23 DéC. 2015 Aizkora Aitzol Atutxak oso erraz eraman du Bizkaiko txapela Julen Mendieta sailkatu zen bigarren postuan, eta Aritz Irazabal, hirugarren. Jon LEUNDA Gaur egun Bizkaian Aitzol Atutxak gainerakoei alde handia kentzen die, eta hori argi eta garbi ikusi zen herenegun jokatu zen herrialdeko txapelketan. Berriro ere txapela buruan zuela amaitu zuen Euskal Herriko txapeldunak. Hasi aurretik ere garbi zegoen zerbait gertatu ezean berarentzat izango zela txapela, eta horrelaxe izan zen. Aitzol Atutxa jaun eta jabe izan zen, eta erabateko nagusitasunarekin lortu zuen garaipena. Emozioa hortik atzerakoan izan zen, hor aldeak ez baitira handiak. Jendeak bazituen Irazabalekin eta Larrea III.arekin itxaropenak, behetik gora datozen bi gazte baitira, baina bi hauen aurretik finaleko beteranoena eta behin baino gehiagotan txapela jantzitakoa den Julen Mendieta sartu zen. Berriro ere oso lan ona egin zuen, eta beretzat oso postu garrantzitsua izan zen. Bazekien lehenengoa ez zuela lortuko, eta bigarrena lortzeak garrantzi handia zeukan. Podiumean, Aritz Irazabal gazteak lagundu zien aipaturiko biei. Saiatu zen bigarren postu hori eskuratzen, baina beteranoaren eskarmentuak asko balio izaten du, eta hirugarren postu horrekin konformatu behar izan zuen. Julen Larrea izan zen laugarren amaitu zuena. Atzeko biei aldea kendu zien, eta aurrekoak harrapatu ez zituenez, laugarren postu horrekin konformatu behar izan zuen. Utxuk eskuratu zuen bosgarren postua, eta Alex Txikonek itxi zuen sailkapena. Parte hartzea bera ere ez da meritu makala, izan ere, mendiari begira pasatzen du urtea, tartea duen denbora laburrean aizkorako prestakuntza eramanez. Hala ere, lan txukuna egin zuen. Trontza Bizkaiko trontzalarien finala ere jokatu zen, eta garaipena Azpizek eta Zubizarretak eraman zuten. Guztira hiru bikote bakarrik lehiatu ziren, baina azken batean txapelketa jokatu ahal izan zen, horrek baitzuen garrantzia. Bigarren postuan Aitor Loiola eta Jon Loiola sailkatu ziren, eta Oier Aranak eta Ibai Aranak itxi zuten sailkapena. Honekin amaitu da aurtengo lehiaketen denboraldia, baina ezingo da ahaztu hilabete honetako azkeneko egunean Asteasun jokatuko dela Urrezko Aizkolarien eta Urrezko Harri-jasotzaileen finala, eta honekin aurtengoa bukatuta izango da. Ondoren, berehala hasiko da Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, eta baita Binakako Urrezko Aizkora ere. Denek atseden hartu gabe jarraituko dute.