GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Olasagasti eta Atutxa otsailean neurtuko dira

Kirolari bakoitzak 14 kana-erdiko eta 6 oinbiko erdibitu beharko ditu.


Joxemari Olasagastik eta Aitzol Atutxak itxi dute apustua, eta iaz lortu ez zutena aurten lortu dute, eta datorren otsailean lehiatuko dira. Eguna zalantzan dute; izan ere, bizkaitarrak otsailaren 13an arratsaldez jokatu nahi du, eta gipuzkoarrak, otsailaren 14an eguerdiz, baina aurrerago erabakiko dute eguna, lekua erabakiko duten bezalaxe.

Lana erabaki dute, eta ez dute txikia izango; izan ere, bakoitzak 14 kana-erdiko eta 6 oinbiko moztu beharko ditu. Enbor txikiak Atutxak plazaratuko ditu, eta handiak, berriz, Olasagastik. Alde bakoitzak, 10.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Iaz ere batu ziren bi aizkolari hauek, baina orduan ez ziren ados jarri, baina oraingoan ez dute arazorik izan, nahiz eta hasieran bakoitzak bere proposamena ekarri zuen. Beraz, datozen hiru hilabetetan, ikusmin handia piztu duten apustuak jokatuko dira. Abenduan, Larretxea eta Arria V.a izango dira aurrez aurre, eta otsailean Atutxa II.a eta Olasagasti.

Nafarroako Txapelketa

Donezteben egun handia izango da gaur, eta 17.30ean hasita bertako pilotalekuan Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien finala jokatuko da, baita emakumezkoen binakako torneoa ere. Trontzan, Nafarroako Lehen Mailan jarraitzeko kanporaketa ere izango da bertan.

Nafarroako Bigarren Mailako finalean, Aitor Senosiain, Asier Pellejero, Eneko Saralegi, Goizeder Beltza eta Iban Resano neurtuko dira. Azken hau Manolo Kañamaresen ordez lehiatuko da. Ariztegikoak finalean izateko txartela eskuratu zuen, baina min hartuta dago, eta ezingo du Donezteben aritu. Bere ordez, kanporaketan seigarren sailkatu zen aizkolaria, Resano, arituko da. Aizkolari bakoitzak, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki beharko ditu. Senosiain II. a izango da txapela lortzeko faborito nagusia.

Nesketan, binakako torneoa jokatuko da, eta hiru bikote arituko dira lanean. Ontsalo eta Astondoa, Garcia eta Sorondo eta Ariztegi eta Izkue.

Azkenik, trontzan, Nafarroako Lehen Mailan jarraitzeko kanporaketa jokatu beharko dute, eta bertan Pikabea anaiak Berruezoren eta Oteizaren aurka lehiatuko dira. Bakoitzak, kana-erdikoa etzanda jarrita 14 epai eman beharko dizkio, eta 4 zutik jarrita. Saioa ikusteko sarrerak 15 euroan izango dira salgai.