14 SEPT. 2015 Aizkora Atutxak irabazi du Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga Egungo Euskal Herriko txapeldunak bereganatu zuen Jon Rekondoren aurka jokatu zuen norgehiagoka. Leitzarrak, berriz, itxi egingo du sailkapena. Jon LEUNDA Aitzol Atutxak irabazi du Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga. Bizkaitarrak aurkeztea nahikoa zuen txapela lortzeko, eta ez hori bakarrik, azkeneko norgehiagoka ere irabazi egin du egungo Euskal Herriko txapeldunak. Jon Rekondoren aurka jokatutako neurketan ekinaldi guztiak irabazi zituen. Leitzakoak azkena ez geratzea zuen atzoko saioan jokoan, baina nafarrak ezin izan zuen aurre egin, eta sailkapena itxiz amaituko du lehiaketa hau. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren aurreneko proban, eta bizkaitarrak ez zuen barkatu, enborra 53 segundoan bota baitzuen, Rekondori 13 segundoko aldea aterata. Bigarren lanean, bakoitzak 45 ontzakoa ebaki behar izan zuen berriro ere, baina kasu honetan erlojuz kontra, eta garaipena Aitzol Atutxak lortu zuen, eta oraingoan alde handiagoa lortuz; izan ere, lana minutu eta 23 segundoan amaitu zuen, eta 22 segundo gehiago sartu zizkion. Bi proba besterik jokatu ez, eta 37 segundoko aldea zegoen bi aizkolarien artean. Hirugarren lanean, aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa ebaki behar izan zuen, oraingoan zutikakoa. Atutxak aldeak handitzea lortu zuen berriro ere; izan ere, bere lana minutu eta 54 segundoan amaitu zuen, eta 15 segundo sartu zizkion Rekondori. Aldea gero eta handiagoa zen, eta bi lanik handienak falta ziren. Garbi zegoen Rekondok berehala erreakzionatzen ez baldin bazuen, garaipena zeinek eramango zuen, ordurako txapela erabakita baitzegoen, aurkeztearekin nahikoa baitzuen Aitzol Atutxak. Azken-aurreko proban aizkolariek 60 ontzako enborra ebaki behar zuten. Jon Rekondok garaipena lortzeko irabazi beharra zeukan, bestela garaipena lortzea gero eta zailagoa zeukan. Egungo txapeldunak, ordea, ez zuen barkatu, eta garaipena beretzat eraman zuen. Lan guztiak burutzeko 3 minutu eta segundo bat behar izan zuen. Rekondok, berriz, 43 segundo gehiago behar izan zituen, eta horrekin saioa ia erabakita geratu zen. Minutu eta 33 segundoko aldea zegoen bien artean, eta iraupen proba bakarrik falta izanda, garbi zegoen horri buelta ematea ia ezinezkoa izango zuela nafarrak. Errematea Dena bukatzeko iraupen proba besterik ez zen falta, eta aizkolari bakoitzak sei kana-erdiko ebaki behar zituen. Tarte handia zuen alde Aitzol Atutxak, eta proba honetan errematea eman zuen. Lan guztiak bukatzeko, 15 minutu eta 28 segundo behar izan zituen, eta Jon Rekondok, berriz, 16 minutu eta 22 segundo. Euskal Herriko txapelduna hasieratik bukaerara jaun eta jabe izan zen, eta amaieran ongi merezitako garaipena eskuratu zuen. Lan guztiak burutzeko 22 minutu eta 39 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak, eta Jon Rekondok, berriz, 25 minutu eta 6 segundo behar izan zituen. Honekin, amaitu da Txapeldunen Liga, eta honela geratu da sailkapena: Atutxa txapeldun, 11 punturekin; bigarren, Azurmendi, 9 punturekin; hirugarren, Larretxea, 8rekin; eta azkena, Rekondo, puntu kopuru berberarekin. Orain Urrezko Aizkorako Kopa jokatuko da, baina lan bakar batera jokatu beharko dute, orain arteko jokatzeko era aldatuz. BAKARRA GALDU DU Aitzol Atutxak Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga bikaina egin du. Jokatu dituen proba guztietatik bakarra galdu du, eta hori ez zuen berak jokatu, bere ordez aritu zen Ruben Saralegik baizik.