GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Arriak ez du galdu nahi mailaz igotzeko duen aukera

Errezildarrarekin batera, Alberdi, Kortxero, Saralegi eta Resano arituko dira.


Ikusmin handia piztu du gaur 18.30ean Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Hirugarren Mailako finalak. Hori irabazteko faborito nagusia Arria V.a da. Urte dezente eman ditu lehiaketetatik at, eta behetik hasi behar izan du berriro. Hemendik bi hilabetera Donato Larretxearen aurkako apustua jokatuko du, eta jende asko dago horren zain.

Errezildarra da, dudarik gabe, txapela janzteko faborito nagusia. Jokatu zen kanporaketako denborarik onena egin zuen, eta kontuan hartuta jadanik apustua prestatzen buru-belarri ari dela, berak ez irabaztea ezuste handia izango litzateke. Baina saria ez da aurrenekoarentzat bakarrik izango, bigarrenak ere datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela eskuratuko baitu, eta hori ere opari handia da. Bigarren postu horretarako faboritoa Julen Alberdi da. Bigarren multzoko onena izan zen kanporaketan, eta denek bera ikusten dute Arriaren atzetik. Etxean arituko da, azkoitiarra baita bera, eta jarraitzaile asko izango ditu gaur arratsaldean.

Besteak

Hori da adituek uste dutena, baina bi gipuzkoarrak ez dira bakarrik arituko final honetan, aipaturiko bi aizkolariez gain, Oier Kañamares, Eneko Saralegi, Iban Resano eta Eloy Kortxero ere bertan izango baitira. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.

Eloy Kortxerok berak ere oso itxura ona eman zuen kanporaketan, eta dezente estutu zuen Alberdi. Hala ere, lana orduan baino handiagoa ere bada, eta ikusi beharko da nola moldatzen den. Iban Resanok, berriz, eskarmentu handia du, final batean baino gehiagotan aritutakoa da eta badu mailaz igotzeko gogoa. Eneko Saralegi oso gaztea izan arren, eskarmentu handikoa da, aspaldian ari baita aizkoran. Guztietan berriena eta denetan gazteena Kañamares IV.a izango da. Nafarrak bere helburua beteta dauka finalean sartuta, eta galtzeko ezer ez duela joango da Azkoitira. Askoren ustez, azkena ez geratzeko borrokan ibiliko da, baina ezusteren bat emateko ere gai da. Lana ez da oso handia, eta horrelakoetan nerbioek ere zeresan handia izaten dute. Egur batean akatsen bat egiteak aurrean sartzeko aukera guztiak galtzea esan nahi du, eta alde hori ere oso kontuan hartu beharko da, erakustaldiak eta Euskal Herriko final bat ez baitira gauza bera, eta lasai plazaratzeak abantaila emango die aizkolariei.

Gainerakoan, saioa bera oso erakargarria izango da. Arriaren lana nolakoa izango den ikusi nahi du jendeak, baita gainerako gazteena ere. Alberdik ere jende asko erakarriko du. Arratsalde on bat pasatzeko aukera emango dute aizkolariek, duten guztia ematera plazaratuko baitira.