Dena prest Galea Puntako olatu handien lehiaketarako
World Surf League (WSL) erakundeak aditzera eman du Galea Puntan egiten den munduko olatu handien txapelketa zein datetan izango den. Txapelketa hau Europan egiten den Big Wave World Tour (BWWT) itzuliko lehiaketa bakarra da eta azken urteetan arrakasta itzela izan du, mota honetako txapelketak egitea ez baita batere erraza.
Beraz, aurtengoan ere, itsasoak laguntzen badu, olatu handietako munduko surflari ezagunenak ikusi ahal izango ditugu Getxoko itsaslabarretan surf egiten. Azken bi urteetan bezala, itxaronaldi epeak irauten duen artean behar adinako itsaski handi bat sartzen bada, ikuskizuna ziurra izango da.
Datorren urriaren 15ean hasiko da txapelketa egin ahal izateko da itxaronaldi epea eta gehienez 2016ko otsailaren 28a bitartean luzatu ahal izango da. Bitarte horretan txapelketa egiteko gutxieneko baldintzak izan daitezkeela aurreikusten bada, antolatzaileek mundu osoan barreiatuta dauden lehiakideekin kontaktuan jarri eta deialdia egin beharko dute.
Gutxienez astebeteko aurrerapenez egin ahal izango dute deialdia antolatzaileek, eta lehen fase horretan txapelketa alerta horian sartuko da. Egunek aurrera egin ahala, eta itsaskiak beharrezko baldintzak eskainiko dituela ziurtatzen bada, orduan alerta gorria bilakatzen da eta kasu horretan lehiakideek Galea Puntako txapelketa eremuan prest egon beharko dute; izan ere, kasu horretan edozein momentutan egin daiteke txapelketa.
Baina era berean, gerta liteke fase horian, egunek aurrera egin ahala, aurreikusitako itsaskiak indarra galtzea eta deialdia bertan behera geratzea.
Txapelketa egiteko bete behar diren baldintzen artean olatuen tamaina dago, gutxienez 45 oineko altuera izan behar dute, alegia zazpi metrotik gorako olatuak izan behar dira eta deialdia zenbait egun lehenago egiteko antolatzaileek ziurtasun osoa izan behar dute; beraz, ez da batere erraza izaten olatu handietako txapelketa bat antolatzea; izan ere, itsasoaren esku dago txapelketa egin ahal izatea, eta horrez gain lehiakide eta antolatzaileen artean ongi koordinatzea ezinbestekoa da.
Guztira 24 lehiakide izango dira uretan, sei kidez osatutako lau txandatan banatuta eta puntu gehien lortzen dituzten hiru lehiakideek pasatu ahal izango dute hurrengo txandara. Munduko olatu handietako lehiakide ospetsuenekin batera bertako surflariak ere izango dira, aurreko urteetan lortutako emaitzei esker beren plaza lortu dutenak zein lekuaren ezagutza eta esperientzia kontuan hartuta hautatuak izan direnak.
Ipar hemisferioan egingo diren olatu handietako lau txapelketen artean aurkitzen da Galean egingo dena, eta BWWT itzulian aurtengoan zazpi txapelketa baino ez daudela kontuan hartuta, bertako surflarien komunitatearentzat ohore handia da halako txapelketa bat egiteko aukeratua izatea.
Antolatzaileen esanetan, azken urteetan 10.000 ikusle gerturatu da txapelketa ikusgarri honekin gozatzera eta aurtengoan berrikuntzak ezartzeko lanean ari dira, betiere ikusleei erraztasunak emateko helburuarekin. Sariei dagokienez, berriz, guztira 50.000 dolar amerikar banatuko dira saritan.