17 AOûT 2015 ANTZERKIA Eta Gucci poltsak emakumeari esan zion Jaime VALVERDE Arrakasta dezente izan omen du kanpoan Txalok euskarara egokitu duen komedia honek, lau emakumek idatzia eta hiruk jokatua. Egungo emakumeen bizipenak hizpide hartzen ditu eta erritmo izugarri bizi batean garatzen da, aktoreak rolez rol eta egoeraz egoera etengabe aldatuz. Umore motari erreparatuta, aspaldion modan dauden stand up bakarrizketekin lotuko nuke nik, egunerokotasunari buruzko ateraldi xelebreekin publikoaren konplizitatea bilatzen baita. Hiru aktoreak kapazak dira abiadura zoroari eusteko eta ongiro egiten diete aurre egokitzen zaizkien erronka guztiei, dela dantzan, dela kantuan, dela atzerriko azentuak moldatzen (hori bai, ez dut ulertu zergatik kubatarren pasadizoan gaztelaniara jo den, ondoren mexikarrarena arazorik gabe euskaraz burutu badute). Edozein modutan, obrak konplitzen du publikoari lipar batez ere distraitzea eragozteko bere funtzioa. Emakumetasunaz egiten den gogoeta ordea, ez da ur handitan sartzen, emakumezko-manikiekin egiten den metaforak gehiagorako eman bazezakeen ere. Amatasunaren inposizio soziala edota Gucci poltsek emakumeengan sortzen duten ustezko erakartasuna, esaterako, ironiaz aipatzen dira, baina sakoneko kritikarik gabe.“Estupenda” egotearen beharrarekiko Stockholmgo sindrome izpi bat sumatzen dut nik, “Sex in New York” telesail famatuan bezalaxe. Izan ere, serie horren orbitan kokatuko nuke obrak darabilen emakume-ikuspegia: zorrotz eta bihurri baina baita amore-emailea ere. Gainerakoan, udako jai giroan eskakizun konplexurik gabe tarte entretenigarri bat pasatzeko antzokian sartzen dena pozik aterako da seguruenik, poteatzen jarraitzeko prest.