19 DéC. 2015 Harri-jasotzea Irigoienen falta igarriko da Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga eta Iban Ugartemendia neurtuko dira harri handien finalean. Jon LEUNDA Aimar Irigoienen hutsunearekin jokatuko da bihar Asteasuko pilotalekuan Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Errezildarrak han izan behar zuen, baina zuntz-haustura bat izan du, eta ez da izango bihar 18.00etan hasiko den finalean. Ondorioz, Aimar Ugartemendia, Jokin Eizmendi eta Aimar Galarraga izango dira lehiatuko diren harri-jasotzaileak. Bakoitzak 175eko edo 200eko errektangularra erabili beharko du hasteko; jarraian, zilindroa. Errektangularra 200ekoa bada, 175ekoa izan beharko du beste harriak, edo alderantziz. Hirugarren harria 150 kiloko kubikoa izango dute, eta azkenik 125eko bola erabili beharko dute. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saioak izango ditu kirolari bakoitzak. Irigoien izango zen irabazteko faborito nagusia, baina bere faltan Eizmendi geratuko da txapela lortzeko hautagai nagusi. Pena da horrenbeste harri-jasotzaile izan eta lauk bakarrik izena ematea. Txinga Jaialdi berean, Euskal Herriko Txinga Txapelketa ere jokatuko da, bai nesketan bai mutiletan. Neskek 25 kiloko txingak esku banatan hartuta lehiatu beharko dute, eta ahalik eta metrorik gehien egitea izango da helburua. Garazi Arruti, Laura Perez eta Santa Sousa izango dira lehian arituko diren txingalariak. Azken hau izango da garaipena lortzeko faboritoa. Mutiletan, berriz, Kerman Perez de Heredia, Oskar Perez, Ousmane Dreame, Igor Landa eta Andoni Iruretagoiena izango dira lanean arituko direnak. Neskek baino txinga astunagoak erabili beharko dituzte, kasu honetan bakoitzak 50 kilokoak erabili beharko baititu esku bakoitzean. Gainerakoan, hemen ere ahalik eta metrorik gehien egitea izango da kirolarien helburu nagusia. Jaialdia, ordea, ez da hor amaituko, aizkolariekin eta harri-jasotzaileekin nahasitako lehiaketa misto bat ere jokatuko baita. Alde batetik, Mikel Lopetegi harri-jasotzailea eta Hodei Ezpeleta aizkolaria izango dira, eta, bestetik, Gorka Etxeberria harri-jasotzailea eta Iker Vicente aizkolaria. Lau kirolari oso gazte, denak 20 urtez azpikoak izango dira lanean. Denek ere maila handia dute; hauek bi txapelketa ofizialen arteko denbora beteko dute, eta seguru hauek ere ikuskizun aparta eskainiko dutela. Lopetegi eta Vicente jadanik emaitza handiak lortzen ari dira. ZUNTZ-HAUSTURAAimar Irigoienek ere izan behar zuen Asteasun jokatuko den Euskal Herriko finalean, baina zuntz-haustura bat izan du errezildarrak eta ezin izango du arratsaldeko norgehiagokan aritu.