22 OCT. 2015 Innobasque Exchange: elkartu, trukatu eta aberastu «Jakintza elkartrukeak parekoa aberasten du, gu aberasteari utzi gabe». Ideia hori da Innobasque Exchange egitasmoaren funtsa. Berritzaileen beharrei erantzuteko sortua, lankidetzaren balioa eta erabilgarritasuna agerian utzi du, lortu diren zenbakiak oparoak direlako. Maider EIZMENDI Krisi garaiak marraztu zuen agertokiari erantzuteko helburuarekin sortu zen orain hiru urte Innobasque Exchange berrikuntza-jardunaldien ideia: «Innobasquera gerturatzen ziren enpresa bazkideek gauzak ezin zituztela beren kabuz egin esaten ziguten, lankidetza eskatzen zuten», aipatu du Marina Ruiz Innobasqueko Bazkideekiko Harremanetarako arduradunak. Eskatzen zutena ez zen soilik finantzazioa, hori ere bai, baina baita merkataritza arloko, prototipoak egiteko edota euren negozio eredua proban jartzeko erraztasunak. «Hori guztia bideratzeko bideak lantzen hasi ginen eta konturatu ginen lankidetza posible zela, horretarako metodologia egokia eta «konfiantzazko eremua» sortzeko gai baginen. Fruitua Innobasque Exchange jardunaldiak izan ziren, gaur egun urtean bitan egiten direnak. Ruizek azaldu duen moduan, bere sorreran bi oinarrizko helburu zituen ekimen honek: «Euskal Herrian egiten ari zen berrikuntza aktibitatea ezagutaraztea, asko eta ona zelako; eta, era berean, ekintzaileek eta kolaboratzaileek eskatzen ziguten lankidetza hori indartzea». Zenbaki oparoak Zenbaki oparoak izan ditu: orain artean egin diren zortzi edizioetan 78 proiektu aurkeztu dira eta 31 lankidetza-akordio lortu dira. Emaitzen ezaugarriak ere nabarmendu nahi izan ditu Innobasqueko ordezkariak eta aipatu du aurreikusitako emaitzak izan dituztela, baina baita «sorpresa atseginak» ere: «Uste genuen lankidetza akordio gehienak eremu berean aritzen ziren taldeen artean gertatuko zirela; baina gure harridurarako sektore desberdinetan aritzen diren pertsonen arteko elkartrukea ere gertatu da». Zentzu honetan nabarmendu du jardunaldietan gauzatzen den harremana ez dela, inondik inora, txartelen elkartrukera mugatzen, «jakintza elkarbanatzen dute, ideiak trukatzen dituzte, badakitelako modu horretan ideia horiekin aurrera egingo dutela eta ez direla bazterrean geratuko». Laneko filosofian izan diren aldaketak nabarmendu nahi izan ditu, zentzu honetan. «Une honetan ez da inoren buruan sartzen proiektu berritzaile bat gauzatzeko bakarrik aritzea: batetik, ez dugulako beharrezkoa den finantza muskulurik; eta bestetik, jakin badakigulako konpetentzia desberdinak dituen jendea izatea behar-beharrezkoa dela». Merkatuari une oro begiratzea ere garrantzitsua da, sortzeko, probatzeko eta hobetzeko. «Berrikuntzan ari direnek beti esaten dute huts egiten bada, azkar eta merke egin behar dela, berriz ere sortzen jarraitzeko. Horretarako, zalantzarik gabe, merkatuarekin kontaktuan egon behar da une oro, hari erantzuteko eta produktuak hobetzeko», dio. Krisiaren gorengo mailan sortu zen ekimenak behar-beharrezko izaten jarraitzen duela aipatu du Ruizek: «Ez dakit krisia atzean utzi dugula esateko moduan gauden, baina beste modu batera bizi dugula argi dago. Lehen krisiari gure kabuz erantzuten saiatzen ginen eta horretako produzitzeari eta berritzeari uzten genion; une honetan hori ez da inoren buruan sartzen, berritzeari eta merkatuan egoteari uzten badiogu, hiltzea beste biderik ez dugu; bizirauteko bidea lankidetza da». Horregatik, datorren martxoan egingo den edizio berrira gerturatzeko gonbita luzatzen die berrikuntza arloan sektore desberdinetan aritzen direnei Innobasqueko ordezkariak, gogoraraziz, «jakintza elkartrukeak bestea aberasten duela, gu aberasteari utzi gabe». ATELEI: Urrutitik kudeatzeko Sarbide eta kontrolerako gailuak Innobasque Exchange jardunaldietan aurkeztu zuen Atelei enpresak bere proiektua. Kontrol eta sarbide sistemetan espezializatutako ingeniaritza enpresak alor honetan aplikatzeko sistema berri bat garatu du. Modulu guztiak haririk gabe komunikatzea eta guztiak urrutitik eta lainoan dagoen aplikazio bati esker kudeatzeko aukera dira beraien proposamenaren bereizgarriak. Sortzen dituzten gailuei dagokienez, Ivan Piquer enpresako arduradunak azaldu duen moduan, hiru arlo nagusitan bereizten dira: «Sarritan hoteletako ateetan ikusi ohi ditugun sarraila elektronikoak; hormako irakurgailuak, kaxa elektrikoetan instalatzen direnak eta aurretik pasatutako txartela irakurtzen dutenak; eta kontrolagailuak, kanpoko sistemetan –aire girotua, argiak...– eragiteko aukera ematen dutenak». Atelei-ren dispositibo guztiak elkarren artean erlazionatu dituzte, «eta modu horretan elkarren artean informazioa elkarbanatzeko» aukera eskaintzen dute eta modu bateratuan kudeatzeko. «Azken batean, banka elektronikoan erabiltzen den sistemaren antzekoa baliatzen dugu, erabiltzaileak bere kontuak edozein tokitatik kudeatzeko ahalmena eskaintzen dute; guk sarbide eta kontrol sistemetan aplikatu dugu ideia hori», azaldu du. Negozio modeloan ere egin dituzte berritasunak: «Gure dispositiboen erosleei lainoan plataforma bat eskainiko diegu horiek kudeatu ahal izateko. Softwarea doan eskaintzea bidezkoa dela uste dugu», aipatu du. Instalazio hauek batez ere sartu-irten asko dauden instalazioetan erabiltzen direla aipatu du Piquerrek. «Sartu-irteneko informazio zentralizatua izateko eta urrutitik sarbidea emateko aukera emateko». Etxeetan ere aplikatu daiteke, «baina eremu honetan oraindik ere asko kostatzen da ‘segurtasunaren’ ideia aldatzea». HOBBIESPOT: Zaletasunen eta kokalekuaren arabera batutako komunitateak Pertsonak zaletasunen arabera batzea. Horixe da hitz gutxitan Hobbiespot proiektuaren funtsa, bere sortzaile Roberto Salcinesen hitzetan. Sortu duen plataformak, gainera, erabiltzaileak geolokalizatzeko aukera ematen du.Hala, interes berdinak dituzten pertsonak digitalki lotuak egoteko aukera ematen du, eta baita elkarren artean edukiak –dokumentuak, argazkiak...– elkarbanatzekoa ere. Hori bestelako aplikazioek ere eskaintzen dutela jakinik, pauso bat areago egin dute. «Bere magia komunitate hauek pertsonalki batzeko eskaintzen duen aukera da», azaldu du Salcinesek.Aurrez aurreko ekitaldi horiek hiru modutan gauzatzea aurreikusten dute Hobbiespoten. Batetik, zaletasun baten baitan eratutako komunitateko parte-hartzaile bakoitzak ekitaldi bat proposa dezake. «Bilkura hori edozein helbururekin eta edozein tokitan egin daiteke, baina gure helburua bada erabiltzaileei hobbiespot guneak eskaintzea», jakinarazi du, eta horretarako, gune desberdinekin hitzarmenak lortzen ari direla gaineratu.Bilkurak osatzeko beste modu bat marka desberdinek antolatzen dituzten ekitaldietara gonbidatzea da. «Guk ekitaldietarako audientzia eskain dezakegu, plataformari esker erabiltzaileen hobbiak ezagutzen ditugulako».Hirugarren bidea, aplikazioaren baitan dituzten datuak erabiliz eta marka komertzialen kolaborazioarekin hobbiespotek antolatzen dituen «industria edo multi-industria» ekitaldiak dira. «Adibidez, running ekitaldi bat antolatu dezakegu zaletasun horren baitan biltzen diren pertsonei bideratua; edo hainbat komunitate elkartu, zaletasun hainbat uztartuta», azaldu du. Azken batean, sortzen diren komunitateak mundu digitalera ez mugatzea bilatzen dute, «pertsonek aurrez aurreko esperientzia bereziak bizi ditzaten eta ondoren maila digitalean jarraitu».Plataforma datorren urriaren 30ean aurkeztuko dute BEC erakustazokan egingo den BIME Live festibalean. Ordutik aurrera, www. hobbiespot.com orriaren bidez aplikazioa mugikorrera deskargatzeko aukera izango da.