04 JUIN 2015 Botikarik onena prebentzioa da osasunean euskara bermatzeko Osasun alorrean euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe zapaltzen badira, uda sasoian oraindik makurragoa izaten da egoera. Horregatik, Kontseiluko osasungintza lantaldeko kideek, LAB, Medikuntzako Asanblada eta Berdin elkartearekin batera, prebentzio neurriak eskatu dizkiete Osakidetza eta Osasunbideari. Iaz gertatu zen bezalako atzerapausorik ez dutela onartuko adierazi eta ordezko mediku euskaldunak kontratatzeko exijitu diete. Maider IANTZI DONOSTIA Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Kontseiluaren barreneko eta kanpoko hainbat eragilez inguratuta (LABeko Edurne Larrañaga eta Behatokiko Garbiñe Petriati tartean), bi eskaera plazaratu zituen atzoko agerraldian. Udarako osasungintzako kontratazioak egiteko sasoian gaudela kontuan hartuta, prebentziorako deia egin zien, lehenik eta behin, administrazioei. «Kasu honetan, Osakidetzak eta Osasunbideak hartu behar dituzte dagozkien neurriak herritar eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko», azaldu zuen. Langile elebidunak hartzeko exijitu zien. Osakidetzari buruz, aipatu zuen aukera bat galdu duela euskalduntzeko bigarren plangintzaldian, ez dituelako kontuan hartu aurrekoaren ondorioak. Hala, «egoera hau luza dadin eragiten ari da». Jendea bidelagun Herritarrei ere zuzendu zitzaien Bilbao, iaz protestei esker lortu zutena buruan, jendearen eragiteko gaitasuna positibotzat joz, baina argi utziz irtenbide partzialak ez baizik eta erroko aldaketak behar direla, atzean plangintza batekin. Hauek falta badira, ordea, ez dira besoak gurutzatuta geldituko eta bidelagun nahi dituzte herritarrak. Osasun arreta euskaraz jasotzeko arazoak badituzte, jakinaraztea proposatu zieten. «Euskarazbizinahidut.eus» webgunean formulario bat sortu dute jendeari bidea errazteko. Bertan jasotako arazoak Behatokira bideratuko dituzte eskaeren tramiteak egiteko. Bilbaok oroitu zuenez, osasun arreta «oso gai sentsiblea da berez». Ez dugu erietxera joan nahi, baina tokatu egiten zaigu, eta harremanak eta bizipenak desberdinak dira gure hizkuntzan ala bertze batean. Kontseiluko idazkari nagusiak gaineratu zuenez, erabiltzaileez aparte, milaka langilek egiten dute lan Osakidetzan eta Osasunbidean eta eurek ere kontuan hartu behar dira, sarri ahantziak izaten direlako. «Haiek ere badute berezko hizkuntzan lan egiteko eskubidea». Behatokiaren azterketetan, osasungintza «beltzune» gisa agertzen da beti, ez dira bermatzen hizkuntza eskubideak. Alderdi ugari daude hori eragiten dutenak eta atzo bat azaldu zuten: langileen kontratazioa. Udako ordezkapenetan, sarri atzerapausoak gertatzen direla ohartarazi zuten eta iaz hainbat kasu izan zirela oroitu zuten. Demagun mediku euskalduna duen erietxe bat, eta haren oporrak betetzeko ordezko elebakarra ekartzen dutela; hala, lehenago bermatzen ziren eskubideak urratzen dira. Ongi antolatutako prozesuak Joan den urtean jendearen mobilizazioen ondorioz, aldaketa batzuk gertatu ziren eta leku batzuetara sendagile euskaldunak bidaltzea lortu zen. Baina, Bilbaok ohartarazi zuenez, langile horiek bertze toki batetik mugitu zituzten eta horietan hutsuneak gelditu ziren. Beraz, azaleko aldaketen ordez errokoak eskatu zituen. «Ongi antolatutako euskalduntze prozesuak behar dira, baliabide egokiekin, lana euskaraz egin ahal izateko bitartekoekin», aldarrikatu zuen. Osasun sisteman euskara bermatzea lehentasunezkoa izan beharko litzateke prentsaurrekoa eman zuten eragileentzat. «Zoritxarrez, ez da hala izan» orain arte. «Botikarik onena prebentzioa dela diote sendagileek, bada guk horixe berori eskatzen dugu», adierazi dute. FORMULARIOAHerritarrek osasun asistentzia euskaraz jasotzeko dituzten arazoak jakinaraztea nahi dute eta bidea errazteko asmoz, formulario bat sortu dute «Euskarazbizinahi-dut.eus» webgunean.