30 NOV. 2015 HIMALAIA Sokada ukrainar batek Talungeko ipar zutoina zabaldu du Mikhail Fomin eta Nikita Balabanovek Nepal eta Indiaren artean dagoen zazpi milakoan «Daddy Magnum Foce» bide estetiko zein gogorra sortu dute. Sei eguneko lanean, 1.700 metro luze den eta M6, AI6 eta A3 zailtasunak dituen marra eskalatu dute. Dernière mise à jour : 30 NOV. 2015 - 06:17h Andoni ARABAOLAZA Ez dago zalantza izpirik: urteko jarduera alpino garrantzitsuenetarikoa da. Bai, Mikhail Fomin eta Nikita Balabanovek Talung mendian (7.439 m) eginiko jarduera goi mailakoa izan da. Sokada ukrainar horrek, azkenean, hainbat saio jaso dituen ipar-mendebaldeko zutoinaren korapiloa askatzea lortu berri du. Zehazki, urriaren 23an gertatu zen, sei eguneko lan dotorea egin eta gero. Protagonistok “Daddy Magnum Force” bidea sortu dute. 1.700 metro luze den marran 36 luze eskalatu zituzten, eta zailtasun tekniko gogorrak ditu: M6, AI6 eta A3. Errusiar eskalan 6B da, hots, eskala horretan zailtasun handiena. Hori da hitz gutxitan eskalada horren lerroburu nagusia; hain zuzen ere, sona handia ez duen zazpi milako batean idatzi dena. Talung mendia Nepal eta Indiako Sikkim estatuaren artean dago; Kanchenjungako mendilerrotik oso gertu. Mendiaren lehen igoera Franz Lindner austriarrak eta Tenzing Nanda nepaldarrak lortu zuten. Hori orain dela 51 urte izan zen. 1991. urtean, berriz, Marko Prezelj eta Andrej Stremfelj esloveniarrek bigarrena egin zuten ipar-mendebaldeko aurpegitik. Baina ipar-mendebaldeko zutoinak izan zuen lehen erasoa oso berandu iritsi zen: 2002. urtean. Eta ekinaldi garrantzitsuenetan txekiarrek protagonismoa izan dute. Batez ere, izen handia duen Marek Holecek-ek. Alpinista honek bi saio egin ditu (2004 eta 2013. urteetan), baina bietan ala bietan etxera esku hutsik itzuli zen. Izan dira beste eraso batzuk, besteak beste, britainiarrek zein italiarrek eginikoak. Jakina, ez da batere harritzekoa ipar zutoin horren atzetik jardutea; izan ere, Balabanovek dioen bezala, «agerikoa, estetikoa eta gogorra» da. Horri guztiari Fominek honakoa gaineratu nahi izan dio: «Nikitak aipatutakoaz gain, esan behar dut Himalaiako urrutiko eremu batean dagoela, eta ipar zutoinak, gainera, historia luzea duela. Alpinista batek zer gehiago eska dezake?». Sokada ukrainarra da, beraz, amets hori egia bihurtu duena. Mendebaldeko alpinismoarentzat ez dira ezagunak, eta gazteak izan arren (Balabanovek 26 urte ditu), erakutsi dute mendi garaietan alpinismo tekniko eta gogorra egiteko gai direla. Iaz, adibidez, Viacheslav Polezhaiko kidearekin batera, Langshisa Ri mendiaren (6.412 m, Nepal) ipar-mendebaldeko aurpegian “Snow Queen” marra (ED, M5, AI4, 1. 500 m) zabaltzea lortu zuten. Hain zuzen ere, Fominek esan duenez, iazko espedizio horretan jasotako eskarmentua Talung mendian jarduteko pizgarria izan da: «Langshisa Ri mendian eginiko eskalada, eite guztietatik begiratuta, ona izan zen. Arin eta alpinoan eskalatu genuen, eta zailtasun teknikoak ere ez ziren batere errazak. Jakina, Talungekoa luzeagoa eta gogorragoa izan da, baina argi dugu iazko eskarmentuak asko lagundu digula». Talung mendiaren inguruko informazioa duela hiru urte izan zuten. Balabanovek dio lehen argazkia ikusi eta segituan haren sarean erori zirela: «Espedizio britainiar batek eginiko saioaren berri izan nuen. Argazkian argi ikusten da oso agerikoa den marra estetikoa eta gogorra dela. Hori guztia da atsegin duguna. Ondoren, txekiarren zein italiarren ekinaldien informazioa jaso nuen, eta aurten erabaki genuen gure txanda izango zela. Guk dena eman dugu, eta sari hori eskuratu dugu». Sei egun Oro har, bi ukrainarrak ados dira honakoa baieztatzean: ipar zutoinean zabaldutako bidea ederra baino ederragoa da. Gainera, Fominek dio segurua dela: «Izaera horretako eskalada alpino handi bat egiten dugunean, saiatzen gara arrisku objektibo guztiak neurrikoak izan daitezen. Irakurri genituen informazio guztiek zioten eskalatu behar genuen granitoa nahiko sendoa zela eta izotzaren baldintzak egokiak zirela. Onartu behar dut iazko espedizioan aurkitu genituen baldintzekin alderatuta, Talungekoak askoz ere egokiagoak zirela. Eta neurri batean, segurtasun horri esker, oso gustura jardun genuen. Eskalada osoa oso freskoa eta interesgarria da, eta zailtasun tekniko handiak baditu ere, ez genituen une tentsoak bizi. Behin marra hori eskalatuta, hau ondorioztatu genuen: horrelako eskalada gutxirekin egingo dugu topo. Marra naturala da, eta segurua ere bai». Ukrainarrek 36 luze eskalatu zituzten, eta, oro har, lasai asko esan daiteke une oro zailtasun tekniko handiei egin behar izan zietela aurre. Balabanov “Daddy Magnum Force” bidean aurkitutakoaz mintzatu da: «Bidearen lehen zatiaren baldintzak ez ziren oso onak eta eremu horretan beldur pixka bat pasatu genuen. Zailtasunak nahiko gogorrak ziren. M5-M6 graduko diedro pila bat eskalatu genituen. Eta horiek guztiek pendiz handia zuten. Bestalde, lehen luzea eroria du eta A3 zailtasuneko pausoak gainditu behar dira. Izotza nahiko fina eta hauskorra zen. Beheko zati hori behin gaindituta, M4 graduko hainbat luze igo genituen. Eta, ondoren, M4 eta A3 zailtasuneko beste hainbat luze. Bigarren zati hau zailtasunean nahiko jarraia da; izan ere, M5-M6 graduko luzeak aurretik genituen. Pendiza ere oso tentea zen, eta elur-hautsa zen nagusi. Elurrezko ertzera iristeko maldetan ezinezkoa zen segurtatzea. Bestalde, 6.600 metroko garaieran goialdeko arrokazko sekzioa hasten da. Guztia, gainera, izotz finarekin, segurtatzeko leku egokirik gabe eta M4 inguruko zailtasunarekin. Zati hori 6.900 metrora amaitzen da. Amaiera aldean, eskalada askoz ere samurragoa da, elur askorekin eta arrokazko zein elurrezko ertz batekin». Fominek, bestalde, adierazi nahi izan du eskalatu berri duten bide berrian ez dagoela arrisku objektibo handirik: «Guretzat zailena ez da eskalada bera izan, baizik eta balizko istripu baten aurrean laguntzarik ezaren mamua. Era alpinoan eskalatu genuen, eta zutoin horretan bakar-bakarrik geunden. Horretaz guztiaz gain, bidean buelta emateko aukera oso txikia da; batez ere beheko zatian. Horren guztiaren aurrean, erabaki genuen segurtasun tarte handiarekin eskalatu behar genuela. Arrisku objektiboei dagokienez, esan behar dut beheko zatia (diedro asko daude) zein goian dagoen arrokazko sekzioa nahiko seguruak direla. Seracen zein elur oldeen arriskurik ez zegoen. Egon balira, argi dugu zutoin hori ez genuela eskalatuko. Kontrolatu ezin ditugun egoera horiek ez ditugu gustuko. Zailtasun teknikoei zein egindako lanari dagokienez, bai sokaburuarentzat bai bigarrenarentzat eskalada osoa erronka handia izan da». Fomin eta Balabanov urriaren 23an heldu ziren Talungeko tontorrera; arratsaldeko ordu bietan, hain zuzen ere. Lainotuta zegoen, baina hamar minutura haizeak laino horiek garbitu eta Jannuko eki aurpegiaren zein Kanchenjungako hego aurpegiaren ikuspegi ikusgarriak izan zituzten. Jaitsiera, berriz, mendebaldetik egin zuten. 6.700 metrora bibaka egin zuten, eta, mendian zazpi egun pasatu ondoren, biharamunean, kanpaleku nagusira iritsi ziren. GOGORRA Bide berriak «Daddy Magnum Force» du izena, eta hori eskalatzeko, sokada ukrainarrak sei egun behar izan zituen. Honako zailtasun teknikoak ditu: M6, AI6 eta A3. ESTETIKOA Protagonistek diote, eskalatutako zutoina oso agerikoa, estetikoa eta zaila dela. Bidea, oro har, nahiko segurua dela adierazi dute. UKRAINARRAK Mikhail Foim eta Nikita Balabanovek lehen aldiz eskalatu dute Talung mendiaren (7.349 m) ipar-mendebaldeko zutoina.