11 AOûT 2015 Aizkora Donato Larretxea eta Arria V.a oso indartsu daude Eurek eraman zuten Sunbillan jokatu zen Latasaren Oroimenezko Torneoa, itxura bikaina emanez. Jon LEUNDA Arria V.ak eta Donato Larretxeak irabazi zuten atzo Sunbillan jokatu zen Latasaren Oroimenezko Torneoa. Bi aizkolari hauek datorren abenduan elkarren aurkako apustua jokatu beharko dute, eta oso garbi utzi zuten biak oso maila onean daudela. Bikote bakoitzak hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu behar izan zituen, eta Sunbillako pilotalekura gerturatu ziren 600 zaleek gozatu ederra hartu zuten, oso norgehiagoka polita eskaini baitzuten aizkolari guztiek. Arria eta Larretxea hasieratik atera ziren oso indartsu, eta abantaila hartzen joan ziren, nahiz eta bukatu arte ezin izan zuten batere lasaitu. Lan guztiak burutzeko, 30 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten. Bigarren posturako oso lehia polita izan zen, baina azkenean Jon Rekondok eta Joseba Otaegik eskuratu zuten, euren lanak 31 minutu eta 5 segundoan bukatuz. Hirugarren geratu ziren txapela lortzeko faboritoak ziren Atutxa II.a eta Mugertza II.a. Beraiek, lan guztiak bukatzen, 32 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten. Aurreneko hiru sailkatuen artean minutu bat pasatxoko tartea besterik ez zen egon, eta hor ikusten da, nolako emozioa izan zen dena amaitu arte. Olasagasti eta Azurmendi (34.28), laugarren, eta Nazabal eta Erasun (34.49) izan ziren bosgarrenak. Bigarren Maila Bigarren Mailako saioa ere izan zen, eta maila honetan buruz buru neurtu ziren Iker Vicente eta Mieltxo Mindegia. Bertan 18 urteko Vicente II.a atera zen garaile. Bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta Otsagabikoak 9 minutu eta 19 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Mieltxo Mindegiak, berriz, 10 minutu eta 22 segundo. Txingetan, berriz, marka pertsonala egin zuen Xanta Sousa brasildarrak. Bera da emakumezkoen Nafarroako eta Euskal Herriko txapelduna, eta esku bakoitzean 40 kiloko txingak hartu, eta 10 plaza egin zituen. Hamaikagarrena hasteko asmoa ere bazuen, baina amerikarra ordurako nahiko larri zebilen, eta txingek ihes egin zioten, eta hortxe amaitu zuen bere jarduna, zaleen txalo artean. Neska honek ikaragarrizko maila dauka, eta beste behin agerian geratu zen hori.