26 SEPT. 2015 Harri-jasotzea Kintopekoen Txapelketan, Lopetegi eta Etxeberria harri-jasotzaile bakarrak J.L. Euskal Herriko Kintopekoen harri-jasotze eta orga-jokoko finalak jokatuko dira bihar Etxebarrin, Kukullaga parkeko kirol- degian, 12.30ean hasita. Organ partaide asko izango dira, baina harri jasotzen gutxi. Harri jasotzen gazte mailako finala izango da. Dezente dabiltza adin horretakoak, baina bi besterik ez dira izango final honetan. Alde batetik, Mikel Lopetegi; eta bestetik, Gorka Etxeberria, lehen aldiz izango dena txapelketetan parte hartzen. Idoia Etxeberria harri-jasotzailearen anaia da. Kirolari bakoitzak 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko zilindro zaharra erabiliko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, hiruna minutuko txanda bat izango dute. Lopetegi da txapela lortzeko faborito nagusia. Ez gazte mailan bakarrik, helduetan ere jadanik zeresana ematen ari da, eta torneoren bat ere irabazi du. Harri hauekin, gainera, primeran moldatzen da. Orga Orga-jokoan, aldiz, parte-hartze handi samarra iragartzen da. Bertan izango dira, Oskar Perez, Ousmane Drame, Alejandro Fernandez, Juan Carlos Lesaka, Pierre Casusso eta Jerome Lartzabal. Guztiak ere maila handikoak dira, eta ikuskizuna segurtatuta izango dute. Ousmane Drame da irabazteko faborito nagusia. Bera da egungo txapelduna, eta azkeneko erreferentzia pasa den asteko Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketan dago, han ere nagusi izan baitzen. Han izan ez zena, ordea, Pierre Casuso da. Lapurtarren arteko giro kaskarraren ondorioa izan zen, baina Euskal Herrikoan hor izango da, eta senegaldarraren etsairik handiena izango dela dirudi, nahiz eta Jerome Lartzabal ere ezin den bazterrean utzi. Hala ere, Drame jotzen dute gehienek nagusi, eta bera ikustea bakarrik ere gozatzekoa da.