ohiko eleberrien egiturari buelta eman eta bukaeratik hasi da, ondorio etsigarriekin ekin eta oraindik ezer gertatu ez deneko preludio sutsuarekin amaituz. Horrez gain, liburuaren atal bakoitzerako idazmolde bat erabili du. Sekula baino gehiago da forma edukiaren beraren parte: batetik, bestelako ondorioak lortu nahi dituenak bestela egin behar dituelako gauzak. Bestetik, iraultza-saiakeraren ondorio gordinak hasieran kontatuta, urrunago geratzen direlako irakurlearen memorian, eta, aldiz, mundu berria iraultzeko arrazoiak bizi-bizi oroitzapenean. Asmoa ona da eta esperimentatzeko grina txalotzekoa, baina hizkuntzaren estiloa bera zehatzago fintzeko dago, zenbait metafora sarriegi erabili dituelako inpresioa utzi dit eta lehen atala astunegia gerta daiteke.

Ayllonek esan du aspalditik zeukala eleberri honen ideia buruan, eta kasualitatez ala ez, nekez hauta zezakeen garai aproposagorik. Liburuari hasiera ematen dion Antonio Gramsciren aipuari tiraka, gero eta agerikoago zaigu mundu zaharra hiltzen ari dela, berria asmatzen hasten artean ez dugula zeharo asmatu, eta bien bitartean, munstrotzearen kontra egin beharko dugula gogor.