05 DéC. 2015 Aizkora Faborito nagusia badator Urrezko Aizkolarien Kopako finalerdia jokatuko du gaur iluntzean, Ruben Saralegiren aurka. Jon LEUNDA Urrezko Aizkolarien Kopako finala irabazteko faborito nagusia, Aitzol Atutxa, gaur sartuko da lehiaketan, eta bere herrian egingo du, gainera. Irabazita finalean izango da, eta gaurkoa irabazteko faborito garbia ere izango da. Dimako pilotalekuan arituko da, eta aurrean, beste gazte bat, Ruben Saralegi, izango du. Leitzar gazteak jakin badaki gaurkoa ia ezinezkoa izango duela, baina galtzeko ere ez du ezer eramango, eta Euskal Herriko txapeldunak egun onik ez baldin badu, han agertuko da aurkaria menderatzeko asmoz. Lana ere ez da txikia, bakoitzak hamalau kana-erdiko ebaki beharko baititu. Urrezko Kopan ere lan bera izaten dute, eta hura erreferentziatzat hartuta, Atutxak irabazi zuela ikus daiteke. Urrezko Kopan Euskal Herriko Txapelketako bost onenak lehiatzen dira. Baina asteburu luze honetan jokatuko den bigarren kanporaketa ere oso erakargarria izango da. Asteartean, 12.00etan, Zeraingo pilotalekuan Iñaki Azurmendi eta Iker Vicente lehiatuko dira. Hauek ere hamalauna kana-erdiko ebaki beharko dituzte. Zaleak Vicente ikusteko gogoz daude. Nafarroako finalean Nazabali aurrea hartu zion, orain dela bi aste lehiaketa honetan bertan Olasagastiri irabazi zion, eta orain beste handi bat izango du aurrean, Azurmendi. Ikusiko da gipuzkoarra mendean hartzeko modua ere egiten duen, baina Otsagabikoa sasoi betean dator, sekulako abiadarekin. Alabaina, lehiaketa honek hiru finalista izango ditu; horrenbestez, beste finalerdi bat geratuko da jokatzeko, eta hori abenduaren 12an izango da Zizurkilgo pilotalekuan, hantxe neurtuko baitira Joseba Otaegi eta Juanjo Lopez. Hiru finalerdiak jokatu ostean, finala geratuko da jokatzeko, eta hori urteko azkeneko egunean izango da, jadanik tradizio bihurtu den Asteasuko jaialdian. Hantxe erabakiko da dena. Harri-jasotzea Urrezko Harri-jasotzaileen Kopan ere asteburu luze honetan kanporaketa bat jokatuko da; asteartean izango da, Zeraingo pilotalekuan, 12.00etan hasiko den jaialdian. Jokin Eizmendi eta Beñat Telleria arituko dira nor baino nor. Zarauztarra da faboritoa, txapela lortzeko ere faborito nagusietako bat baita. Telleria IV.a oraindik oso gaztea da, eta galtzeko ezer ez duela plazaratuko da. Harri-jasotzaile bakoitzak 100 kiloko zilindro koparekin aritzeko minutu bat izango du. Pisu bereko kubikoarekin jarduteko, berriz, bi minutu izango dituzte, baita 100eko bolarekin aritzeko ere.