19 OCT. 2015 KARAKORUM Link Sar mendiko gailur nagusiak igoerarik gabe jarraitzen du Andy Houseman eta Jonathan Griffith britainiarrek Charakusako haraneko Link Sar mendiko mendebaldeko gailurraren (6.938 m) lehen igoera lortu dute «Fever pitch» bidetik. Griffithek laugarren bidaia zuen, eta oraindik ez du tontor nagusia (7.041 m) eskuratu. Andoni ARABAOLAZA Jonathan Griffithek Link Sar mendiaren gailur nagusiarekin (7.041 m) harreman berezia du oso. Karakorumeko Charakusa haranean dagoen zazpimilako horren lehen igoera lortzeko lau saio egin ditu. Eta guztietan ala guztietan ez du lortu bere xede nagusia. Aurtengo udan, Andy Housemanekin batera aritu da, eta, bederen, mendiaren mendebaldeko tontorraren (6.938 m) lehen igoera lortu du. Betiere desnibelari dagokionez, baten batek esan dezake gertu izan zirela; izan ere, helburua poltsikoratzeko ehun metro baino gutxiagoren faltan geratu ziren. Baina kontuan hartu behar da, besteak beste, bi gailurrak lotzen dituen ertzak kilometro bat duela. Aipatu dugun bezala, Griffith berak Link Sar mendira lau bidaia egin ditu; guztiak, gainera, jarraian. Duela lau urte, Will Sim lagunarekin joan zen. Mendia esploratu ondoren, saio bat egin zuten, baina elurraren baldintzek atzera egitera behar zituen. 2013an, Housemanekin izan zen, baina, ekinaldi betean zirela, azken hori ondoezik jarri zen eta xedea bertan behera utzi zuten. Iaz, berriz, Kevin Mahoney sokakide izan zuen. Mendebaldeko aurpegia gainditu ondoren, alpinistok gailurretik 300 metrora geratu ziren; izan ere, ertzaren egoera oso arriskutsu zegon. Eta, azkenik, pasa den udaran, Griffith eta Housemanek berriro taldea osatu zuten elkarrekin. Aurreko urteko ekinaldiari esker, sokadak ibilbide zuzenagoa aukeratu zuen, eta, azkenean, mendebaldeko gailurrarekin egin zen. Sokada britainiar horren eskalada oso baldintzatuta egon zen, batez ere, Griffithen osasun arazoengatik. Bitxia bada ere, alpinista honek igoera osoa sukarrarekin egin zuen; hori dela eta, zabaldutako bideari “Fever pitch” deitu diote. Horrez gain, protagonistok adierazi dute eguraldi nahiko txukuna izan zutela, baina mendiaren baldintzak ez zeudela batere ondo. Sei egun Lehen urratsak uztailaren 12an egin zituzten. Kanpaleku nagusitik irten eta lehen arazoekin egin zuten topo: «Mendiaren oinarrira heltzeko komeriak izan genituen. Egundoko erronka izan zen, besteak beste, glaziarreko elurra oso bigun zegoen eta belaunetaraino sartzen ginen. Nahiz eta lan handia egin, errimaiara heltzeko ez genuen aukerarik izan. Hori biharamunean lortu genuen». Errimaiara (5.600 m) iritsi eta ipar-mendebaleko aurpegian eskalatzen hasi ziren. Soilik 500 metroko desnibela gainditu ostean, lehen kanpalekua atondu zuten: «Elur berri asko zegoen, eta aurrera segitzea oso arriskutsua zen. Horregatik eskalada eten genuen; uste dugu inoiz hartu dugun erabaki egokiena izan zela». Hurrengo eguna gogorra izan zen oso: hamazazpi orduko eskalada egin eta gero, aurpegi hori gainditu zuten. Han bertan bigarren bibaka (6.800 m) egin zuten: «Aurpegi hori ez da oso teknikoa. Hainbat sekzio misto gainditu genituen, baina ez ziren zailak (M4). Hori bai, izotz beltzari aurre egin behar izan genion. Horretaz gain, bero handia egin zuen eta bizkar-zakuen pisua nabaritu genuen. Leher eginda bukatu genuen!». Gau horretan Griffithen sukarra areagotu egin zen, eta atseden egun bat hartzea erabaki zuten. Uztailaren 17a izan zen gailur eguna: «Eguerdi aldera iritsi ginen. Geure asmoa tontor nagusira bitarte jarraitzea zen, baina kilometro bateko ertz nahasia, erlaitz askokoa, aurretik genuen. Gainera, janaririk gabe ere geratu ginen eta eguraldiak okerrera egin zuen. Arratsalde osoa atseden hartzen pasa genuen, batez ere jaitsiera hotzarekin egiteko asmoz; mendiaren baldintzak oso arriskutsuak ziren. Goizeko hiruretan hego aurpegiko couloir nagusitik jaisten hasi ginen. Igo gabe zegoen gailur bat igo dugulako jarduera arrakastatsua izan dela esan digute, baina tontor nagusia ez dugu lortu».