03 DéC. 2015 GUTUNAK Xabier Ioldi «in memoriam» JOXEMIEL AZURMENDI Xabierren laguna Azkenean gaitz larri batek ezkutatu hau gure artetik, Xabi. Gogor egin duk borroka oraingoan ere, betiko duintasunez saiatu haiz aurrera egiten, baina gaixotasun madarikatu horrek, orain arte izan duan etsairik krudelenak –eta zinez izan dituk etsai ankerrak!–, etsai horrek indarrak hustu eta, esan bezala, gure inguruetatik eraman hau. Gure inguruetatik diot, baina ez gure bihotzetatik, ez gure memorietatik. «Agur eta ohore» esan ohi duk honelakoetan. Ohore bai, ohore handia izan baituk hi ezagutu eta gure aldamenean edukitzea. Ohore, borrokariaz gain, laguna izan haugulako, beti «hor» egon haizelako, beti hurbil. Ohore, beti preso eta iheslarien alboan izan haizelako (horiek ere gogoan izango haute, hurbil izango haute). Ohorea, gurea, beraz. Agurra? Ez, agur ez. Ez diat agurrik esan nahi, «gero arte!» baizik. Aspaldian hasitako bide zail eta neketsu horretan hire beharra, hire indarra, hire kemena beharrezko izango baitiagu aurrera egiteko. Hik eta guztiok amestu eta amesten dugun helburu horretarantz aurrera egiteko behar haugu. Beraz, agurrik ez, ez horixe! Helburu hori buruan, gazte lotu hintzaion borrokari. Harrezkero, erbestea lehenik eta ondoren kartzela ezagutu hituen. Bidean lagun ugari galdu hituen arren, hik aurrera jo huen. Bidean erbestea ezagutu huen lehendabizi eta ondoren, kartzela. Kaleratu ostean ere kartzelaz kartzela ibili hintzen, anaiari eta arrebari babesa eta hire indarra eskaintzen. Beti aldamenean izan haute horiek ez ezik, gainerako preso eta borrokariak ere bai. Aldamenean ez ezik, gogoan ere izan haute. Eta hemendik aurrera ere, beste askok bezala, halaxe izango haute, beti gogoan. Guztiok izango haugu gogoan, Xabier.