GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Lehen surf txapelketa ofiziala: Perun idatzi zen historia ezkutua

Hedabide anglosaxoiek ez zioten garrantzirik eman eta surf aldizkariek beste alde batera begiratu zuten, baina munduko lehen surftxapelketa ofiziala Perun izan zen. Ez da argazki askorik, baina emaitzak hor daude: garailea bertako surflari bat izan zen, Felipe Pomar.


Australian, 1964. urtean, Manly hondartzan ospatu zen aurreneko Munduko Txapelketa eta Bernand Farrelly izan zen irabazlea, surflari australiarra. Txapelketak sekulako arrakasta izan zuen, Hawaii, Kalifornia, Peru, Britainia Handia eta munduko beste zenbait lekutako jendea bertaratu baitzen parte hartzera. Komunikabideek jarraipen zehatza egin zuten eta egun haietan ateratako argazki andana daude.

1965ean Perun izan zen bigarren Munduko Txapelketa, ofizialki Lehen Munduko Txapelketa gisa bataiatua izan zena. Irabazlea Peruko surflari ezagun bat izan zen, Felipe Pomar gaztea. Txapelketa honek, ordea, ez zuen Australiakoak adina oihartzun izan, komunikabide anglosaxoiek ez zioten-eta garrantzirik eman nahi izan.

International Surf Federation (ISF) erakundeak 1965. urtean antolatu zuen munduko lehen surf txapelketa ofiziala Perun. Urtarrilaren 20an eta 21ean Liman elkartu ziren jatorri anitzetako lehiakideak, baina azkenean bertako surflari bat izan zen garailea: Felipe Pomar. Nesken kategorian, berriz, Joyce Hoffman kaliforniarrak eskuratu zuen txapela.

Hiru metroko olatu handi eta zailak izan ziren Peruko txapelketa hartan, eta nahikoa lan izan zuten lehian aritu ziren 54 parte hartzaileek. Surflari gehienak estatubatuarrak ziren. Kaliforniatik 22 lehiakide bertaratu ziren; gainontzeko gehienak, Hawaii, Australia eta Peru bertakoak ziren. Hegoafrika, Ekuador eta Frantziatik lehiakide bana ere izan zen.

Irekiera ekitaldian, lehiakide guztiek zeramaten gorbata eta jaka soinean, izan ere, hura ez zen edonolako txapelketa, ekitaldi garrantzitsua zen. Orduan Peruko presidentea zen Fernando Belaunde Terryk egin zien surflariei ongietorria.

Bertako surflariek zezenketa bat antolatu zuten bisitari ilehoriei bertako ohiturak erakusteko. Surflari batzuk zezenaren aurrean jartzera ere ausartu ziren, eta surfaren historian oso ezagunak bilakatu diren zenbait argazki momentu hartan bertan ateratakoak dira, Joey Cabell hawaiiarraren argazkia kasu.

Mike Doyle kaliforniarrak honela gogoratzen zuen momentu hura: «Zezenek adar puntak moztuta zituzten arriskutsuegiak ez izateko. Hala ere, zezenek zenbait lehiakide aurretik eraman zituzten, lurrean bueltaka ibili zenik ere izan zen, baina, zorionez, inork ez zuen zauri larririk izan».

Ingelesezko prentsak ez zion batere jaramonik egin munduko lehen surf txapelketari, nahiz eta, esan bezala, Peruko goi mailako politikari eta arduradunen babesa izan zuen. Nesken kasuan ere ia oharkabean pasa zen Miraflores hondartzan egin zuten lehiaketa. Adibide moduan, ordurako jada indarrean zen “Surfer” aldizkariak nesken emaitzak ez zituen argitaratu ere egin, nahiz eta lehen hiru postuak kaliforniarrentzat izan. Joyce Hoffman izan zen garailea, Nancy Nelson bigarrena eta Candy Calhoun hirugarrena.

Gizonen munduko surf txapelketa baldintza oso zailetan ospatu zen Punta Roca hondartzan. Limako hiritik 30 miliatara aurkitzen den urautsian olatuak handiak eta ilunak ziren. Lehen txandetako lehiakide batzuek ez zuten lehen lerroko urautsia gainditzea lortu eta beraz ezin izan zituzten olatuak atzetik hartu.

Bederatzi hilabete lehenago Australian egin zen munduko txapelketa ez ofizialean ariketa arinak egiten trebeak ziren lehiakideak nagusitu ziren, izan ere, olatuak txikiak izan ziren. Baina Perun egoera oso bestelakoa izan zen eta olatu handietan zaildutako surflariek egin zuten aurrera.

Gauzak horrela, batez ere Hawaiiko olatu handietan esperientzia zuten surflariak zeuden azken zortzi lehiakideen artean (Fred Hemmings, Paul Strauch eta George Downing). Hawaiiko Oahu irlaren iparraldean urautsi berriak estreinatu eta olatu handietan jendea trebatzen hasi zen garaia zen. Azken hemezortzi hilabeteak Hawaiin pasa zituen Felipe Pomar perutarra, ordea, etxean zen. Hawaiin ikasitakoa eta lekuaren ezagutzak emandako abantaila baliatu eta horri esker lortu ahal izan zuen titulu mundiala.

Txapelketa ikusgarria izan zen. Finalerdietan, esaterako, Nat Young aurkitzen zen. Oraindik 17 urte baino ez zituen australiar gazteak ez zuen olatu handietan esperientzia handirik, baina ordubete irauten zuen txandan 22 olatu hartu zituen.

Azken txandan sei lehiakide ziren. Faboritoa olatu handietako surflari hawaiiar bat zen, Fred Hemmings, baina ez zuen olatu onik hartzea lortu 90 minutu iraun zituen finalean. Paul Strauch hawaiiarra ere fin ibili zen, azken unera arte gogor saiatu zen eta momentu batean txapela eskuratzeko aukera asko ere izan zituen, baina honek ere ez zuen lehen postua eskuratu: hirugarren geratu zen.

George Downing olatu handietako surflari kaliforniarrak, berriz, taula galdu zuen olatu batean erori ostean eta denbora gehiena igeri egiten pasa zuen.

Bi australiar izan ziren finalean. Batetik, Ken Adler, inork gutxik espero gabe finalera iritsi zen lehiakidea, eta, bestetik, bere onenean zen Nat Young surflari gaztea. Azken hori ere bikain aritu zen, baina bigarren geratu zen; oraindik ere beste urte bat itxaron behar izan zuen titulu mundiala eskuratzeko.

Filipe Pomar izan zen garailea. 21 urteko Peru bertako surflaria, gizon isil eta irribarretsua, erreportariek latin gentleman gisa aurkezten zutena. Surflari arrunt bezala itsasoratu omen zen final hartan, baina irten zenean beste bat zen jada. Heroi bilakatu zen herritarren begietara, jarri zioten ezizenak argi uzten duen bezala: El Toro Salvaje de Punta Roca.