15 JUIN 2015 sokatira Gaztedi eta Goiherri berdinduta geratu dira bigarren saioan J.L. Gaztedi A eta Goiherri A berdinduta geratu ziren 640ko bigarren jardunaldian. Ondorioz, ekinaldi bat besterik ez da geratuko lehiaketa hau amaitzeko, eta Gaztedik jarraituko du lehen postuan. Bi talde hauen arteko dema handia dago denboraldi honetan, eta bietako edozeinek irabaz dezake. Herenegun jokatutako bigarren saioan, gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, baina euren arteko tiraldian bana egin zuten, bakoitzak tiraldi bat irabazi baitzuen. Garbi dago bi talde hauek beste guztien gainetik daudela, eta ezusterik ez bada, pisu guztietako txapelak euren artean banatu beharko dituztela. Goiherri B sailkatu zen hirugarren postuan. Erandiokoen bigarren taldeak aurreneko biekin galdu egin zituen bere tiraldiak, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituen, eta horrekin, hirugarren postua eskuratu ahal izan zuen. Laugarren postuan Gaztedi B taldea sailkatu zen. Gaztedi A eta Goiherrik aurkeztu zituen bi taldeak ezin izan zituen menderatu, baina bai Mutriku eta Gaztedi C, eta horrek balio izan zion laugarren postua eskuratzeko. Bere atzetik, bosgarren postuan sailkatu zen Mutriku. Aurtengo Euskal Herriko Txapelketan ari den talde gipuzkoar bakarrak Gaztedi C taldeari bakarrik irabazi ahal izan zion, eta azken talde honek itxi zuen sailkapena, jokatutako tiraldi guztiak galduta. Jardunaldi bakarra geratzen da jokatzeko maila honetan, eta txapela pil-pilean dago, azkeneko jardunaldian edozer gerta daitekeelako. Hori bai, Goiherri irabaztera behartuta dago bai bere saioa, eta bai ondoren kitarakoa ere; bestela, Gaztedik eramango du txapela.