05 OCT. 2015 Aizkora Vicentek ezustea eman eta Nafarroako txapela lortu du Otsagabiko aizkolariak 18 urte besterik ez ditu, eta historiako txapeldunik gazteena bihurtu da. Jon LEUNDA Iker Vicentek eman zuen atzoko ezusterik handiena, Nafarroako Lehen Mailako txapela irabaziz. Otsagabiko gazteak 18 urte besterik ez ditu, oraindik gazte mailan aritzeko adina dauka, baina jadanik maila nagusiko txapela irabazi duen historiako aizkolaririk gazteena bihurtu da. Jendetza batu zen atzo Etxarrin finala ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak, bi oinbiko, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen, hau da, Euskal Herriko Txapelketako finalean baino bi oinbiko gutxiago. Floren Nazabal zen garaipena lortzeko faborito nagusia. Berak irabazi zuen kanporaketa, baina atzo ikaragarrizko lana egin zuen gazte bat agertu zen. Iker kanporaketan bigarren izan zen, eta lan handietan zer gertatuko ote zen jendeak zalantzak bazituen, baina atzo horiek denak uxatu zituen. Bere erritmoan egin zuen lana Vicentek, behetik gora, eta amaieran sekulako joa erakutsi zuen; azkenean, ia bi minutuko aldea kendu zion Floren Nazabali. Lan guztiak bukatzeko 30 minutu eta 17 segundo behar izan zituen. Floren Nazabal izan zen bigarrena. Apustu guztiak bere alde zeuden, baina Etxarriko aizkolariak ez zuen garaipen batekin agurtzerik izan Nafarroako Txapelketa. Izan ere, bukaeran zurrumurru guztiak baieztatu zituen: urte honen amaieran utzi egingo du aizkora. Behin bigarren postua segurtatu eta aurrenekoa ezinezkoa ikusi zuenean, bigarren tokia segurtatzera joan zen. 31 minutu eta 56 segundoan amaitu zituen lan guztiak Nazabalek bere azkeneko Nafarroako Txapelketan. Hortik atzerakoen arten lehia polita izan zen, eta hor garaile Juanjo Lopez atera zen, hirugarren amaitu baitzuen 33 minutu eta 32 segundorekin. Laugarren postuan, berriz, Jon Rekondo sailkatu zen. Leitzako aizkolariak bere lanak egiteko 34 minutu eta 33 segundo behar izan zituen guztira. Sailkapena Ruben Saralegik itxi zuen, leitzar gazteak 35 minutu eta 22 segundoan amaitu baitzituen lan guztiak. Azkenik aipatu Vicentek errekor berri bat jarri zuela atzokoan, gazte mailako inork ez baitzuen orain arte irabazi maila nagusiko txapelketa bat. Hurrengo erronka Euskal Herriko Bigarren Mailakoa izango du; irabazi eta Lehen Mailara igotzeko asmoz plazaratuko da.