12 OCT. 2015 Eskalada Alpeetako 7a graduko lehen bidea bakarka eta sokarik gabe Abuztuaren 26an, Hansjorg Auer-ek Dolomitetako «Mephisto» (300 m) egin zuen. Bestalde, Siberian hainbat bide zabaldu ditu. Andoni ARABAOLAZA «Denbora neraman barne indarrak nahiko nahasita. Zaila da azaltzea. Nire motibazioaren inguruan indar bat bultzatzen ari zen: egoismoa eta bakarrik egoteko gogoa. Hori guztia hazten ari zitzaidan barruan. Ezinezkoa zen sentimendu hori besteekin partekatzea. Nori esan behar diot? Nork konpreni dezake? Nori eskatu behar diot baimena nire xedea aurrera eraman ahal izateko? Nahiz eta erantzunik ez izan, galdera hauek nire pentsamenduak zein nire barne eztabaida astindu zituzten. Eta, jakina, nik neuk soilik konpon nezakeen». Hausnarketa hori zerabilen Hansjorg Auer austriarrak buruan bueltaka eta bueltaka. Jakina, abuztuaren 26an “Mephisto” bidea (7a, 300 m, Sass de la Crusc, Dolomitak) bakarka eta sokarik gabe igo zuen arte. Bakarkako integralean espezialista den protagonista honek lau urte zeraman eskalada estilo hori praktikatu gabe: «Denbora hori guztia neraman patxadaz xede bat aurkitu arte. Baina, azkenean, amets zahar bat egia bihurtu da, eta nire pasioa den bakarkako integralean beste kapitulu bat idatzi dut berriro». Lau urteren buruan, beraz, austriarrak estilo horretan bere “kartak” aurkeztu ditu. Eta horretarako “Mephisto” aukeratu zuen. Bide iraultzailea izan zen, eta lehen igoera Luggi Rieser eta Reinhard Schiestl austriarrena da. Hori bai, 1979. urtea zen. Garai hartako Austriako eskalatzaile indartsuenetarikoak ziren, eta horren isla da Alpeetako 7a graduko (UIAA 8) lehen marra hori igo ahal izateko bost ordu baino ez zituztela behar izan. Auer bera ere ahoa bete hotz geratu da: «Sokada horrek egin zuena sinestezina da. Hiru iltze soilik erabili zituzten, eta lasai asko esan dezaket ameslari hutsak izan zirela eta artelan bat sortu zutela. Bide hori era librean eskalatu, eta gainera garai hartako tresneriarekin... bada, uste dut oso eskalatzaile gutxiren esku zegoela». Bakarka integralean eskalatu aurretik, hiru egun lehenago hain zuzen ere, lerrootako protagonistak “Mephisto” kidearekin eskalatu zuen: «Baldintzak ez ziren onak, baina marra hori ezagutu behar nuen. Bidearen giltza ez zitzaidan erraza iruditu. Kontrakoa, zaila, arriskutsua eta konpromiso handikoa da». Ordubeteko eskalada Auer pronto zen “Mephisto”-ko bidaiari ekiteko, eta, esan duenez, Mathias Nossig kideari eman zion horren berri: «Mathiasek nire egonezina sentitu zuen. Nire xedeari buruz hitz egin nion. Solastatzen ari ginen bitartean, ez zidan begietara begiratzen, baina prest zegoen (eta nahi zuen) bidearen sarrerara laguntzeko eta, eskalatu ondoren, gailurrean itxaroteko. Mathiasek ulertu ninduen, bere babesa eman zidan eta hori zen nire buruhausteek behar zuten azken pieza. Prest nengoen. Bidearen sarreran agurtu genuen elkar. Erabat pozarren nengoen puntu honetara heldu nintzelako. Ordubeteko eskalada intentsoa izan zen. Azken tximiniatik korrika pasatu eta tontorrera heldu nintzen. Oihukatu eta Mathiasi bostekoa eman nion. Une zehatz horretatik geratzen den bakarra da. Nire helburuak egiteko estilo azkarra zein arina gustuko dut, eta, bide batez, esfortzu handia eskatzen ez duena. “Mephisto”-rekin berriro bakarkako integralera itzuli naiz; amets zahar bat bete dut bederen. Diziplina hau nire filosofiatik gertuen dagoena da». Estilo horretan Auerrek ez ditu bere xedeak egun batzuetan sokarekin probatzen; bidearen giltza soilik memorizatzen du: «Bidean saioak egingo banitu, helburuak duen lilura apurtuko nuke. Pausoak memorizatzen ona naiz. Adibidez, giltza horretan nire bikotekideak zailtasunak izan zituen. Mugimendu horiek lantzeko denbora behar zuen. Nik, bederen, sentsazio perfektuak ditut, baita irudimena ere bide horiek bakarka eta sokarik gabe igotzeko». Austriarrak, bestalde, onartu du Siberian eginiko espedizioaren ondoren, nolabaiteko presioa sentitu zuela: «Uste dut zer edo zer aldatu egin zela, eta bakarkako estilo horretan zentratu nintzen. Bide egokiena eta behin marra hori nirekin eskalatu behar zuen kide bat soilik bilatu behar nuen. Estilo horretan eskalatu dudan beste bide batzuekin alderatuta (adibidez, Dolomitetako “Fish route”), “Mephisto” ez da hain luze eta teknikoki zaila. Luze gogor bakar bat du. 30 metro luze da, eta hiru sekzio ditu. Hasteko, plaka batean dinamiko bat duzu, baina, hori bai, helduleku on batera heltzen zara. Ondoren, pixka bat jaitsi eta pauso delikatu bat duzu artesi horizontal bat iristeko. Eta amaieran, zuzen zoaz bilerara iritsi aurretik. Pozarren nago estilo hau oraindik gauza pertsonal bat bezala ikusten dudalako. Zintzotasun osoz jardun dut; dena perfektu zegoenean soilik eskalatu dudalako. Estilo honek arrisku handia du, baina ez naiz errusiar erruletan jokatzen ari». Siberiako espedizioa Aipatu dugun bezala, “Mephisto”-ko eskalada egin baino lehen, eskalatzaile honek Siberiara espedizioa egin zuen. Austriarrarekin batera Jacopo Larcher, Sieve Vanhee eta Iker eta Eneko Pou anaiek jardun zuten. Eskalatzaileok, guztira, zortzi bide berri zabaldu zituzten. Hori bai, bi taldetan banatu ziren, eta talde bakoitzak launa proposamen berri sortu zituen. Larcher, Vanhee eta Auerrek, adibidez, honako lau marra hauek ireki zituzten: “Wake up in Siberia” (6b, 240 m), “Red Corner” (7c+, 450 m), “Sketchy Django” (6a+, 400 m) eta “From Zero to Hero” (7a, 490 m). Bide horiek guztiak “The General”, “Commander” eta “The Monk” izeneko paretetan egin zituzten. Pou anaien proposamenak, berriz, honakoak dira: “Aupa” (6c, 300 m), “Mosquito Rock Tour” (7a+, 450 m), “Into the Wild” (7a, 425 m) eta “The Two Parrots” (7a, 320 m). Marra hauek “The General” eta “Commander” gailurretara iristen dira. Hirukoteak bezala, gasteiztarrek ere behetik zabaldu, era askean igo eta saio bakar batean eskalatu zituzten. «MEPHISTO» Hansjorg Auer austriarrak Dolomitetako Sass de la Crusc-en dagoen bidea bakarka eta sokarik gabe eskalatu du. ORDUBETE Auerrek joan den abuztuaren 26an igo zuen marra Alpeetako lehen 7a da. Austriarrak dioenez, ordubeteko eskalada intentsoa izan zen. GILTZA Hiru egun lehenago, bere bikotekidearekin bidearen luze gogorrena eta arriskutsuena aztertzeko eskalatu zuen. SIBERIA Dolomitetako marra hori bakarka integralean eskalatu aurretik, Auer Siberian izan zen. Guztira, lau bide zabaldu zituen. Aipatzekoa da «Red Corner» (7c+, 450 m).