26 OCT. 2015 Surfa Moche Rip Curl Pro Portugal:Aukera berriak munduko itzulian Egunotan Portugalen egiten ari diren txapelketan aukera berriak sortu dira, izan ere, rankingeko lehen postuetan diren lehiakideak kaleratuta, titulu mundiala eskuratzeko hautagai berriak agertu dira. CT itzulia amaitzeko txapelketa baten faltan zirrara handituz doa. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Orain artean bederatzi txapelketa egin dituzte mutilen lehen mailako munduko itzulian eta bi txapelketa baino ez dira falta aurtengo zirkuitua amaitzeko, bata egunotan Portugalen egiten ari direna, eta, bestea, abenduan Pipelineko urautsi famatuan egingo dena. Hala ere, aurtengo titulu mundiala nork eskuratuko duen oraindik ere ez dago batere argi. Txandek aurrera egin ahala, gainera, aukerak bikoizten ari dira Portugalen. Jakin-mina handitzen doa, izan ere, hautagai posibleen zerrenda oso murritza izan arren, aukerak anitzak dira. Hori horrela, badirudi aurtengoan azken unean erabaki daitekeela munduko txapelduna nor izango den. Moche Rip Curl Pro Portugal Pasa den ostiralean hasi zuten Penicheko Supertubos hondartzan mutilen CT zirkuituko azken aurreko proba. Moche Rip Curl Pro Portugal txapelketa ospetsua egiten atzo arte jardun zuten, eta oraindik lehian dira kaleratu ez dituzten TOP 34 surflarietako batzuk. Ez dira olatu handiak izan egunotan, ezta Supertubosen izan ohi diren tubo borobilak ere, baina itsasoko baldintzak oso garbiak izan dira, haize gutxi izan baita. Horrenbestez, surflariek mota guztietako ariketak egin ahal izan dituzte. Atzo, laugarren errondako txandak egitera iritsi ziren eta ziur aski gaur bertan jarraituko dute txapelketarekin. Izan ere, datozen orduetan itsaski indartsu bat sartuko da Portugalen. Datozen egun eta orduetan ez da olatu faltarik izango Supertubosen, baina mendebaldeko haizea iragarri dute eguraldi agentziek; alegia, haize narrasa. Beraz, antolatzaileek haizeak olatuak ondoen orraztuko dituen unea hautatu beharko dute txapelketa baldintza onenetan egin eta ikuskizun hobea eskaintzeko. 2015eko txapeldun posibleak Sarri gertatu ohi den moduan, posible da zirkuitua amaitu aurretik lehiakide batek munduko titulua irabaztea. Portugalen egiten ari diren txapelketan ere hori gertatzeko aukera bazegoen. Izan ere, rankingeko buru Mick Fanningek Portugalgo txapelketa irabazi eta rankingean bigarren den Adriano de Souza lehen txandan kalera joan izan balitz, australiarrak titulua eskuratuko luke Hawaiin egiten den azken proba egiteko beharrik gabe, izan ere, inork gainditu ahal izango ez lukeen puntu kopurua eskuratuko luke. 2015eko itzulia amaitu aitzin titulu mundiala eskuratzeko Fanningek izan zezakeen aukera, ordea, atzo bertan zapuztu zen, hirugarren errondan kaleratu baitzuten. Australiarrari ranking orokorrean itzal egiten dion Adriano de Souza brasildarrak ere ez zuen lortu hirugarren txanda pasatzea. Gauzak honela, rankingean hirugarren eta laugarren postuan diren Owen Wright eta Julian Wilson australiarrentzat aukera paregabea izan zitekeen emaitza on bat lortu eta aurtengo titulua eskuratzeko lehiakideen zerrendan sartzeko, baina bi lehiakideok ere oso emaitza kaskarrak izan zituzten Portugalen eta hirugarren txandara iristerik ere ez zuten lortu. Beraz, rankingeko lehen postuetan ez da izango aldaketa handirik txapelketa honen ostean, baina bai gainontzeko postuetan. Mutilen munduko lehen mailako rankingean (CT) aldaketa esanguratsu bat emateko, hurrenez hurren bosgarren eta seigarren postuan diren Gabriel Medina edo Filipe Toledo brasildarrek irabazi beharko lukete txapelketa Portugalen. Hala eginez gero, 2015eko txapela eskuratzeko aukera izango lukete. Beraz, posible da aurten denboraldiko azken txapelketan titulua eskuratzeko aukera duten lehiakideen zerrenda zabala izatea, eta horrek ikuskizuna eta jakin-mina azken segundoraino luzatzea ekar dezake. Dudarik gabe zirraragarria izan daiteke aurtengo WSL zirkuituko amaiera, ez baita sarri izaten titulu mundiala azken unean erabakitzeko aukera; gehienetan aurrez lortzen du lehiakideren batek titulu mundiala. Guzti horri aurten brasildar eta australiarren artean sortu den norgehiagoka gehitzen bazaio, oraindik eta hunkigarriagoa bilakatzen da lehia. Beraz, lehen mailako lehiaketa bere onenean dagoela esan daiteke oraintxe bertan, asko baitira zabal daitezkeen ateak eta ez baitago batere argi irabazlea nor izango den. Women’s Championship Tour Nesken kasuan, orain artean bederatzi proba egin dituzte, beraz WCT (Women's Championship Tour) zirkuitua amaitzeko proba bakarra falta da. Azaroak 21ean hasiko da Hawaiin, Mauiko uhartean, aurten nesken titulu mundiala nork eskuratuko duen erabakiko duen txapelketa. Hossegorren egin zen txapelketaren ostean bi lehiakideren arteko norgehiagoka indartu egin da. Carissa Moore eta Courtney Conlogue lehiakideen artean dago norgehiagoka. Soilik bi lehiakideok dute 2015eko WCT titulu mundiala eskuratzeko aukera. Carissa Moore surflari hawaiiarra rankingeko lehendabiziko postuan dago egun, 59.500 punturekin. Bigarren postuan Courtney Conlogue estatubatuarra dago, 58.600 punturekin. Horrenbestez, nahiko parekatuta daudela esan daiteke. Bada munduko titulua eskuratzeko aukera duen beste lehiakide bat; 51.200 punturekin sailkapeneko hirugarrena den Sally Fitzgibbons australiarra. Hori bai, Fitzgibbonsek titulu mundiala eskuratzeko, azkeneko txapelketan Carissa lehen txandan kaleratu beharko lukete eta Fitzgibbonsek berak lehen postua eskuratu beharko luke. Beraz, posibilitate hori badago, baina aukera oso zaila da. MICK FANNING2015eko itzulia amaitu aitzin titulu mundiala eskuratzeko Mick Fanningek izan zezakeen aukera atzo bertan zapuztu zen. Izan ere, hirugarren txandan kaleratua izan zen. BESTE AUKERA BATGabriel Medina edo Filipe Toledo brasildarrek Portugalgo txapelketa irabazten badute, 2015eko titulu mundiala eskuratzeko aukera dutenen zerrendan sar daitezke.