25 MAI 2015 Harri-jasotzea Izeta II.aren eskolak mendean hartu du Joseba Ostolatzarena J.L. Izetaren eskolak irabazi zuen herenegun arratsaldean Ostolatzaren eskolaren aurka jokatu zuten desafioa. Bi maisuak ere lanean jardun ziren, eta denek emandako ikuskizuna bikaina izan zen. Aian batu zen jendea zoratzen atera zen, eta lehiaketa honek aurrera egiteko lehen urratsak egin zituen, eta handiak gainera. Zortzi harri-jasotzaile lehiatu ziren talde bakoitzean, eta denak ez ziren gazteak, beteranoren batzuk ere aritu ziren lanean, maisuez gain. Denek ere zuten guztia eman zuten, eta zaleek hori ederki eskertu zuten. 200 kiloko errektangularrarekin, Izeta I.a eta Ostolatza lehiatu ziren. 125eko kubikoarekin, Izeta IV.a eta Eizmendi; 150eko zilindro zaharrarekin, Izeta III.a eta Illarramendi; 125eko koparekin, Lopetegi eta Urrutia; 100eko kubikoarekin, Otaegi eta Maiza. 100eko bolarekin, Eizagirre eta Galarraga; eta 100eko koparekin, Izeta II.a eta Martikorena. Kasu honetan Izeta esku batekin aritu zen, eta Martikorena, birekin. Azkenik, Olaizola eta Mujika aritu ziren. Aurrenekoak 100eko zilindro zaharra erabili zuen, eta 88koa besteak. Saio guztiak bi minutukoak izan ziren, 200ekoarekin izan ezik, hori minutu batekoa izan baitzen, eta ekinaldi guztiak bi itzulira jokatu ziren. Ondorioz, jendeak harri-jasotzaile bakoitza bi aldiz ikusteko aukera izan zuen eta asko eskertu zuen hori. Gainera, saio bakoitzean, eskola bakoitzekoak batera aritu ziren, eta horrek berak ere ikuskizuna handitu eta indartu egin zuen. Azkenean, Izetaren eskolakoak gailendu ziren. Saio guztietako jasoaldiak, eta denera jasotako pisua batu, eta amaieran Izetaren eskolako harri-jasotzaileek, bera barne zela, 25.650 kilo jaso zituzten, eta Ostolatzaren eskolakoek, aldiz, 24.604 kilo. Lan ederrak Harri-jasotzaileek lan ederrak egin zituzten, eta azpimarratzekoetako bat, Izeta II.arena izan zen. 100eko koparekin aritu zen lanean, baina esku bakar batekin, eta 23 jasoaldi eman zituen aurreneko txandan, eta 24, berriz, bigarrengoan. Txalo zaparrada galantak jaso zituen. Joseba Ostolatzak ere lan bikaina egin zuen. 200eko errektangularrarekin aritu zen, eta saio bakoitzean bina jasoaldi eman zituen, minutu batean. Gazteek ere euren maila eman zuten. Lopetegi gazteak berriro ere itxura bikaina eman zuen, bai eta Olaizolak ere.