13 JUIN 2015 Aizkora Esnaola buru dela abiatuko da Gipuzkoako Txapelketa Gabirondo II.a, Irazustabarrena, Merkader, Pardo eta Ormaetxea ere arituko dira finalerdietan. Jon LEUNDA Gipuzkoako betiko erako sega txapelketako bi kanporaketak jokatuko dira gaur Aiako Andatza auzoan 18.00etan hasita, eta guztira sei segalari lehiatuko dira, bi multzotan banatuta, eta bakoitzeko aurreneko biek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Segalari bakoitzak ordu erdia izango du lanerako. Igor Esnaola, Julen Gabirondo eta Suharri Irazustabarrena izango dira lehen multzoan neurtuko diren hiru segalariak. Gabirondo izango da kanporaketa hau irabazteko faboritoa, eta txapela lortzeko faborito nagusietakoa ere bera izango da. Egungo txapelduna da, eta finalean sartu beharko luke. Bigarren posturako borroka, berriz, Gabirondoren eta Irazustabarrenaren artean egongo da, nahiz eta aurrenekoa agertzen den faborito. Ordu erdia egin eta gero belar kilo gehien ebakitzen dituzten aurreneko biak sartuko dira finala jokatzeko. Hauek euren lanak bukatutakoan, bigarren multzokoen txanda iritsiko da, eta han beste hiru segalari lehiatuko dira. Iñigo Merkader, Jexuxmari Ormaetxea eta Iban Pardo lehiatuko dira. Ormaetxearen itzulera izango da. Orendaingoa iaz ez zen atera lehiaketetan eta aurten berriro ere itzuliko da. Hasiera batean finalean sartzeko faboritoetako bat izango da, eta beste biak bigarren posturako lehiatu beharko dira. Hori da uste dena, baina gero dena belardian erakutsi beharko da, faborito izateak ez baitu ezer esan nahi. Hemen ere belar kilorik gehien ebakitzen dituzten aurreneko biek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Berrikuntzen aldetik, Ormaetxearen itzulera izango da, baina Lizaso eta Garaialde faltako dira aurtengo txapelketan. Berriro ere sei izango dira lehian arituko direnak, eta lehiaketa oso erakargarria geratuko da. Segalarien txapelketek ikusmin handia pizten dute, eta horregatik Gipuzkoako Federazioak ohar garrantzitsu bat ere bidali du, izan ere, gaur jokatuko da Zarauzko triatloia, eta horregatik Aiatik Andatzara doan bidea itxita egongo da. Horren ondorioz, saioa zuzenean ikusi nahi duenak Oriotik joan beharko du Andatzara. Ekinaldia ikusteko sarrerak, berriz, 10 euroren truke egongo dira salgai.