GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
XABIER OLARRA
ITZULTZAILEA

«‘Ulises’ falta zen Joycekin konplitzeko eta funtzio hori bete dugu »

2022an jarri zuen Xabier Olarrak (Tolosa, 1958) James Joycen «Ulises» euskaratzeko helmuga, jatorrizkoaren argitalpenaren mendeurrenean. Hiru urtean amaitu ditu lanak, ordea. XX. mendeko literatur lanik esanguratsuenetakoaren itzulpena gogotsu hartu zuen, nahiz eta jakin liburuak badituela inoiz konponbiderik izango ez duten arazoak. Igela argitaletxearekin argitaratu berri du.


Noiztik darabilzu Joycen «Ulises» argitaratzeko ideia?

Hasi baino lehenago komentatu izan genuen, baina inolako asmo jakinik gabe. ‘Noiz egin beharko ote da hori?’. Aspaldi-aspaldiko kontua ere bazen. Uste dut Joxe Azurmendik esan zuela euskara ez zela hizkuntza osoa izango ‘Ulises’ itzulia izan arte. Eta gero beti aipatzen da Gabriel Arestik ere egin zuela, baina zer egin zuen edo zenbat egin zuen seguruenik ez da sekula jakingo. 2008 aldera hasi ginen serio gauzak planteatzen, behintzat hori noizbait egin beharko zela eta horrekin hasi ginen. Baina inork ez zuen esaten ‘bati esango diogu’, edo ‘besteak egin dezake’. Aldundiko lanetik erretiroa hartu nuenean pentsatu nuen denbora behintzat izango nuela. Presarik gabe, 2022rako, “Ulises” argitaratu zen egunaren mendeurrenerako egitea pentsatu nuen. Baina, ondoren, Europar Batasunari eskatu genion diru laguntza bat eta bi urtean burutu behar zen proiektua. 2015eko ekainaren 16an amaitzen zen epea, Bloom's Day esaten zaion egun horretan, “Ulises”-eko kontakizuna gertatzen den eguna, hain zuzen.

Hamar urtean egitea pentsatu zenuen lana bi urtean egin duzu, beraz.

Zehazki, hiru urte izan dira. Diru laguntzak eskatuta amaitzeko epea bi urtekoa da, baina horrek ez du esan nahi lanak aurreratuak izan ez ditzakezunik. Horrelako lan batean testua ondo irakurri behar da, edizio desberdinak, biografiak… eta hori guztia hiru urtean egin dut.

Hain lasai ez duzu lan egin orduan.

Ez, bada. Behin proiektua gauzatzeko epea daukazunean horrek eskatzen dizu egunero-egunero, jai eta aste, jo eta ke aritzea horrelako liburu batekin. Eta hala ere, denbora beti gutxiegi da. Zeren badaude arazo batzuk oso erraz konpontzen direnak, edozein itzulpenetan bezala, baina badaude beste batzuk inola ere konpondu ezin direnak. Horietan saihesbideak bilatu behar dituzu, testuak ordeztu….

Zergatik hainbeste urte «Ulises» euskarara ekartzeko?

Obra den bezalakoa delako. Jende askok irakurtzeko ere nahiko lan izan du, iruditzen zaiolako testu oso kriptikoa, misteriotsua dela eta batez ere itzulpena ez delako erraza. Eta gero pentsa daiteke liburu horrek izango dituen irakurleak ez direla asko izango eta faktore horiek guztiek izango zuten garrantzia. Azkenean hori gertatu da, orain arte inork ez diola heldu.

Itzulpen lana, orokorrean, nolakoa izan da?

Nik gustu handiarekin hartu nuen hasieratik. Pasatu baldin baditut hogei urte Nafarroako Aldizkari Ofizialean pentsatuko duzun moduko testuak itzultzen, horren ondoren edozein gauza izan liteke interesgarri. Baina XX. mendeko nobelarik esanguratsuena esku artean baduzu, gustua aterako diozu, ziur.

Estiloari eusteko klasikoetara ere jo duzu?

Honekin gertatzen dena da era askotako testuak daudela jatorrizkoan. Bata da mende hasierako ingelesa, Dublinen hitz egiten eta idazten zena, eta gero badaude parodia egiten den testu mordoxka bat, ‘pastitxeak’ esaten zaienak, hau da, antzinako autoreen imitazioa, eta euskaraz ere baliabide ahal dituzun guztiak erabili behar dituzu. Egunkari bateko parodia baten testua baldin bada, egunkarietan erabiltzen den hizkera erabili beharko duzu. Edo baldin bada turismoko prospektoen parodia testu bat, hemen guk gaur egun euskaraz erabiltzen dugun propaganda estiloa erabili beharko duzu. Eta baldin badaukazu testu bat XIV, XV edo XVI. mendekoa dena, horren parekoak bilatu beharko dituzu.

Itzulpenerako beste laguntza iturriak izan dituzu, biografiak, bestelako edizioak…

Bai, noski, horietara guztietara jo beharra nuen. Funtsean, horrelako testu bat, non Joycek berak nahi baitzuen irakasle jendea eta espezialistak 200 urtean eduki berak zer esan nahi zuen eztabaidatzen, ba horiek guztiak horretaraxe jarri dira. Badaude “Ulises” ohardunak, ezinbestekoak direnak “Ulises” ulertu ahal izateko. Eta badago liburu bat, “Annotated Ulysses” (Don Gifford), eta hori aldamenean ez baduzu, erabat galduta zaude. Hori izanda ere, askotan ezingo diozu hor dagoen karga guztiari erantzun egokia eman. Konformatu beharko duzu testuari hurbilketa bat egiten. Baina hori itzulpen guztietan gertatzen da, bakarrik hemen nabarmenago gelditzen dela. Nik edizio ohardun bat egin dut eta esplikatzen dut zergatik gauza batzuei ezin zaien buelta eman.

Liburua argitaratu eta antzerkira ere eraman da.

Liburua argitaratzear zegoela pentsatu nuen liburua hain urruna egiten zaiona irakurleari hurbiltzeko modu interesgarria zela. Antzerkian ematen dena da liburuaren bukaerako episodioa, Molly Bloomen bakarrizketa. Bakarrizketa horrekin egin izan dira gaztelaniaz, italieraz, ingelesez lan desberdinak. Nik Dublinen ikusi nuen iaz, Blooms Day horretan aktore bat bakarrizketa horren antzerki moduko bat egiten. Pentsatu nuen hori hemen ere egin zitekeela eta horregatik aukeratu genuen irailaren 8a, hori baita emakume horren jaioteguna, Agerre Teatrorekin taularatzeko. Laster Iruñera ere etorriko da. Pentsatzen dut horrek guztia liburuarentzat eta jendea hurbiltzeko balioko duela.

Esan daiteke, beraz, itzulpen honekin euskal literaturan hutsik zegoen zuloetako bat betetzat ematen dela?

Bai. Joycen obra inportanteenak hiru dira. Bata da “Artistaren gaztetako portreta” eta bestea “Dublindarrak”. Biak Irene Aldasorok itzuliak daude. “Ulises” falta zen Joycekin konplitzeko eta funtzio hori bete dugu.