07 SEPT. 2015 sokatira Euskal Herriak lau domina lortuta bukatu du Europakoa Azkeneko egunean, 640koan laugarren postua eskuratu zuten mutilek. Jon LEUNDA Amaitu da Europako Txapelketa, eta Euskal Herriak lau domina eskuratu ditu. Ezin esan emaitza txarra denik. Atzo bosgarrena oso gertu izan zuen, baina mutilen 640koan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Lan bikaina egin zuen maila honetan Euskal Herriko selekzioak. Pisu honetan, gainera, hasi aurretik ez zegoen aparteko itxaropenik, baina aurrera egiten joan ziren eta finalerdietan sartu ziren. Finalerako txartelik lortu ez, eta hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu behar izan zuten Suediako selekzioaren aurka, baina hori ere ezin izan zuten mendean hartu, eta amaieran laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Finalean Suitzak irabazi eta urrea eraman zuen, eta zilarrezko domina, berriz, Alemaniak eskuratu zuen. Beste bi mailetan ere aritu ziren atzo euskal tiralariak, baina ez zuten bigarren fasera sartzerik lortu ez batean ez bestean. Neskak 520koan lehiatu ziren eta 23 urtez azpikoak 600ekoan ere lehiatu ziren, baina bietako inork ez zuen aurreneko fasea gainditu. Behin dena amaituta, balantzea egiteko tenorea da; Euskal Herriak egin duen lana bikaina izan da. Hasi aurretik dominaren bat lortzea zen helburua, eta laurekin etorriko dira. Bestalde, kluben mailako lehiaketan bi urrezko domina lortu zituen Euskal Herriak, eta biak, gainera 560koan izan ziren, horretan bi urrezko domina kolkoratuta etxeratu baitziren. Mutiletan Goiherrik irabazi zuen, eta nesketan, berriz, Gaztedik. Horrekin hasiera bikaina eman zitzaion Europako Txapelketari. Bigarren egunean, kluben azkenekoan, ezin izan zuten bezperakoa errepikatu, eta dominarik gabe amaitu zuten. Selekzioen mailan, berriz, lehen eguna ona izan zen. Mutilen 560koan hirugarren postua eskuratu zuten, brontzezko domina, eta 600eko mistoan, berriz, zilarrezkoa. Beraz, eta kontuan hartuta lau talde besterik ez direla ari lanean lur gainean, handia egin dute. Txapeldunen Urrezko Aizkora, azken txanpan Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga azken txanpan sartzera doa, eta orain egun gutxitan hiru jardunaldi jokatu beharko dituzte. Bihar, 12.00etan, Urdulizen jokatuko da saio horietako bat. Bertan Aitzol Atutxa eta Donato Larretxea izango dira aurrez aurre. Neurketa polita izango da. Atutxak orain arteko saio guztiak irabazi ditu. Etzi, 18.00etan, Samaniegon jokatuko da saioa, baina oraingoan ordezkoak arituko dira, titularrek ezin izango baitute neurtu. Alde batetik, Ruben Saralegi izango da, eta bestetik, Iker Vicente. Atutxa eta Azurmendi ordezkatuko dituzte. Saio honetako azkeneko neurketa larunbatean jokatuko da Ubondon; hor neurtuko dira Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo. J.L.