21 SEPT. 2015 Eskalada Pedro Cifuentesek eskura izan du Trangoko «Spanish route» Eskalatzaile espainiarrak bakarkako saioa egin du Izenik Gabeko Dorrean dagoen bide horretan. Gailurra lortzeko soilik 100 metro edobi luze falta izan zaizkio. Cifuentesek aitortu du gehiegi arriskatu duela, eta fisikoki zein psikologikoki leher eginda amaitu duela. Andoni ARABAOLAZA «Esan didate inoiz baino gehiago arriskatu dudala. Eta ez da lehen aldia esaten didatena. Baina, berez, han beste era batera ikusten duzu. Egoera bitxi batean murgiltzen zara. Segundoero arriskuak eta arazoak sortzen dira; horietako batzuk, gainera, konponezinak. Eta egiten duzuna da bata bestearen atzetik konpontzen saiatu; eta horrek aurrera eramaten zaitu. Eskalada honetan ohartu naiz oso zaila dela norberaren muga non dagoen jakitea. Gailurra zapaltzeko 100 metro edo bi luze falta zitzaizkidan. Eta hain gertu egonda, eta hainbeste egun borrokatzen igaro ondoren, jaistea erabaki nuen. Agian jarrai nezakeen, baina, jaisten ari nintzela, konturatzen nintzen neure mugan nengoela. Soka botatzeko indarrik ez nuen. Hutsik nengoen. Argi dut bi luze horiek eskalatu izan banitu, jaisteko indarrik ez nukeela izango». Hitz gordin hauek Pedro Cifuentesenak dira, Trangoko multzoko Izenik Gabeko Dorrean (6.293 m) dagoen “Spanish route” bidean (ED, A3, 6b+, 1.500 m) eginiko jarduera burutu eta gero egin zituen adierazpenok. Bide hori duela 26 urte zabaldu zuten Miguel Angel Gallego, Jose Luis Clavel, Antonio Chiri Ros eta Pepe Seiquer-ek. 36 luze ditu, eta munduko luzeenetako bat da. Datu adierazgarri bat: ez du errepikapenik jaso. Horretan saiatu da uda honetan eskalatzaile espainiarra; beti bezala, bere estiloa aldarrikatuz: konpromisoa eta bakarka. ‘Errazagoa’ zuen dorre berean “Piola” edo “Eternal flame” bideetan saiatzea, baina Cifuentesek argi eta garbi zuen: errepikapenik ez zuen munduko bide luzeenetariko bat eskalatu nahi zuen. Eta, jarduera honetan, apustu horrek muturrera eraman zuen. Bigarren urtez jarraian “Spanish route”-ren aurrean jarri zen; berriro ere, bakarkako estiloan. Iaz ondo baino hobeto aztertu ondoren, protagonistak jakin bazekien oso zaila izango zuela. Baina aurtengo saioan, bederen, hasiera ondo bideratu zuen. Uztailaren 23an lehen urratsak egin zituen, eta iaz blokeatuta geratu zen zeharkaldia aise gainditu zuen: «Zati horretan elur pixka bat zegoen, eta sokarik gabe gainditu nuen. Hiru egunean, 800 metro eskalatu nituen. Ez zuen egin iazko eguraldi bikaina, baina baldintza egokiak zeuden. Baina, jarraian, eguraldia okertu egin zen, eta lehen elurteak eta tenperatu baxuak jasaten hasi nintzen. Eskaladari tinko eustea erabaki nuen, eta egunero, metro gutxi baziren ere, eskalatzeko aukera nuen. Ezbehar bat ere izan nuen; 10 metroko eroriko baten ondorioz, bi hatzetan hartu nuen min». Abuztuaren 5erako, Cifuentes egoera zailean zegoen; hots, janari eta energia gutxi zituen. Alabaina, azken saioari ekin zion. Bi egun aurretik zituen, eta tontorra estilo arinean (soilik lo zaku batekin) egin nahi zuen. Bustia zegoenez, “Spanish route” utzi eta «britainiarren bidean» sartu zen. Baina, aurreratu dugun bezala, gailurretik 100 metrora zegoenean jaisteko erabakia hartu zuen. Mugara eraman zuen jaitsiera izan zen, baina, behatzetan izozteak bazituen ere, hiru egun beranduago kanpaleku nagusian zegoen. Hitz gutxitan, honakoa da eskalatzaileak atera dituen ondorioak: «Eguraldiak asko zigortu nau. Gailurra egin ondoren, ‘esloveniarren bidetik’ edo ‘Eternal Flame’ bidetik jaitsi nahi nuen; izan ere, bi bide horien rappelak atonduta daude. Baina, azkenean, ‘britainiarrenetik’ jaitsi nintzen. Gaizki jaitsi nintzen, ia mugan eta janaririk gabe. Tontorra zapaltzeko soilik artesi zabal bat eta elurrezko aldats bat eskalatu behar nituen. Baina bazirudien dena nire aurka zegoela: paretan egun asko egin nituen, bi gau erlaitz batean ikaragarrizko hotza jasaten igaro nuen, janaririk gabe, eguraldi makurra... Horregatik zentzuzkoena jaistea zela erabaki nuen. Tontorra erdiestea oso ondo dago, baina eginiko abenturari garrantzia ematen diot: 18 egun paretan zintzilik, 26 urtean handik inor pasatu gabe... Hori da eskaladaren esentzia, eta uste dut galtzen ari garela. Nik, bederen, hori bilatzen dut. Jaitsieran, poltsa batean olo pixka bat aurkitu nuen; azken bi egunetako otordu bakarra izan zen. Kanpaleku nagusira, berriz, leher eginda iritsi nintzen; sasoi aldetik zein burutik. Besteak beste, gailurra hain hurbil eta, era berean, hain urruti edukitzeagatik». Saio bikaina Irakurtzen den legez, Cifuentesek «espainiarren bidean» bizitakoa oso muturrekoa izan da. Berak aitortu duenez, duela bi urte Patagoniako Paineko Dorreetan eginiko goi mailako jarduera baino askoz ere gogorragoa: «Dorre horien lehen zeharkaldi integrala egin nuen. 29 egun eman nituen jarduera horretan, baina ez ninduen muturrera eraman. Ez da nire lehen espedizioa, eta ez da azkena izango. Nik ez dut tontorrik bilatzen, bizipenak baizik. Oso zaila da zuei, irakurleei, bakarkako eskalada batean bizi duzuna era egoki batean igortzea. Alpinismoaren esentzian sinisten dut. Nik eskalatutako bidean zabaldu zutenak baino ez dira pasatu, eta, agian, han bakarrik sartzea eromena izango da. Batez ere eguraldi gaiztoak harrapatzen bazaitu, eta niri hori gertatu zitzaidan. Murru erraldoi batean sartu nintzen: elurtegi handi batekin, zeharkaldiekin, lubiziekin, arroka txarrekin, konpromisoarekin, abenturarekin.... ‘Etenar Flame’-n edo ‘esloveniarren bidean’ sartzea ezberdina da oso: gailurra erdiesteko azkarrak dira, parabolt batzuk dituzte, azkar jaisten da, oso zuzen... Eta nik, berriz, aipatu ditudan beste egoera horiek bilatzen ditut. ‘Britainiarren bidea’ zeharkatu nuenean, alpinismoaren aztarnekin egin nuen topo: kalamuzko soka bat! Eta horretaz gain, inoiz ikusi ditudan formarik ezberdinenak zituzten mosketoiak. Horretaz guztiaz gain, telefonoak ez zuen bere lana egiten: ez nuen informaziorik, eguraldiaren iragarpenik... Alpinismoaren esentzia horrek (batez ere bakarrik bazoaz) asko zigortzen zaitu. Eskalada osoa, garraio guztiak barne, zuk zeuk egiten dituzu, eta hormatzar batean eta 6.000 metroko garaieran bakarka eskalatzea oso zorrotza da». Aurreratu dugun bezala, nahiz eta “Spanish route” izan Cifuentesen xedea, azkeneko zatia «britainiarren bidetik» jarraitu zuen: «‘Espainiarrena’ oso bustia zegoen. Goizetan, eskalatu behar nituen artesiak izoztuta zeuden, eta eskalatzea ezinezkoa zen. Eguerditik aurrera, berriz, ibai bat zirudien. Eraman nuen soka izoztu zen, eta ondoren hezetasun handia hartu zuen: bere diametroa hirukoiztu zen! Zeharkaldi bat egin eta gero, ‘britainiarren bidean’ sartu nintzen, eta, arestian esan dudan legez, alpinismoaren historiaren aztarna horiekin egin nuen topo». Azkenik, Cifuentesek aitortu du, bidearen zailtasunak eta batez ere eguraldiak eskalada ia osoa baldintzatu zutela: «Paretan egun asko neraman, eta janaria bukatu zitzaidan. Azken metroak estilo arinean egin nituen, eta bi gau oso gaizki pasatu nituen. Nahiz eta, ondo baino hobeto babestu, hotz ikaragarria jasan nuen. Ez nuen lorik egin. Azkenean, izozte batzuk izan ditut. Bederen, onik atera naiz; eta hori da hoberena». LUZEA Duela 26 urte zabaldutako bide horrek ez du oraingoz inolako errepikapenik jaso. 1.500 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: ED, A3, 6b+. MUTURRERA 18 egun hormatzarrean igaro zituen, eta Cifuentesek onartu du fisikoki zein burutik muturreko egoera batera heldu zela. BAKARKA Bigarren urtez jarraian, Pedro Cifuentes eskalatzaile espainiarra Trangoko multzoko «Spanish route» bidea osatzen saiatu da. Gailurretik bi luzera geratu da.