28 OCT. 2015 Erremontea Larunbatean hasiko da Binakako Txapelketa Ezkurra osatu da bere lesiotik eta Endikarekin jokatuko du; Urrizak, faborito beti, Agirrezabalarekin. GARA Erremonteko Binakako Txapelketa, Buruz Burukoarekin batera urteko hitzordurik garrantzitsuena, larunbatean hasiko da Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Parte hartuko duten sei bikoteak hauexek dira: Urriza-Agirrezabala, Ezkurra II.a-Barrenetxea IV.a, Ezkurra-Endika, Etxeberria IV.a-Etxeberria III.a, Uterga-Olazar eta Matxin III.a-Ion. Finala, abenduaren 19an. Lehiaketak iazko molde bera erabiliko du. Lehen fasea ligaxka modura jokatuko da eta sei bikoak elkarren aurka neurtuko dira sailkapen bakarra osatuz: partida bakoitzaren irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 36-39 tantoren artean egiten dituen galtzaileak bi, 32-35 artean egiten dituenak bat, eta hortik behera geratzen denak bat ere ez. Ligaxkako azken bi sailkatuak kanpoan geratuko dira. Finalerdiak, berriz, bi partidatara erabakiko dira. Ligaxkako lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatu beharko du, eta bigarrenak hirugarrenaren kontra. Aurreneko norgehiagoka abenduaren 5ean izango da eta bigarrena 12an. Bikote bakoitzak garaipen bana eskuratuko balu, tanteoa hartuko litzateke kontuan. Finala, azkenik, neurketa bakarrera jokatuko da, abenduaren 19an, Galarretan. Txapeldunak bananduta Ziur dagoen gauza bakarra zera da, iazko bikote txapelduna ez dela errepikatuko. 2014ko irabazleak, Ezkurra-Ion, banandu egin ditu aurten Oriamendi enpresak. Koteto Ezkurra beteranoak Endika Urrutia saldiastarra izango du atzelari, eta Ion Etxeberriak Xuban Oiartzabal Matxin III.a aurrelari. Hain zuzen ere, Koteto Ezkurraren egoera fisikoa izan zen atzo, Orona enpresaren egoitzan egindako aurkezpenean, zeresana eman zuen gaietako bat. Doneztebeko txapeldun handiak min hartu zuen orain bi aste partida bat jokatzen ari zela, baina atzo jakinarazi zuenez, lesioa ez da larria eta prest egongo da lehiaketari ekiteko: «Azkenean ez dut hausturarik izan, distentsio bat baizik, eta jada askoz hobeto nago». Matxin III.ak, bestalde, Binakakoa berriz jokatzeko aukera izango du, orain lau urte Miguel Mari Urrutiarekin izandako esperientzia errepikatuz. Ez du kide txarra izango; izan ere, Ionek hiru txapel irabaziak ditu, azken biak segidan. Iaz kanpoan geratu ostean itzuliko den bestea Patxi Olazar atzelari nafarra izango da, Xanti Utergarekin bikotea osatuz. «Berriz jokatzeko aukera eman didate eta pozik nago, saiatuko naiz aukera hau behar bezala probesten», adierazi zuen doneztebearrak, Julen San Miguelek utzitako hutsunea betetzeko ardura hartuta. Faltako den bestea Patxi Zeberio izango da, aspaldian jokatu ezinik dabilena. Kontrakoa gertatzen da Javier Urrizarekin, azken urteotako izar nagusiarekin. Aurrelari iruindarra –lan kontuengatik ez zen aurkezpenean izan, beste bost pilotari bezalaxe– lesio larri batetik irten berria zen iazko txapelketan, eta Igor Agirrezabalarekin batera ezin izan zuen lehen ligaxkan lau onenen artean sartu. Urtebete beranduago, Urrizak bere mailarik onena berreskuratu du jada –baita Buruz Buruko txapela ere aurtengo udan–, eta berriz ere Agirrezabalarekin osatuko duen bikotea faboritoen artean sartu zuten denek atzo. «Oso bikote indartsua osatzen dute», aipatu zuen, esaterako, Endika Barrenetxeak. Badaki zerbait hernaniarrak, 2012an berak irabazi baitzuen txapela Urrizarekin batera jokatuz. OREKA Bikote orekatuak egiten saiatu da Oriamendi. Hala, biko bakoitzean txapeldun izandakoren bat badago behintzat: Ezkurra (1994, 1999, 2006 eta 2014), Ion (2011, 2013 eta 2014), Etxeberria III.a (2010), Barrenetxea IV.a (2012), Urriza (2007, 2008, 2010 eta 2012) eta Uterga (2013).