14 DéC. 2015 ZIRIKAZAN Sena zaharra gara, donostia Ikaragarria da gizon askoren ahalegina benetan pentsatzen dutena jendaurrean ezkutatzeko, alegia, emakumeon eskakizunak gehiegizkoak direla, ahoa berdintasunez beteta gehiegikerian erortzen garela, alderdi guztiengatik kexatzearen kexatzeaz ez garela ohartzen zelan mespretxatzen eta zokoratzen ditugun gizonak. Saiakera egin arren, baina, erraz nabaritu ohi zaie, gaiari buruzko edozein solasalditan ezin izaten diotelako eutsi munduko «baina» guztiak mahai gainean jartzeari… ñabartzearren. Are ikaragarriagoa da jakitea gizon horietako bat Espainiako Gobernuko agintari gorena izan daitekeela, eta hortxe ditugun hauteskundeei begira gogoa sartu zaiola indarkeria matxistaren gainekoari buelta bat emateko –berdintasun-grinaren aroan originala izan nahian, beharbada–; ñabardurak beste baterako utzi eta kontzeptua bera iraultzea otu zaio, motzean. Egundokoa iritzi dio genero-bortizkeria familia edota etxe barnean gertatu ohi diren bestelako erasoen pare jartzeari, gizon batek emakumezko bikotekidea edo bikotekide ohia erasotzen duenean aplikatzen den trataera berezia baztertuta. Ifrentzu lasaigarria ere badu jendarte mailan dagoeneko barneratuta dugun borroka horretan atzera egiteko enegarren saiakerak: proposamenaren egileak –Rivera gazte eta bere buruaz seguru baino seguruagoak– ez du jaso inolako aldekotasunik; alderantziz, leku guztietatik altxatu zaizkio ahotsak ondo daudenei begiratu ere ez egiteko exijitzeko. Ciudadanoseko beti irribarretsuak azaldu behar izan du, serioxeago, esan nahi zuela indarkeria matxistaren egungo larrigarria kendu barik erasotzailea emakumezkoa denean ere aplikatzearen aldekoa dela. Harrapa zank! Adarjotze hori zuritzeko datuak ere izango ditu eskura, ziur, gizonezko zenbaitek buru-belarri ematen dutelako denbora emakumeek eraildako gizon bakanen datuen xerkan. Anekdotikoa izan liteke, herrialde baten etorkizuna gidatu nahi duen pertsona baten aldetik penagarria eta kezkagarria izateari utzi barik, ez balitz gizonengan oraindik errotuegi dirauen erresuminaren isletako bat, hau da, feministok (ez emakumeak oro har) haien gainetik egon nahi dugula, haiei kenduta geureganatu nahi ditugula indarra, burujabetasuna eta, finean, boterea; barnean, erdeinatu eta gorroto egiten ditugula. Asko dira eta edonon daude, eta badituzte beren taktikak berdintasuneranzko bidea nahasten eta zailtzen segitzeko, beren espeziearen hobe beharra babesteko sena zaharrari jarraiki.