GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Ruben Saralegik eta Iker Vicentek egin dute aurrera

Leitzakoak eta Otsagabikoak Ugaitz Mugertza eta Joxemari Olasagasti hartu zituzten mendean.


Ruben Saralegik eta Iker Vicentek egin dute aurrera Urrezko Aizkolarien Kopan, Ugaitz Mugertza eta eta Joxemari Olasagasti mendean hartuta. Aurreneko saioa nahiko azkar erabaki zen, baina atzo Otsagabian ikusi zen norgehiagoka oso ederra izan zen.

Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza lehiatu ziren herenegun iluntzean Beteluko pilotalekuan. Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Saralegik aurreneko enborretik hartu zuen aurrea, eta horrelaxe jarraitu zuen saioan zehar. Apurka-apurka aldea ateratzen joan zen, eta lan erdietan ia minutu erdi pasako aldea zuen alde; izan ere, leitzarrak 8 minutu eta 34 segundoan burutu zituen bere eginbeharrak, eta mutrikuarrak, berriz, 9 minutu eta 10 segundoan.

Hortik aurrera Saralegi aldea zabaltzen joan zen, eta zortzigarren enborrerako minutu bat pasako aldea zuen. Hala, hamar kana-erdiko ebakitzen 21 minutu eta 26 segundo behar izan zituen Saralegik, eta 22 minutu eta 34 segundo, berriz, Mugertza II.ak.

Lehen neurketa

Atzo Otsagabian jokatu zen norgehiagokak ikusmin handia piztu zuen, izan ere, lehendabiziko aldiz lehiaketa ofizial batean neurtu baitziren Iker Vicente eta Joxemari Olasagasti. Batek 18 urte, eta besteak 55. Otsagabiko gazteak sekulako denboraldia darama aurten. Nafarroako Lehen Mailako txapela irabazi du, eta Euskal Herriko Bigarren Mailakoa ere bai.

Norgehiagoka bikaina izan zen. Azkenean gazteak eraman zuen kanporaketa, baina saioa ederra izan zen, eta bukaeran segundo gutxi batzuen aldea besterik ez zen egon. Aizkolari bakoitzak hamabi kana-erdiko ebaki behar izan zituen.

Vicente izan zen lehen kana-erdikoa botatzen azkarrena, sei segundo atera baitzizkion Olasagastiri. Hortik aurrera beti lehenengo joan zen Otsagabiko gaztea, nahiz eta ez zuen alde handirik lortu. Olasagasti saiatu zen saio osoan zehar Otsagabiko gazteari aurrea hartzen, eta une batzuetan lortuko zuela bazirudien ere, beti aurretik botatzen zuen Vicente II.ak.

Lan erdiak, 10 minutu eta 59 segundoan burutu zituen Olasagastik, eta 11 minutu eta 25 segundoan, berriz, Joxemari Olasagastik. Oraindik beste sei kana-erdiko geratzen ziren lanak amaitzeko, eta gipuzkoarrak bazuen horri buelta emateko tartea, baina ez zuen halakorik lortu. Hamaikagarren enborrean hamaika segundora gerturatu zen, baina azkeneko kana-erdikoan berriro ere ihes egin zion Vicentek. Otsagabikoak, lan guztiak 26 minutu eta 3 segundoan amaitu zituen, eta 26 minutu eta 26 segundoan, berriz, Olasagastik. Saioa ikustera gerturatu zen jendeak txalo artean agurtu zituen bi aizkolariak, oso kanporaketa ederra eta estua eskaini baitzuten.

Ostolatza eta Izeta IV.a, sailkatuta

Izeta IV.ak eta Joseba Ostolatzak egin dute aurrera Urrezko Harri-jasotzaileen Kopan, eta hurrengo fasean izango dira. Betelun, Zarauzko gazteak Aimar Galarraga hartu zuen mendean. Hasteko, 100 kiloko zilindro kopa erabili zuten minutu batean. 20 jasoaldi eman zizkion Izetak, eta 17, Galarragak. Ondoren, bakoitzak 100 kiloko koadroa erabili zuen bi minutuan, eta berriro ere Izeta izan zen onena. Berak, 17 jasoaldi lortu zituen, eta 13, Galarragak. Azkenik, bakoitzak 100 kiloko bola izan zuen lanerako; 18 jasoaldi lortu zituen Izetak, eta 17, Galarragak. Denera, Izetak 55 jasoaldi lortu zituen, eta 47, Galarragak.

Atzo, Otsagabian, Ostolatzak gauza bera egin zion Ariztegiri. Beteluko lan bera egin behar izan zuten. Kopari 17na jasoaldi eman zizkioten. Koadroari, Ostolatzak 17 jasoaldi eman zizkion, eta 16, Ariztegik, eta azkenik bolari 18 jasoaldi eman zizkion Ostolatzak, eta 15, Ariztegik. Guztira 52 jasoaldi lortu zituen Ostolatzak, eta 48, Ariztegik. J.L.