Angeluko hondartza:Euskal Herriko hondartza luzeena
Aturri ibaiaren mendebaldean daude Angeluko hamaika hondartzak. Ia bost kilometrotan zehar mota guztietako urautsiak izaten dira. Maila guztietako surflari zein modalitate anitzetako kirolarientzat egokiak dira. Udazkeneko itsaskiez gozatzeko leku bikaina da.
Angelu, Euskal Herriko hondartza luzeena, udazken garaian surf egitera joateko leku ezin hobea da. Mota guztietako olatuak eskaintzen dituen hondartza hau, hasiberrientzat zein adituentzat aukera bikaina izan daiteke.
Angeluko olatuen kalitate ona mundu mailan ezaguna da; izan ere, txapelketa garrantzitsuak egin izan dira eta egiten dira bertan. Azkenekoa, esaterako, Amodio Ganbera hondartzan izan zen, abuztuko azken astean. QS mailako 1.500 puntuko txapelketa izan zen eta Pauline Ado hendaiarra eta Bino Lopez brasildarra izan ziren nesken eta mutilen kategorian txapela irabazi zuten bi lehiakideak.
Aukera asko
Modalitate anitzetako kirolariak topa daitezke Angelun. Hegoaldeko hondartzetan baino aniztasun handiagoa dago; izan ere, aukera asko eskaintzen duen kostaldea da. Bodyboard, longboard, shortboard (ohiko taula motza), gondola (Stand Up Padle) edo bodysurf (txanpan olatuak hartu) egiten duen jendea topa dezakegu urautsi berean, baina badira modalitate jakin batzuetarako hobeak izan daitezkeen egunak eta lekuak.
Esaterako, Landetako olatuen antz handia duten olatuak izan daitezke Angelun, txanpan, bodyboard batekin edo taula motzarekin hartzeko egokiak, eta handik gertu taula handi batekin hartzeko edo hasiberrientzako egokiak diren olatuak ere izan daitezke.
Hego Euskal Herriko hondartzekin alderatuz gero, esan daiteke tuboak egiteko aukera gehiago eskaintzen duela Angeluk. Hondartzako urautsiak izateko kalitate handiko olatuak eskain ditzake hondartza honek eta horregatik egiten dira mota desberdinetako txapelketa garrantzitsuak bertan.
Orain, udazken sasoian, itsaski ederrak izaten dira Europako kostalde osoan. Surflari askok Landetara joateko ohitura handia du eta Angelu bezalako lekuak ahazten ditu, baina sasoi honetan jende gehiegi topatu gabe itzelezko olatuak hartu ahal izateko aukera bikaina da.
Euskal Herriko luzeena
Amodio Ganbera eta Barrako hondartzaren artean lau kilometro eta erdiko distantzia dago. Hondartza bakarra da, baina eremu eta urautsi asko ditu.
Ofizialki, hareatzen eta dike edo kai-mutur txikien artean dauden hondartzak honako hauek dira: Amodio Ganbera (Chambre d'amour), Klub, Marinella, Kortsarioen hondartza, Madraga, Urrezko hondartza, Dunak, Zaldunen hondartza eta Barrako hondartza. Bakoitzak bere aparkaleku eta ostalaritza zerbitzuak ditu. Aparkaleku handiak eta berdegune zabalak daude inguruan.
Urautsiak, ordea, hondartzak baino gehiago dira. Ofizialki, hamaika urautsi daude Angeluko hondartzan, eremu zehatzetan kokatuta, baina hondoan harea dagoela kontuan hartuta urautsi horien kokapena eta izaera etengabe alda daiteke, baita kalitatea ere.
Hala ere, eremu eta urautsi bakoitzak baditu bere berezitasunak eta, horien arabera, surflari bakoitzak batera edo bestera joateko ohitura izaten du. Hona hemen mendebaldetik ekialdera, Euskal Herriak Frantziarekin muga egiten duen azken hondartzan dauden urautsien izen eta berezitasunak.
Mendebaldea
Mendebaldetik hasita lehen hondartza Amodio Ganbera da. Euskarazko izena zinez itsusia da, frantsesetik egindako itzulpen literala delako. Chambre d'Amour izena Napoleon Bonapartek jarri zion bere emazteak hala eskatuta, erromantizismo garaian ospe handia izan zuen kondaira baten omenez.
Istorioak, hezurretaraino maiteminduak ziren bi gazteren afera kontatzen du. Ezkutukoak egitera sartu omen ziren hondartzaren mendebaldean eta Biarritzeko itsasargiaren azpian dauden San Martingo haitzuloetako batean. Itsasoak gorantz egitean haitzuloan atzeman omen zituen bi maitaleak eta han eman zuten amodiozko azken arnasa. Napoleon eta bere emaztea, Josephine de Bauharnais, ipuinak hunkituta bertaratu omen ziren Angelura, kondairaren agertokia zuzenean ezagutzera. Horrela jarri zioten izena Biarritz osteko lehen hondartzari, Chambre d'Amour.
Hondartza honetan Angeluko gainontzeko hondartzetan baino olatu txikiagoak izaten dira, babestuago baitago. Horrez gain, mendebaldeko haizeengatik ere babestua dago, Biarritzeko itsasargiaren azpian den hormari esker. Eremu batzuetan haitzak daude hondoan, baina orokorrean surflari hasiberri eta maila ertainekoentzat urautsi egokia da.
Hurrengo urautsiak Klub izena du, Angeluko Surf Elkarteak bere egoitza duen lekua baita. Bi dike txikiren artean mota guztietako olatuak izaten dira urtean zehar, baita tubo formako olatu borobilak ere, eta normalean itsasaldi guztietan surf egiteko aukera ematen du.
Jarraian, Urrezko hondartza dago (Sables D’Or), hau ere bi dikeren artean, baina kasu honetan itsasbeheran izaten dira olatu onenak; izan ere, itsasgoran olatuek hormaren kontra egiten dute eta erreboteak sortzen dira. Jende pilaketak izaten dira sarritan.
Marinella da hurrengo hondartza; honek bere izen euskalduna mantendu du, antza. Hau ere bi dikeren artean dago, baina aurreko bi hondartzak baino apur bat handiagoa da. Hemen ere jende andana pilatzen da, maila guztietako surflarientzako olatuak izaten baitira.
Kortsarioak hondartza dator jarraian (Plages Des Corsaires). Hau ere dike baten ostean hasten da, baina hemendik aurrera, Angelu ekialdean dauden hondartza gehienak oso luze eta zabalak dira, Landetako hondartzen oso antzekoak. Kortsarioen hondartzan bodyboard zale eta surflari adituentzako olatu onak izaten dira udazken eta neguan.
Ekialdea
Angelu ekialdeko hondartzetan itsaso gehiago sartzen da mendebaldean baino, olatuak handiagoak dira eta erdigunetik apur bat aldenduak egoteak eremu lasaiago ere bilakatzen ditu. Halere, olatuen kalitate ona dela-eta jende pilaketak ere izan daitezke urautsian. Maila handiko surflariak erraz topa daitezke bertako olatuetan, baina ez da hasiberrientzako eremu egokiena.
Kortsarioen hondartza eta Zaldizkoen hondartzaren artean urautsi eta eremu anitz dago. Madraga (Madrague) eta Madraga Txikiaren (Petite Madrague) parean mota guztietako olatuak izan daitezke, eta jende asko izan arren, lasai surf egiteko aukera eskaintzen du, eremu oso zabala baita.
Ekialderago Itsasokoa (Plage d’ Océan) eta Dunak (Plage des Dunes) daude. Hau ere eremu zinez zabala da, eta ez dago garbi hondartza bat zehazki non hasi eta bukatzen den; beraz, urautsien izaera ere oso antzekoa da. Angeluko eremu salbaiena dela esan daiteke, eta hori olatuen izaeran ere nabarmentzen da.
Azkenik, Aturri ibaia aitzin, Zaldunen hondartza (Plage Des Cavaliers) eta Barra (Plage de la Barre) daude. Zaldunen hondartzan mundu mailako txapelketa ugari egin ohi da eta maila handiko surflariak erraz topa daitezke bertako olatuetan entrenatzen edo itsasoaz gozatzen. Olatu garbiak eta mota guztietakoak eskaintzen ditu hondartza honek, baina egun onenetan izaten diren tubo ederrengatik da famatua batez ere.
Barrako hondartza gainerakoetatik apur bat bereizten dela esan daiteke. Ekialderantz jota, Euskal Herriko azken hondartza da. Bi dikek babesten dute Barra eta ondorioz itsaskien sarrera murritzagoa da. Gainerako hondartzetan olatuak handiegiak direnean surf egiteko aukera polita da, mota guztietako olatuak eskaintzen baititu, baina uraren kalitatea oso eskasa da, kutsadura handia dago.