Dantzazaleez josiko dira Errenteriako kaleak larunbatean, XVII. Erromeria Egunean
Aurtengoa XVII. edizioa izango du Ereintza dantza taldeak antolatzen duen jaiegunak. Madalen jaien atarian ospatuko den festak egitarau oparo du. Musikariz eta dantzariz beteko dira Errenteriako kaleak.
Ereintza dantza taldearen eskutik, XVII. Erromeria Eguna izango da Errenterian, “Zatoz dantzara plazara” lelopean. Azken hamasei urteetako arrakasta baliatuta, edizio berri bat antolatu dute larunbat honetarako, uztailaren 18rako.
Herriko dantzei eta erromeriari bultzada bat emateko xedez ekin zioten jaiegun hau antolatzeari. Gipuzkoako Dantza Solte Txapelketaren 50. urteurrenaren harira sortu zen festa da. Hasieran «proba» moduko bat izan zela aitortu du Alain Mayak, Ereintza dantza taldeko kideak. Gerora, urtetik urtera festak arrakasta «handiagoa» duela adierazi du.
Madalen jaien atarian egiten den ekitaldi hau herritarren egutegian jaiegun finkoa bilakatu da.
Euskal Herriko txoko ugaritatik dantzazale «asko» hurbiltzen dela azaldu du Juantxo Maya Ereintza dantza taldeko kideak. Plazan izaten den giro «jator» eta «euskalduna» azpimarratu du. Halaber, herriko komertzioei «eskerrak» eman nahi izan dizkie, horiek «ahalbidetzen» baitute Erromeria Eguna urtez urte egin ahal izatea.
Egitarau oparoa
Ekitaldiz betetako eguna izango dute larunbatean Errenterian. Goizean, 10.45ean, diana joko dute herriko kaleetan zehar. Horren ondoren, 11.30ean, herritar guztientzako hamaiketakoa egingo da Koldo Mitxelena plazan. Eguerdiko 12.00etan, musikari eta dantzariak ibiliko dira herriko kaleak alaitzen.
Geroago, 13.30ean, Iurretako Mikel Deuna dantza taldeak eta Ereintzak saioa eskainiko dute Zumardian. Herritarrek tokian tokiko dantzak «ezagutu eta gozatu» ditzaten ekarri dutela Iurretako taldea azaldu du Alain Mayak.
Goizeko saioak amaituta, 14.30ean herri bazkaria egingo da Koldo Mitxelena plazan. Arratsaldean, 18.00etan hasiko da Erromeria Nagusia Zumardian. Jon Maia bertsolariak emango dio irekiera horri. Bertan parte hartuko duten taldeak, Juan Mari Beltran, Errege Belda-Andoitz Antzizar, Alkarkide txaranga eta Aiko taldea izango dira. Antolatzaileek musikari horiek bertan izatea «oso garrantzitsua» dela adierazi dute, plaza betetzeaz harago giro «aparta» ere sortzen dutelako.
Festa, hala ere, ez da larunbatean amaituko eta igandean izango du jarraipena Errenteriako Dantza Jaialdiarekin. Zeelanda Berriko, Senegaleko eta Ereintzako dantza taldeak izango dira protagonista egun horretan.