Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

Oahu eta Maui: Bi lehiaketa handi Hawaiiko irletan

Oahu uhartean dira Triple Crown itzuliko surflariak. Sunset Beacheko urautsi mitikoan ari dira lehian eta aste honetan amaituko da txapelketa. Nesken WCTzirkuitua ere amaitzear da, Maui uhartean ari dira lehian TOP 17ko lehiakideak.

Aurtengo Triple Crown itzuliko lehen txapelketa ezezagun batek irabazi du eta datozen egunetan itzuliko bigarren proba nork irabazten duen jakin ahal izango da. Haleiwako txapelketa amaitu da, Sunsetekoa abian da, eta abenduaren 8an Pipelinen hasiko den txapelketari begira ikusmina handituz doa, bertan amaituko baita 2015eko itzulia.

Ezezagun bat irabazle

Wade Carmichael 23 urteko australiarrak irabazi zuen pasa den astean Haleiwan amaitu zen Triple Crown itzuliko lehen txapelketa eta garaipen honi esker gainera QS rankingean 40 postu gora egin eta 13. postua eskuratu zuen, hortaz datorren urtean lehen mailan egoteko aukera parez pare ireki zitzaion orain arte inork gutxik ezagutzen zuen Carmichael gazteari.

Finalean, Carmichaelekin batera beste hiru lehiakide izan ziren, Filipe Toledo, Ezekiel Lau eta Dusty Payne. Toledo sekulako sasoian da, izan ere, CT rankingean bigarren postuan da brasildarra eta 2015eko titulu mundiala eskura dezake, baina horrekin nahikoa ez eta Triple Crown itzulia irabazteko ahalegin berezia ere egiten ari da.

Toledok ez zuen Haleiwan irabazi, ordea, 23 urteko gazte bizardun ezezagun batek garaitu zuen. Txapelketa osoan zehar olatuak txikiak izan ziren, metro ingurukoak, baina olatu garbiak ziren. Finala hasi bezain laster lehiakide bakoitza olatuak hartu eta ahalik eta etekin gehien ateratzen hasi zen.

Txandaren erdialdera ordea, itsasoa bare geratu zen, ez zen gehiago uhinik gerturatzen ostertzetik eta urduritasuna areagotzen hasi zen. Artean australiarra zen buru, eta kalitateko olaturik sartu ezean txapela beretzat izango zen. Dusty Payne eta Ezekiel Lau hawaiiarrak alde batetik bestera zebiltzan olatu baten bila, Toledo ere olatu txikiekin puntuak biltzen saiatu zen, baina txanda amaierako bozinak jo zuenean Carmichael zen bi olatu onenekin puntu gehien bilduta zituena eta beretzat izan zen Triple Crown itzuliko lehen txapela.

Oahu eta Maui

Bi txapelketa garrantzitsu ari dira egiten egunotan Hawaiin. Bata Triple Crown itzuliko bigarren txapelketa da, Oahuko uhartean egiten ari direna, eta bestea nesken WCT zirkuituko azken txapelketa da, Mauiko uhartean egiten ari direna.

Triple Crown itzuliko bigarren txapelketa Sunseteko urautsi famatuan egiten da. Eskuin olatu honek itsaski handiak har ditzake eta baldintza onekin sekulako ikuskizuna eskaintzen dute lehiakideek; beraz, ikusle askorentzat txapelketa kuttuna da.

QS mailan lehian ari diren surflarientzako aurtengo azken txapelketa garrantzitsuena da. 10.000 puntuko txapelketa da, hortaz lehiakideek urtea ahalik eta postu onenean amaitzeko esfortzu bikoitza egiten dute.

Bestalde, Triple Crowneko itzulia osatzen duten hiru txapelketetako bat da Sunset Beachekoa, eta lehiaketa honetan zein Haleiwakoan emaitza on bat lortuz gero Pipelineko txapelketan parte hartzeko gonbidapen wildcard bat irabaz daiteke. Nesken kasuan, berriz, hamar txapelketek osatzen dute aurtengo itzulia eta soilik txapelketa bakarra falta da 2015eko zirkuitua amaitu eta titulu mundiala nork eskuratuko duen jakiteko. Txapelketa hori egunotan ari dira egiten Mauiko uhartean, Honoluluko badian eta bertan erabakiko da aurtengo titulu mundiala Carissa Moore edo Courtney Conloguek eskuratzen duen.

Moore rankingeko lehen postuan dago 59.500 punturekin eta bigarren postuan Conlogue dago 58.600 punturekin. Bada munduko titulua eskuratzeko aukera duen beste lehiakide bat; 51.200 punturekin sailkapeneko hirugarrena den Sally Fitzgibbons. Hori bai, Fitzgibbonsek titulu mundiala eskuratzeko, azken txapelketan Carissa lehen txandan kaleratu beharko lukete eta Fitzgibbonsek berak lehen postua eskuratu beharko luke. Beraz, posibilitate hori badago, baina aukera oso zaila da.

Gauzak honela, mundu osoko surf zaleak Hawaiira begira daude egunotan. Han daude munduko lehiakide onenak eta han erabakiko da 2015eko munduko txapeldunak nortzuk izango diren. Txapelketak zuzenean ikus daitezke wen orri honetan: Worldsurfleague.com.