14 NOV. 2015 Harri-jasotzea Albizuri Handia lehiaketa jokatuko da J.L. Aspaldian jokatu gabe zegoen, baina bihar berriro ere Amezketako Albizuri Handia harri-jasotze lehiaketa jokatuko da bertako Larrunarri pilotalekuan, 17.00etan hasita. Aimar Irigoien, Iban Ugartemendia, Urtzi Telleria, Jokin Eizmendi, Izeta IV.a eta Aimar Galarraga izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak. Bakoitzak hamar minutuko txanda bat izango du lanerako Amezketako “Albizuri Handia” harria historia handikoa da, antzinatik da ezaguna. 166 kilo pisatzen dituen harri baldar eta zail horietakoa da, eta zaleek asko maite duten lehiaketa da hau, nahiz eta tarteka bakarrik egiten den. Aimar Irigoien izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Errezildarrak 16 urterekin ere marka handia egin zuen harri honekin. Jokin Eizmendi izan daiteke errezildarra estutu dezakeena, zarauztarra ere ongi moldatzen baita harri baldarrekin. Ikusmin handia piztu da, eta harmailak betetzea espero dute antolatzaileek.