30 JUIN 2015 ANTZERKIA Samurtasuna eta mina Jaime VALVERDE Ivan Cotroneo italiarraren “Un bacio” testu aparta oinarri hartuta, Tanttaka taldeak proposamen samur eta inarrosle bat lortu du, bullyng-aren eta homofobiaren gaiak jorratuz. Victoria Eugeniako areto txikian oholtza tipira igotako hiru aktoreen aitorpena entzun dugu, hunkiturik eta liluratuta. Soiltasuna eta edertasuna parez pare dituen obran, teatrotasuna biluzik agertzen da antzezpenak sortutako atmosfera intimoan, eta neuri gertatu zait aspaldi gertatu gabeko zerbait: ezarian-ezarian, aktore izateari utzi eta pertsona bihurtu dira antzezleak. Obraren osagai guztiek laguntzen dute sentsazio hori sortzen: testigantzen benetakotasuna, proposamenaren gertutasuna, hiru aktoreren lan fin eta zintzoa... “Muxu” honek frogatzen du ukitu xumeekin teatroak indar itzela izan dezakeela, ikuslerik soraioena hunkitzeko samurtasuna. Eta horrela, erraza balitz bezala, gizartearen aje larrienetakoak ukitu dituzte: hezkuntza sistemaren herdoila, patriarkatuaren biolentzia nonahikoa, emakumeenganako indarkeria, desberdin direnen bazterketa sistematikoa, eta jakina, norbanakoaren bakardadea. Antzezlan zoragarria iruditu zait “Muxua”, eta pozik hartu dut berau ikastetxeetan antzezteko bukaerako solasean iragarri duten asmoa. Espero dut eskolen arduradunek sentsibilitatea erakustea, egundoko teatro lan bat ikusteko ez ezik, ohiko ikasmaterialak baino askoz eraikigarriagoa den eta kontzientziatze-efektu izugarri eraginkorra duen testigantza bat entzuteko ere aukera izango bailukete ikasleek.