GARA Euskal Herriko egunkaria

Sormenak hormak gainditzen dituelako, 2015eko uzta aurkeztu du Ataramiñek

Besapean hiru liburu dituztela sartu dira Donostiako Haziak dendara Ataramiñeko kideak. Lehena, urtekaria, euskal errepresaliatu politikoen margolan, poesia, bertso, kronika zein bestelako idatziz osatutako koadernoa. Bigarrena, Mikel Orbegozoren «Ilargiraino!» komikia eta, azkena, Joseba Arregiren «Burdin elorri arantzetan... denbora jorratzen» margolan eta idatzi bilduma. Kanpotik barrurako eta barrutik kanporako bidea egiten duten lanak dira guztiak.


Zaila da urtero Ataramiñek egiten duen ahalegina deskribatzea; Ataramiñek, eta euskal preso politikoen senitarteko eta lagunek, horiek baitira hormen bestaldean daudenen sormenari ihesbidea emateko ezinbesteko konplizeak. Sorkuntza lau hormen arteko ihesbide paregabea dela esanez hasi zuten atzo, Donostiako Haziak herri dendan, aurtengo uztaren aurkezpena. Eta, hain zuzen, zentzu guztietan barrutik kanporako eta kanpotik barrurako bidea egiten duten hiru lan ekarri zituzten besapean: “Ataramiñe’15” koadernoa, Joseba Arregi Azpilleta-ren “Burdin elorri arantzetan… denbora jorratzen” eta Mikel Orbegozoren hirugarren komiki-liburua, “Ilargiraino!”.

Urtekaria da lehena, euskal presoek egindako margolan eta denetariko idatziak biltzen dituen koadernoa. Aurten, 19 sortzaileren kronikak, narrazioak, poesiak eta margoak dakartza, euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez, eta, elkarteko kide Oier Gonzalezen hitzetan, aurten emakumeen ahotsa inoiz baino indartsuago dator: «Espetxea egitura maskulinoa da, patriarkala, eta aurtengo alean emakumeen ahotsa indartsu ageri da, baita emakumeen erotika ere». Hitzaurrea Ekhiñe Izagirrek egin duela nabarmendu zuen eta, Itziar Plazarekin batera, olerkiak eta marrazkiak uztartuz burutu duten atala zein Itziar Modernoren iruditegia goraipatu zituen. Kontrazalera espetxe politikak aurtengo urtarrilean eraildako Josu Uribetxebarria ekarri dute, Ibon Muñoaren olerki baten bidez.

Nekane Basaurik, Arregiren bikotekideak, aurkeztu zuen “Burdin elorri arantzetan... denbora jorratzen”. Azaldu zuenez, euskal politikan gertatu diren aldaketak «itxaropenez» bizi izan dituzte eta, hala, kondenaren murrizketan pentsatuz Arregik azken hamarkadan egindako margolanen bilduma osatzea erabaki zuten. Hark espetxean 23 urte daramatzala eta mundu digitala arrotza egiten zaiola azaldu, eta bilduma ikusi zuenean «txundituta» geratu zela nabarmendu zuen Basaurik: «Hurrengo bisitara kolkoan 30 paper zituela atera zitzaidan, margolan bakoitzari idatzi bat egin ziola esanez», oroitu zuen, irribarrez.

Material hori landuta, Arregik munduaz duen ikuskera ematen du argitalpenean, aurretik “Kartzelako leihoak”-en egin bezala. «Izenburuak burdina eta naturaren arteko lotura egiten du; kartzelan daukate eta irudiok espetxetik at kokatzen dute», esan zuen Gonzalezek.

Mikel Orbegozo, bestalde, “Preso nago” eta “Preso nago 2” komiki-liburuetan hormaz barruko bizimoldea irudikatzetik begia murruen beste aldean finkatzera igaro da “Ilargiraino!” lan berrian. Bere ama, Marian Etxarri, izan zen liburuaren nondik norakoak azaldu zituena: «Beti presoei buruz idatzi du, eta orain bisitan goazenei buruz. Errespetua ematen zion lan honek eta maiz ordu biak arte egon da esna, lanean. Gu oso islatuak ikusten gara lan honetan». Izenburuarekin, bisitarien joan-etorriak eta distantziak gainditzen dituen maitasuna islatu nahi izan dituela ere gaineratu zuen: «Etxeratek azaldu zuen astero egiten ditugun kilometroekin ilargiraino iritsi gintezkeela. Eta badago Pirritx, Porrotx eta Marimotosen abesti ezagun bat, ‘ilargiraino eta buelta, maite zaitut’ esaten duena. Bi horiek uztartu nahi izan ditu».

Bestalde, elkarteko kide Mitxel Sarasketak lan hauek guztiek duten balioa goraipatu zuen: «Guk hartzen dugun ideia da presoak bizirik daudela. Lanotan sekulako adorea eta kemena adierazten dute eta kartzelatik daukaten bizitza ikuspegia erakusten digute».